Urrian estreinatuko dute 'Dragoi Bola Super: Beerus'

Urrian estreinatuko dute 'Dragoi Bola Super: Beerus' Duela hamarkada bat estreinatutako istorioaren bertsio hobetua izango da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/urrian-estreinatuko-dute-dragoi-bola-super-beerus/@@download/image/dragon ball super beerus.jpg
2026/09/17

Testua: Maitane Legarreta

Duela hamarkada bat estreinatutako istorioaren bertsio hobetua izango da.
Urrian estreinatuko dute 'Dragoi Bola Super: Beerus'

Dragon Ball Super: Beerus edo toki batzuetan Dragon Ball Super: Bills  izenez ere ezagutzen dena urrian iritsiko da pantailetara. 2015etik 2018ra bitartean emandako Dragon Ball Super animearen istorioa berreskuratzen du proiektu honek, baina ez da jarraipena, telesailaren bertsio hobetua baizik. Istorioa berreraiki, eszenak berriz marraztu eta mozketa berriak  egin dituzte.

Izan ere, bere garaian kritikak jaso zituen, animazioa eta erritmoa zela eta. Xehetasunak zuzendu eta bertsio berria aurkeztuko dute orain. Animazioa findu dute, borroketan garbiagoa eta xehetasun handiagokoa izan dadin. Bikoizketa ere aldatu dute, eta soinu efektuak eta soinu bandan ere hobekuntzak egin dituzte.

Istorio honetan Majin Buu garaitu ondoren, Goku lasai bizi da, bizitza normala egiten. Bills esnatu egingo da, ordea, luzaroan lozorroan egon ondoren. Lurrera joango da eta Gokurekin topo egingo du. 

Urriaren 11n estreinatuko da Japonian, telebistan. Aurrez, New Yorkeko Comic Con jaialdian ikusi ahal izango da, urriaren 8an. Amazon Prime Videon ere jarriko dute, urriaren 12tik aurrera. 

Bertsio hobetu honez gain, istorioaren jarraipena ere izango dela aurreratu dute, eta Dragon Ball Super: The Galactic Patrol izango du izena.