Ze plan astebururako?

DONOSTIA: KORNER, KULTURA & FUTBOL FESTIBALA 2020
Kultura eta futbola berriro uztartuko dira otsailaren 9tik 15era Donostian izango den Korner, Kultura & Futbol Festibalaren hirugarren edizioan. Korner Ernest Lluch Kultur Etxeak bultzatutako proiektua da, Donostia Kulturak eta Real Sociedad Fundazioak batera antolatua, eta errege kirolaren eta hainbat diziplina artistikoren artean gero eta estuagoak diren harremanak aztertzen ditu.
GASTEIZ: BERTAKO FEST 2020
BERTAKO FEST: baratzatik gertuko arte eszenikoak. Hitzak berak esaten du, bertakoa, Baratzatik gertuko lanen zikloa da BERTAKO FEST.
EGITARAUA
Otsailak 14 | 20.00h
- FANNY GIRAUD CIE: Juntos. Diálogo de una soledad acompañada
Otsailak 15 Larunbata | 20:00
- DETRITUS TEATRO: Ovarios verdes fritos
Otsailak 16 Igandea | 19:00
- COLECTIVO EXTREMO: Gesto
- SUSANNE GRAU: Latencia
HERNANI: "SAREAK"
Arrantza nagusiki gizonezkoek egindako lana bada ere, emakumezkoak dira portuan sareak konpontzen dituztenak. Saregile horiei omen egin nahi die lan honek, sareen sinbologiari begiratuta. 'Sareak' lan honetan, porturaino eramango gaitu bost emakumeren indarrak, intimitate eta umorearen bitartez. Galdu ezineko zita ostegun honetan, hilak 13, 20:00etan, Biter Kultur Etxean.
BARAKALDO: 'GAUEKOAK'
Iluna jausi eta argiak amatatzen diren garai berean, arima batzuk piztu egiten dira. Idazten, kantatzen, dantzatzen duten pizti horiek dira, bizitza geratzen den garaian pizten direnak. Gauekoak dira. Pentsamendu eta gogoeta intimoenak biltzen dituen gauerokoa da ikuskizuna; ibilbide oso bati musika eta dantzaren bidez begirada bat eskainiko dion ikuskizuna. Isil-hizketa intimo, goxo eta pertsonala.
Fitxa
- Egilea: Jon Maya eta Mireia Gabilondo
- Koreografia: Jon Maya, Cesc Gelabert, Sharon Fridman, I. Galván
- Zuzendaritza: Mireia Gabilondo
- Antzezleak: Jon Maya, Izaro, Arkaitz Miner
Zita larunbatean izango da, otsailak 15, 20.30ean Barakaldoko Antzokian.
DONOSTIA: "ESNATU NAIZ"
Antzerki Sorkuntza Lehiaketaren aurtengo edizioko komedia finalista.
Elurrek Londresko The Pink Flamingo klubean egiten du lan. Dantzatzeaz eta kantatzeaz gain, bere showa izatea lortu du eta gauero jende asko joaten da bera ikustera. Harrigarria izan da Elurren eraldaketa. Izan ere, duela 10 urtera arte baserrian bizi zen bere familiarekin. Nola demontre lortu du baserritar euskaldun honek underground mugimenduko modako artista izatea Londresen? Zergatik da Beyonce guzti honen erruduna?
Esnatu Naiz antzerkia, dantza eta musika nahasten dituen showa da. Identitatea, giza-harremanak eta sexualitatea ditu hizpide, besteak beste. Zita ostiralean duzuen, hilak 14, 20:00etan, La Taberna-n (Karmengo Andra Maria, 45).
ELGOIBAR: "ENE BA!"
Gure protagonistak aita izan behar du lehen aldiz. Aitatasuna ospatze aldera, bere arreba eta koinatuaren etxean afalduko du, familiako beste lagun batekin batera. Ana, bere bikote eta ama-gaia, berandu iritsiko da afaritara.
Afaltzen hasi baino lehen, ama zain daudela, aitatasunak sortzen dituen poztasun eta aldarte onak izango dituzte hizpide, ume jaio-berriari jarri behar dioten izena aditzera emango duen arte. Egundoko kalapita sortuko du izen berak eta eztabaidaren suak bildutakoak erreko ditu, etxeko giroa erabat gaiztotu arte... Ene bada! Trumoi hotsak eta txinpartak, baina guztia umore ikuspegi batetik atonduta.
Asier Sota, Ane Gabarain, Mikel Laskurain, Joxe Krux Gurrutxaga eta Susana Soleto dira komedia barregarri honen protagonista, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean.
Emanaldia ostiralean izango da, hilak 14, 20:30ean Herriko Antzokian.
LLODIO: PHYSIS VERSUS NOMOS, ARRASTIAK FAKTORIAN ZIKLOAN
Arrastiak Faktorian zikloaren emanaldi berri bat programatu du Aiaraldea Ekintzen Faktoriak. Oraingo honetan Physis Versus Nomos taldea arituko da gurean, "Arraro nioenean" lanarekin. Emanaldia otsailaren 15ean izango da, larunbata, eta ohi bezala 20:00etan hasiko da, Faktorian (errotari kalea 4-8, Laudio).
Ohi bezala, afaltzeko tokiko elikagai eta edariak eskainiko dira (ardo, zuku eta garagardo artisauak).
Kontzertuaren sarrera 5 eurokoa izango da Faktoriako bazkide ez direnentzat, eta bazkideentzat aldiz, 3 eurokoa. Haurrek ez dute sarrerarik ordainduko, eta nola ez, ongi etorriak dira.
GASTEIZ: ZEA MAYS + SEGA SOUND KILLERS
Zea Mays talde bilbotarra plazaratu berri duten Atera diskoa aurkeztera dator Jimmy Jazz Aretora; galduko dituzu? Kontzertua larunbatean izango da, hilak 15, 22:00etan. Ondo pasa!