Ibai Marin: "Bidaia bera garrantzitsua dela pentsatzen duten horietakoa naiz"
Zure bakarkako lehen lana kaleratzera zoaz; zergatik da berezia zuretzat disko hau?
Urteak dira proiektu hau buruan nuela, Hirarekin bost diskoa kaleratu eta 50 kantu baino gehiago konposatu eta gero, niretzako bakarrik izango ziren kantuak konposatzeko gogoa nuen. Esfortzu handia suposatu didan proiektua izan da, ilusio eta izerdi guzti honek proiektu hau berezi egin du.
Oso ezberdina izan al da aurretik Hira taldearekin egin duzun lana eta zure bakarkako debuta? Non sentitu zara erosoago?
Ibai Marin proiektuak ez du zerikusirik Hirarekin, bien arteko estiloak ezberdinak dira, eta musikalki ere aldaketa handia du nire bakarkako proiektuak. Hira eta Ibai Marinen lotura bakarra nire ahotsa da.
Bi proiektu oso ezberdin direnez, bietan sentitu izan naiz eroso, baina aitortzen dut bakarkako proiektu batek eskaintzen duen bertigoak deserosotasun puntu bat sortarazi didala. Dena den, kontzertuak egiten joan naizen heinean, plazer handia sentitzeko aukera izan dut eta proiektu hau erabat maitatzen ikasi dut.
Folkak, rockak eta heavyak azken urteetan nire ahotsean utzitako arrastoa ere nabaritu daiteke.
Zer nolako Ibai Marin topatuko dugu zure lan berri honetan? Nolako abestiak landu dituzu?
Berrituta sentitu naiz, eta gustura egindako lanarekin, baina egia da nire lekua aurkitzea kostatu zaidala. Lan autobiografikoa da kaleratzen dudana, bizitzako etapa batera iritsi naiz non ez dudan ezer ezkutatzeko beldurrik. Diskoko 8 kantuetan nire egia islatzen saiatu naiz. Bertan bai euskara eta bai gaztelera erabili ditut hitzak jorratzeko momentuan, eta folka, rocka eta heavyak azken urteetan nire ahotsean utzitako arrastoa ere nabaritu daiteke zenbait momentutan.
‘Bidean naiz’ izena du diskoak; ze bide hartu du Ibai Marinek?
Momentuz bakarkako bidea, nahiz eta zuzeneko askotan banda osoarekin joko dudan. Bidaia bera garrantzitsua dela pentsatzen duten horietakoa naiz, eta disko hau oraindik amaitu ez den bidai hunkigarria izaten ari da. Diskoa zuzenekoak lortzeko tresna dela uste dut, nire nahi bakarra horixe baita, oholtzetara igotzea.
Azaroak 2 kaleratuko duzu lana; urduri? Zer nolako harrera espero duzu?
Diskoa kaleratzeko urduritasunik ez dut, gogoa baizik. Oso ziur nago egindakoaz, eta gustura gelditu naiz emaitzarekin. Horrek ez du esan nahi diskoak nahi bezain beste funtzionatuko duenik, ez baitago nire esku. Singlea eta bideoklipa kaleratu berri ditugu eta harrera polita izan dutela pentsatzen dut, baina musikaren arrakasta konstantzian datza, eta lanerako prest eta gogotsu nago.
Nola bizi duzu egungo panorama musikala? Internet, musika entzuteko joera berriak…
Erromantiko hutsa kontsideratzen naiz, oraindik disko fisikoak erosten ditut, biniloen bigarren "boom" honek arnas pixka bat ematen digu gure belaunaldikoei. Hala ere argi dago internetek eta teknologia berriek erabat aldatu dutela musika industria. Lehen disko berrien kaleratzeak eta lehen singleak irratietan entzuten ziren, gaur egun Spotify eta antzeko plataformek eskaintzen dute hori. Garai bateko xarma galdu duela argi dago ezagutu duenarentzat, noski, baina abantailak ere ikusten dizkiot.
Dagoeneko hainbat kontzertu dituzu azaroan, eta abenduan Durangoko Azokan ikusiko zaitugu; zein da zure eszenatoki gogokoena?
Eszenatoki guztiak ditut gogoko. Zuzenekoen maitale sutsua naiz, berdin zait areto handi zein txikia, entzuleekin komunikazioa bilatzen baitut. Konexio horrek funtzionatzen duen bitartean, berdin zait 1.000 edo 5 pertsonen aurrean jotzea. Durangoko Ahotsenean egoteak ilusio handia egiten dit, euskal kulturagileen Meka delako. Baina Donostian, etxean jotzeak ere, xarma berezia badu, eta Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoa inguruan daukagun aretorik onenetarikoa dela uste dut.