Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? 'Blue Monday'-ren aurkako antidoto onenak jarraian! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-1579770778.34/@@download/image/zeplan_home.jpg
2020/01/23
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

'Blue Monday'-ren aurkako antidoto onenak jarraian!
Ze plan astebururako?

AMURRIO: Izaki Gardenak + Xabi Bandini

Ostiralean, ondo pasatzeko aukera bikoitza topatuko duzu 22.30ean Amurrioko Burubio Kultur Etxean; bertan izango dira heuren lanak zuzenean aurkezten Izaki Gardenak eta Xabi Bandini. Galdu ezineko zita!

DONOSTIA: Chili Pepes

Ez, ez gara izenarekin nahastu. Ostiralean, Doka Antzokian, Red Hot Chilly Peppers rock talde mitikoari tributua egingo dion taldearen zuzeneko dibertigarriarekin gozatzeko aukera izango duzu, 20.30etik aurrera. 

ZARAUTZ: Gorpuztu

Gorpuztu dantza garaikide eta zuzeneko musika ikuskizun bat da, zeina askotariko erlijiotan une jakin batzuetan gorputza nola erabiltzen den behatu ostean sortu den.

Eva Guerrerok eta Garazi López de Armentiak zatitan banatu dute gorputza, askotariko erlijiotako ekintza fisikoak hartu dituzte, eta penitentzia, maitasuna, umiltasuna eta erlazionatutako bestelako kontzeptu batzuk hartu dituzte gorputzetik abiatuta ikerketa bat martxan jartzeko.

Ostiralean da zita, 20.30ean, Modelo Aretoan. Ez galdu!

ELORRIO: Zaldi Urdina

Aingeru, 17 urteko mutil gaztea, desagertu egin da, tekno jaialdi batean gazte bat bihotzekoak jota hil ondoren. Zaldi Urdina deitzen den droga berri batek eragin dio heriotza gazteari. Polizia Aingeruren bila dabil, "trapitxeroa" bera delakoan.
Amets, Aingeruren 22 urteko arreba errebeldea da, gaztetxe eta bizimodu osasuntsu zalea. Ikerketa bat hasiko du, Karmen amona eta Simon udaltzain traketsarekin batera.

Ez galdu Artedramaren antzezlan bikain hau ostiralean, 20:30ean, Arriola Antzokian.

IRUÑEA: Zea Mays

Zea Mays talde bilbotarrak 20 urtetik gora darama nortasunez beteriko rocka eskaintzen, Euskal Herriko ahots onenetarikoa den Aiora front-woman buru dutela.

Oraingoan, plazaratu berri duten Atera diskoa aurkeztera datoz baina kontzertuan ez dira azken hamarkadetako euskal soinu-bandaren parte diren hit-ak faltako. Larunbatean, denok Zentral Kafe Antzokira; kontzertua 22:30ean hasiko da!

 

ARRASATE: Gauekoak

Gauekoak proiektua Kukai konpainiaren alma mater den Jon Maya Sein dantzari eta koreografoaren hausnarketa pertsonal batetik sortutako lana. Lagun maite eta bereziak batu ditu proiektuan. Gainera, eta aurreko lanekin alderatuta, Maya dantzari gisa izango da agertokian ikuskizun honetan. Ikuskizuna larunbatean izango da, Amaia Antzokian.