Ze plan astebururako?

EUSKAL HERRIA: San Tomas
Gabonetako zita garrantzitsuena larunbatean ospatuko dugu aurten; baserritar jantzia prest al duzue? Txistorra, taloa eta sagardoa barra-barra ibiliko dira asteburuan... ondo pasa!
HERNANI: Gauekoak
Gauekoak proiektua Kukai Dantza Konpainiaren alma mater den Jon Maya Sein dantzari eta koreografoaren hausnarketa pertsonal batetik sortutako lana. Lagun maite eta bereziak batu ditu proiektuan. Gainera, eta aurreko lanekin alderatuta, Maya dantzari gisa izango da agertokian ikuskizun honetan.
Hizkuntza artistikoen gurutzaketan eta sortzaile handien baturan (Arkaitz Miner, Mireia Gabilondo…) oinarritzen da proiektu berri hau, dantza, musika, abeste, ilustrazio, literatura eta abarri gauaren muinetik ekinez. Zeren eta gaua erori eta argi guztiak itzaltzen direnean, esnatu egiten dira arima batzuk.
Ez galdu ostegunean, hilak 19, 20:00etan, Biteri Kultur etxean!
- Ideia originala eta proiektuaren zuzendaritza: Jon Maya Sein
- Eszena-zuzendaritza: Mireia Gabilondo
- Dantzaria: Jon Maya Sein
- Musikaria (zuzenean): Arkaitz Miner
GASTEIZ: Mazoka
Gasteizko marrazki-azokak bost urte beteko ditu aurten, eta urte-amaiera paregabea prestatu du, marrazketaren, artearen eta aisialdi kulturalaren inguruko ospakizun eta jarduerez betea, herritar guztientzat.
Mazoka 2019ko abenduaren 20an, 21ean eta 22an izango da, eta Erdi Aroko hiriguneko hainbat eremu ikoniko eta historiko hartuko ditu.
ZARAUTZ: Laboa Jazz
Mikel Laboaren pieza ezagunak jazzera ekarriko ditu piano-jotzaile eta zuzendariak emanaldi honetan. Laboaren izena eta izana taula gainera eramango dute jazz doinuekin. Mikel Laboaren kantarik ederrenak entzun ahal izango ditugu bi emakumeren ahotsean. Ainara Ortega eta Maria Barasarte. Ostegunean izango da, hilak 19, Modelo Aretoan, 20:00etan.
Iñaki Salvador: pianoa, moldaketak, zuzendaritza musikala
Ainara Ortega eta Maria Berasarte: ahotsa
DONOSTIA: Ezten Giro
Santo Tomas eguna ospatzeko kontzertua eskainiko du Ezten Giro taldeak larunbatean hilak 21 18:00ean abiatuta Txofreko plazatik, festa giroa sortzeko asmoz. Ondo pasa!