Zeluloidezko leonerak

Zeluloidezko leonerak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zeluloidezko-leonerak/@@download/image/89p52leonera2.jpg
2008/10/03
erreportajea
Zeluloidezko leonerak
Urrian helduko da zine aretoetara Pablo Trapero zuzendariaren bosgarren luzemetraia, Leonera. emakumezkoentzako kartzela batean kokatutako pelikula honek begirada berria ekarri dio kartzelan kokatutako filmeen genero emankorrari. 

Pablo Trapero zuzendari argentinarraren bosgarren filmak harrera beroa izan zuen Cannes, Toronto, eta Limako zinemaldietan. Jaialdi horietako gehienetan sariak irabazi zituen, eta zine kritikari eta adituen txaloa jaso zuen. Hala ere, adituen txaloek deus gutxitarako balio dute, gero, ikusleek, pelikularen kontra egiten badute. Traperoren kasuan ez da halakorik gertatu: Uruguai, Peru, Txile eta Brasilgo ikusleek oso ondo hartu dute kartzela-drama hau. Hego Euskal Herrian hil honetan jakingo dugu erantzuna; Ipar Euskal Herrian, abendura arte itxaron beharko dute zine aretoetan ikusteko.

Bere aurreko lau luzemetraietan bezala, Traperok estilo errealistaz  kontatu ditu kontatu beharrekoak. Halaxe egin zuen Mundo grua (1999) eta El Bonaerese  (2002) film bikainetan, eta halaxe egin du, logika osoz, emakumezkoentzako kartzela batean sartzea erabaki duenean. Bestalde, Walter Salles (Diarios de motocicleta, Central do Brasil..) zuzendari brasildar ospetsua aritu da Leonera honen produkzioan, eta Salles ere estilo errealistako zuzendaria da. Laburbilduz: ez da kasualitatea pelikula hau Buenos Aireseko zenbait kartzelatan filmatu izana,  eta bertan ageri diren pertsonaia asko benetako presoak izatea.

Juliaren istorioa kontatzen du Leonerak: gizonezko baten hilketa leporatuta, Julia kartzelan sartuko dute, eta espetxeko pareten artean, ume batez erdituko da; egoera gordin horretan, harreman berezia sortuko da ama eta semearen artean. Martina Gusman aktoreak emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuen Toronto eta Limako zinemaldietan.

Kartzelak zeluloidean

Kartzelaren gaia maiz errepikatu da zinemaren historian. Hala, hamaika estilotako pelikulak egin dira Prison films generoaren barruan, baina zuzendari gutxi ausartu dira, Trapero bezala, benetako kartzeletan filmatu eta presoekin lan egiten. Ondoko orrialdeetan, zinema munduak eman dizkigun leonera batzuk bildu dizkizuegu, eta leonera horietan gertatutako zenbait gauza laburbildu... ez daude diren guztiak, baina dauden guztiak dira leonera. Orain, zuek egin aukera.

Kartzelero, kartzelero…



Espetxean aurrera egitekotan, gogor eutsi behar zaio. Batzuetan, presoa bera gaizto amorratua da eta besteek harengandik babestu beharra dute: adibidez, horra hor James Cagney White heat filmean (Raoul Walsh, 1949), edota American history X pelikulako (Tony Kaye, 1998) ahizpa sodomita giharsuak.

Gehienetan, dena den, funtzionario sadikoa izaten da arriskutsuena, Kojon Prieto y Los Huajalotes taldearen abesti ezagunak zioen bezala, kartzeleroak ez baitira pertsona txukunak izaten. Hona hemen zaindari ankerrez jositako zenbait film: I am a fugitive  from Chain Gang (Mervyn Leroy, 1932), Cool Hank Luke (Stuart Rosenberg, 1967), Papillon (Franklin J. Schaffer, 1973), Midnight express (Alan Parker, 1978)… Bihotz oneko salbuespenak? Bakar batzuk badira, Robert Redford Bubraker filmean (Stuart Rosenberg, 1967), edota Tom Hanks (The green mile, Frank Darabont,  1999)… baina Tom Hanks beti da ona, ezta?

Borreroak baditu milaka aurpegi



Oraindik ere, inor ez da ausartu Dead Kennedys musika taldearen Life sentence abestia moldatu, eta kartzela-film baterako soinu banda gisa erabiltzen. Eta aukera asko izan dira horretarako. Jello Biafrak konposatutalo kantu azkar hori heriotz zigorraz ari da, eta ezinhobe emango luke zenbait pelikula gogorretan.

Dead man walking (Tim Robbins, 1995) film ospetsuak, adibidez, AEBetan benetan gertatutako istorio bat baliatzen du heriotz zigorraz mintzatzeko: bi nerabe hiltzeagatik heriotz zigorrera kondenatu zuten Patrick Sommier-en kasua. Ez da heriotz zigorrari heltzen dion film bakarra, noski. Bere azken zatian, horixe bera egiten du Truman Capote idazlearen izen bereko nobelan oinarritutako In cold blood (Richard Brooks, 1967) bikainak. The green mile (Frank Darabont, 1999) arrakastatsuak ere gai horri heltzen dio. Hala ere, borrero  lanetarako, nor egokiago Lars Von Trier baino? Bera bakarrik ausartu zitekeen Börjk jendaurrean urkatzera (Dancer in the dark, 2000).  Borreroak...     

Ihes betea zilegi balitz



Ihesaldien generoak pelikula bikainak utzi dizkigu. Zerrenda luzea egin daiteke: I am a fugitive from Chain Gang (Mervyn Leroy, 1932), Cool Hank Luke (Stuart Rosenberg, 1967), Papillon (Franklin J. Schaffer, 1973), Down by law (Jim Jarmusch, 1986), The shawshank redemption (Frank Darabount, 1994)… hamaika film dira.

Hala ere, guk bi film aholkatu nahi dizkizuegu: Escape from Alcatraz (Don Siegel, 1979) eta Un condamné à mort s'est échappé ou le vent souffle où il veut (Robert Bresson, 1956). Lehenengoan, Clint Eastwood bikain ari da. Bigarrengoan, Robert Bresson zuzendariak modu pausatuan deskribatzen du ihesaldiaren prozesu guztia.

Ihesaldiei buruzko filmeen artean, aipamena merezi duen azpigenero bat ere badago: gerra garaiko kontzentrazio eremuetan kokatutako filmak. Denok gogoan ditugu Stalag 17 (Billy Wilder, 1953), The  great escape (John Sturges, 1963) eta Escape to Victory (John Huston, 1981). Eta noski, gurean ere izan dugu ihesaldirik, ETAko presoek 1976an egindakoa, adibidez (La fuga de Segovia, Imanol Uribe. 1981).  

Film politikoak



Kartzelak eta politika elkarrekin lotuta daude, hori horrela da mundu osoan, eta ederki frogatuta gaude Euskal Herrian. Horrexegatik, ez da harritzekoa kartzelan kokatutako film askok esanahi politikoa izatea. Brubaker pelikula ospetsua (Stuart Rosenberg, 1980) AEBtako kartzela sistemaren kritika argia da, adibidez.

Denboran aurrerago eginez, zer esan dezakegu In the name of the father (Jim Sheridan, 1993) film bikainaz? Sheridanek ederki deskribatu zuen Ipar Irlandako gatazka politikoa eta IRAko presoen mundua. Handik urte batzuetara, 1996an, Terry Georgek Some mother´s son indartsua zuzendu zuen, eta mundu osoko pantailetara eraman zuen 1981ean Bobby Sands eta IRAko beste preso batzuek egindako gose greba. Duela bi urte eskas, beste britainiar batek, Michel Wintterbotton ospetsuak, hamaika sari irabazi zituen munduko osoko zinemaldietan The Road to Guantanamo bikainarekin.   

Txoriak eta zinema



Lau pareta artean giltzapetuta, zer egin dezake presoak bere pentsamenduei hegan egiten uzteko? Minutuei nola aurre egin? Zinemak erantzunen bat edo beste eman dio galdera horri, eta kasu batzuetan, erantzun horiek benetako gertakarietan oinarrituta egon dira.Seguru asko, txori bihurtzea eta ziegako leihotik ihes egitea da preso guztien ametsa; baina tamalez, oraindik inork ez du harri filosofal hori asmatu.

Txoriez ari garela, Birdman of Alcatraz aipatu behar. John Frankenheimer zuzendariaren pelikulak benetan gertatutako istorioa kontatzen du: Robert Stroud izeneko presoari bizitza osorako espetxe zigorra ezarri zioten; behin batean,  txantxangorri bat sartu zen bere gelan, eta Stroudek maskota gisa hartu zuen. Urteak joan eta etorri, Stroud ornitologo ospetsua bihurtu zen. Bud Lancaster aktoreak ederki jokatu zuen Robert Prouden papera. Filma estreinatu eta urtebetera, 1963ko azaroaren 23an, Proud hil egin zen kartzelan.

Eta txoririk ez denean, nola hegan egin? Beste zerbaiti heldu behar, garai batean ikusitako pelikulei, esaterako! Horixe egiten dute, Kiss of the spider woman (Hector Babenco, 1985) pelikulako presoek: garai batean ikusitako pelikulez mintzatzen dira, zeluloidezko zirrikituak zabaldu eta zabaldu…  

New York espetxe erraldoi



Kartzela filmeen mundua arakatzen hasiz gero, erabateko harribitxiak topa ditzakegu han eta hemen. Izan ere, gaiak era guztietako adarrak izan ditu, eta sartu-irten ugari egin ditu genero askotan; westernean, adibidez. (S)explotation generoan ere, soka luzea dute espetxeetan kokatutako istorioek, emakumezkoak protagonista izan direnean, batez ere.

Musikalez ari garela, adibidez, esperientzia naif samarra da Elvis Presley kartzelan ikustea, tupea ederki orraztuta, beste preso batzuekin kantuan eta dantzan. Bada, horixe egin zuen Richard Thope zuzendariak Jailhouse rock (1957) ospetsuan, eta kartzelako dantza saio hori erabateko klasikoa bihurtu da Elvisen jarraitzaileentzat.

Zientzia fikzioaren barruan ere, harribitxi asko topa ditzakegu han eta hemen. Hala ere, guk horietako bat aholkatuko dizuegu: Escape from New York (John Carpenter,  1981). Pelikula horretan, New York kartzela erraldoi bihurtzen du Carpenterrek: presoek AEBtako presidentea bahitua dute bertan.