EUSKARAZ ABESTU DUTEN ETA EUSKAL HERRIKOAK EZ DIREN PERTSONA EZAGUNAK

EUSKARAZ ABESTU DUTEN ETA EUSKAL HERRIKOAK EZ DIREN PERTSONA EZAGUNAK Euskal Herritik kanpoko pertsona ezagunak, musikariak batez ere, euskaraz kantuan entzun izan ditugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskaraz-abestu-duten-kanpotar-ezagunak/@@download/image/Blue and Yellow Playful Doodle Digital Brainstorm Presentation.png
2025/07/14

Testua: Maitane Legarreta

Euskal Herritik kanpoko pertsona ezagunak, musikariak batez ere, euskaraz kantuan entzun izan ditugu.
EUSKARAZ ABESTU DUTEN ETA EUSKAL HERRIKOAK EZ DIREN PERTSONA EZAGUNAK

Euskara hizkuntza gutxitua izanagatik, espero ez dugun toki eta pertsonengana iristen da maiz. Eta haiek espero ez dugun errespetua, miresmena eta maitasuna erakusten diote gure hizkuntzari.

Euskal Herritik kanpoko hainbat lagun entzun izan dugu euskaraz kantuan, eta hauek dira horietako batzuk.

MADONNA
Madonnak Kalakan taldea ezagutu zuen Iparraldera oporretan etorri zenean. Bere urtebetetzean jo zuten, Madonnari asko gustatu zitzaion hirukoteak egiten zuena, eta mundu biran parte hartzeko aukera eskaini zien. New Yorken workshop edo tailer artistikoa egin zuten, eta ondoren birarako Madonnaren zenbait kanturen moldaketak egin zituzten euskal kantu tradizional batzuekin uztarturik. Hain zuzen ere, horietako bat sarean zabaldu zen: Madonnaren Open heart eta Sagarro jo kantuen arteko fusioa. Madonna euskal kantu ezagunaren zati batzuk kantatzen entzun genuen bertan. Bira honetan 80 kontzertu baino gehiago eman zituzten Europan, Ipar eta Hego Amerikan eta Ekialde Ertainean.

ROZALEN
Rozalen gero eta sarriago ikusten dugu Euskal Herrian eta euskaraz kantatzen ere ausartu da. Olatz Salvadorren Ahots hari kantuan. Gaztea Kabian proiektuaren barruan Zea Mays taldearekin aritu zen konposatzen eta kantuan. Ez naiz ni izeneko abesti ederra sortu zuten guztien artean. Eta hau guztia gutxi balitz, 2022an kaleratutako Matriz diskoan gaztelaniaz, galegoz, katalanez eta euskaraz abestu zuen. Xalbadorren heriotzean kantua izan zen disko honetarako aukeratu zuena.

JUANES
Juanes kolonbiarra musikari ezaguna da, baina agian guztiok ez duzue jakingo euskal jatorria duenik aitaren aldetik. Juan Esteban Aristizabal da bera, aitona Abel Aristizabal zen eta herenaitona Lorenzo Aristizabal. Oiartzungoa omen zen aitaren aldeko familia.

Kepa Junkerak Kalea izeneko diskoa argitaratu zuen 2009an, eta bertan euskal musika tradizionaleko 24 kantu bildu zituen. Hamaika herrialdetako 82 artistak parte hartu zuten disko honetan eta horietako bat izan zen Juanes. Aldapeko kantua abestu zuen kolonbiarrak. 

JULIETA VENEGAS
Huntzaren Ezin ezer espero azken diskoak kantu eder asko ditu eta horietako bat da 17:21. Josune Arakistainek elkarrizketaren batean aipatu zuen kantu honen doinuak Venegas ekartzen ziola gogora eta hura irudikatzen zuela kantu honetan abesten. Ezezkoa bazutenez, saiatzea erabaki zuten eta mexikarrak proposamena onartu zuen. Letra Ekaitz Goikoetxeak idatzitakoa da, eta gaztelaniazko zatiaz gain, Venegas euskaraz abesten ere entzungo duzu: “Amodio, amodio, bihotzari lana buruak ematen dio”.

TIM MCILRATH
Berri Txarrak taldeak Denak ez du balio kantua sartu zuen 2003an plazaratutako Libre diskoan. Zuetako batzuek gogoan izango duzue diskoaren azal urdineko irudia: arrain handia arrain txikia ahoan duela. Energia handiko kantua da, gizartean ikusten dituzten hainbat miseria eta injustizia aipatzen dira eta barruko amorrua askatzeko aukera ematen du. Rise Against taldeko Tim McIlrathek ingelesezko zatia abesten du eta baita euskarazko leloa ere. Barrukoa indarrez askatu nahi baduzu, eman entzunaldia.

SILVIO RODRIGUEZ
Euskaldun askok jarraitu dugu Silvio Rodriguez musikari kubatarraren ibilbidea eta Euskal Herrian ere izan da kontzertuak ematen. Miresmen handia sortzen du euskal herritar batzuengan eta horietako bat da Jon Maia. Kantu berri bat gara diskoan Gorka Hermosaren doinu zoragarria eta Jon Maiaren letra duen Nostalgia kantua dago eta bertan kantatzeko gonbita egin zioten Rodriguezi. Hermosak konposatutako doinua asko gustatu omen zitzaion eta baiezkoa esan zuen. Eta nostalgiaz eta edertasunez betetako abesti hau geratu zaigu betiko.

JOAN BAEZ
Joan Baez musika eta ekintzaile estatubatuarrak musika ibilbide eta bizitza betea izan du, eta ziur asko, emakume askorekin gertatzen den moduan, ez du merezi besteko aitortzarik jaso. Aktibista politikoa izan da eta giza eskubideen eta hainbat komunitateren eskubideen alde egin du. Bilbon 1988n emandako kontzertu batean Joxean Artzeren hitzak eta Mikel Laboaren musika duen Txoria Txori kantua abestu zuen, eta hunkidura eta poz handia eragin zuen bertan zeudenen artean. Gerora ere jo izan du zuzenean.

THE KELLY FAMILY
Irlandar-estatubatuar jatorriko Kelly familia musika talde bat izan zen eta Kelly familiako kideek osatzen zuten. Europako hainbat herrialdetan ezagun egin ziren, eta batetik bestera bidaiatu zuten. Bederatzi anai-arreba dira eta familia Iruñean bizi izan zen. Musika taldeak euskarazko hainbat abesti kantatu zituen, tartean Haurtxo Polita eta Agur Jaunak.

BILL PETERSEN
Estatu Batuetako CSI: Crime Scene Investigation telesailak arrakasta handia izan zuen 2000.urtean ematen hasi zirenetik. Estatu Batuetako Las Vegas hirian girotua zegoen, eta ikerlari forense talde baten lanari buruzko telesaila zen. Telesail honetako protagonistetako bat izan zen Grissom pertsonaia gorpuzten zuen Bill Petersen aktorea. 2008ko Gabonetan ETBn eman zuten Petersenek euskaldunoi bidalitako mezua. Euskal Herrian bizi izan zen bolada batez, 1974tik 1975era, eta bere alaba ere berta jaio zen. Hitz batzuk euskaraz esan eta euskaraz abestu zuen.