Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Haize hegoa, gau epela, planez-plan gozatzera! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-95/@@download/image/VAIVEN_erlauntza_saturatu-gabe_baja.jpg
2018/11/15
berria
Haize hegoa, gau epela, planez-plan gozatzera!
Ze plan astebururako?

GASTEIZ: Erlauntza

Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruan, Vaiven Produkzioen emanaldi eder honetaz gozatzeko aukera duzu ostegunean, hilak 15, 20:30ean, Félix Petite Antzokian.

Txikitako lagun kuadrilla bat asteburu pasa joango da landetxe batera beraietako baten ezkon aurreko agurra ospatzera. Urteak ordea ez dira alferrik pasatzen eta elkarren arteko lotura estua sentitu arren, ezer ez da garai batean bezala; edo bai...

Asteburu "eroa" izan behar zena, are gehiago erotuko da; trapu zaharrak, esan gabeko gauzak, esandakoak, alkohola, droga eta erlauntz bat. Esaten da erleak direla animalien erreinuan hobekien komunikatzen diren izakiak. Eta dantzan komunikatzen omen dira... Itziar Atienza, Aitziber GarmendiaSara CozarItziar UrretabizkaiaGetari Etxegarai eta Leire Ruiz dira lan honen protagonista, Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean.

DONOSTIA: Literaktum

Literaktum jaialdia jantzi berriz eta indarberrituta iritsi zaigu azaroaren 13tik 24ra. Literaturaren izen ezagunak ez dira faltako edizio honetan. Alde batetik, sorkuntza askatasunaren inguruko mehatxuei buruz mintzatuko dira Nacho Carretero kazetaria eta David Trueba idazlea Okendo kultur etxean, Carreteroren Fariña liburuak jasandako bahiketa ahantzi gabe. Donostian izango da, halaber, Laura Restrepo idazle kolonbiarra. Los divinos azken eleberria aurkeztuko du, Kolonbiaren erretratu gogorra jasotzen duena, 7 urteko neskatila baten bahiketa, bortxaketa eta hilketan oinarrituta. San Telmo museoan izango da hitzaldi interesgarri hau, Udaleko Lankidetza Bulegoarekin elkarlanean.

Bestalde, euskal idazleen udazkeneko uzta ezagutzeko aukera bikaina izango da jaialdian. Katixa Agirre idazleak Amek ez dute idazten eleberria aurkeztuko du, orain bi urte Agustin Zubikarai saria jaso ondoren. Amatasunaren eta arte-sorkuntzaren harremanaz gogoeta egingo du idazle gasteiztarrak, Eider Rodríguez elkarrizketatzaile duela. Solasaldia Elkar liburu-dendan izango da, Liburu Lurraldea atalaren barruan. Egitaraua osorik ikusi nahi? Egin klik: Literaktum 2018: egitaraua (pdf)

BILBO: Musik On

Azaroaren 15etik 18ra KULTURA LIVE elkarteko kideak diren aretoek MUSIK ON, Musika Aretoen Asteburua ospatuko dute. Aurreko edizioetan bezala zuzeneko musika areto profesionalek urtean zehar egiten duten lana nabarmendu nahi da proiektu honekin. Ferenc Nemeth Band, Endless Boogie, Butarock (Euphoric, Anónimos, Hyronika) Dorian, Kaydy Cain, El Gran Wyoming & Los Insolventes, Elefantes, The Hi-Risers, The Swingin’ Neckbrakers, Charlie Winston, Naya, Jabier Muguruza, Bilboloop’ 18 (Le Boom, Dama Scout, Cecilia Payne), Villagers, Taburete, Buffalo, American Band, Perfect World, Midnight Road, Liv Wallace eta Chamán ikusteko aukera duzu! Informazio gehiago nahi baduzu, egin klik hemen.

IRUÑEA: Bertsoaroa

Bertsoaroak zazpi ikuskizun proposatzen ditu Azaroaren 8tik 27ra gauzatuko den edizio honetarako. Zazpi hitzordu hilabete batean: punta-puntako bertsolarien jarduna, bertsolarien belaunaldi gazteen saioa, ikus-entzunezkoak, emanaldiak eta haurrendako antzerki-saio bat eskainiko dira.

Bi saio Kondestable Civivoxean egingo dira; bi, Gurutzeko plazako BHIko ekitaldi-aretoan; bi, Iturramako Civivoxean;eta azkena, Sanduzelaiko Civivoxean.

Onena? Programatutako ikuskizun guztiak doakoak izango dira! Hemen duzue informazio guztia: Bertsoaroa 2018: egitaraua (pdf)

DONOSTIA, BILBO eta IRUÑEA: Zinetika

Nazioarteko topaketa hau azaroaren 15etik 21era izango da Iruñean, Donostian eta Bilbon, zinea, masterclass-ak eta performanceak jasotzen dituen egitarauarekin. Zinetikak, mugimenduaren bidez adierazten den zinema ikusteko aukera ematen digu. Diziplina anitzeko jaialdi honetan dantza eta ikus-entzunezkoek topaguneak bilatzen dituzte sorkuntza hibridoa garatzeko. Publikoak arte berezi bat ezagutzeko bidea ere eskaintzen du, screendance izenekoa. Jarraian dituzue egitarauak.

 

AZPEITIA: Takoidun zapata gorria

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen barruan zita duzu ostegunean, hilak 15, udaletxeko ganbaran, 21:00etan. Bertan, Piszifaktoria taldeak Takoidun zapata gorria antzezlana eskainiko du. Galduko duzu?

 

  • Antzezleak: Haizea París, Jabi de la Ydalga, Igor Arzuaga, Mikel Ayllon
  • Gidoilaria eta narratzailea: Mikel Ayllon
  • Zuzendaria: Pablo Ibarluzea

BILBO: Ibai Marin

Ostiralean, hilak 16, 19:00etan, Bilboko Fnacen topatuko duzu Ibai Marin, bere lan berria aurkezten. GAZTEZULOn elkarrizketa egin genion; Bidean naiz izena du diskoak. Ez galdu!