Korrikaren dokumentalean parte har dezakezu bideoa grabatuz
Mirokutana ekoiztetxea eta AEK-KORRIKA euskararen iragana, oraina eta etorkizuna ardatz izango dituen Jalgi Hadi dokumentala grabatzen ari dira. Iaz hasi ziren dokumentalarekin, crowdfunding-a egin zuten proiektua babesteko, eta 2027ko Zinemaldian aurkezteko asmoa dute.
Dokumental honetan herritarrek ere parte hartzea nahi dute, Korrikaren indarra eta emozioa zuzenean jasotzeko asmoz. Lasterketa bera grabatzeaz gain, herritarren gertuko irudiak eta testigantzak behar dituzte. Horretarako, bi ekimen jarri dituzte martxan. Alde batetik, "Korrika makila" eta, bestetik, bideo-testigantzak.
Zer da “Korrika makila”? Korrikako lekukoarekin batera, hainbat herritan kamera bat duen makila ere ibiliko da. Parte-hartzaileek eskuz esku pasatuko dute kamera, Korrikan bizi duten emozioa eta giroa grabatzeko.
Bideo-testigantzak grabatu eta bidaltzea da beste aukera. Kanal bat ireki dute, eta parte-hartzaileek bideo batean kontatu dezakete eurentzat euskara eta Korrika zer diren. Grabaketak Korrikan bertan edo nahi den unean egin daitezke, eta ondoren bidali.
Ander Iriarte zinemagilea da dokumentalaren zuzendaria. Aurrez Karpeta Urdinak eta Indarkeriaren Oi(h)artzunak filmak egin ditu ta orain Korrikaren dokumentalarekin dabil buru-belarri. Iriartek azaldu duenez, dokumentalak kontzientziak piztu eta euskararen aldeko konpromisoa indartu nahi du: “Helburua da hirugarren berpizkunde baten txinparta piztea, Euskal Herria herri bakar gisa ulertuta, hiru administrazioetako mugetatik harago”
