Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Iraileko plan zoragarriei ekiteko prest? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-1566993065.13/@@download/image/zeplan_home.jpg
2019/08/29

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Iraileko plan zoragarriei ekiteko prest?
Ze plan astebururako?

ALTSASU: EZIN ZAILAGOA 2019 - NAFARROAKO ZIRKU JAIALDIA

Altsasu, Uharte, San Adrían, Tutera eta Vianako udalek antolatuta Ezin zailagoa! - Nafarroako XVIII. Zirku Jaialdia ospatuko da abuztuaren 28tik irailaren 1era. Aurreko urteen modura, hiru ikuskizun ikusi ahalko dira.

DONOSTIA: EUSKAL JAIAK

Aurtengo Euskal Jaiak abuztuaren 29tik irailaren 8ra ospatuko dira. Egun horietan euskal kirol ezagunenen lehiaketak eta erakustaldiak egiten dira. Euskal kulturarekin lotutako ekintzak dira. Besteak beste, Sagardo Eguna irailaren 7anizango da.

Donostiako estropadei dagokienez, berriz, sailkatze-estropada abuztuaren 29an jokatuko da eta bi jardunaldiak irailaren 1ean eta 8an.

BERNEDO: MAGIALDIARABA

MagialdiAraba hazi egin da bosgarren edizio honetan, eta, irailaren 1etik 15era, Arabako 15 herritara eramango ditu ilusioa eta magia. Tailerrak, animazioa eta mago profesionalen ikuskizunak antolatuko dira, euskaraz zein gaztelaniaz. Berritasun gisa, adinduei zuzendutako magia tailerrak egingo dira aurten. 

Herri bakoitzean, 18:00etatik aurrera, magia-tailerrak egingo dira euskaraz, 7 urtetik gorako harrentzat, baita animazioa ere, hurbileko magiaz, kalean bertan. Era berean, 20:00etan, magia ikuskizun bat egongo da, euskaraz edo gaztelaniaz, Hodei magoaren edo Tor magoaren eskutik.

BAIONA: "SOKA, EUSKAL DANTZAREN URRATSETAN"

Euskal kultur erakundeak ekoitzitako Soka erakusketa ibiltariak euskal dantza hobeki ezagutaraztea du helburu. Lau hizkuntzatan (euskara, frantsesa, gaztelania, ingelesa), 150 metro koadroko eremuan, 400 ilustrazio baino gehiago daude kontsultagarri bertan (argazki eta irudi bildumak, lekukotasunak, soinu zatiak...). Besteak beste Euskadiko Filmategiko altxor batzuk erakutsiak dira bai eta bertze artxibo arraro asko ere. Artxibo horiei gehitu behar zaizkie euskal dantzaren estetikaz edota alderdi sozialaz erakusketarako eginak izan diren bideo sorkuntzak. Ukipen-pantailak, formatu handiko telebistak eta kuadro numerikoak baliatuak dira edukien aberastasuna bisitarien esku uzteko.

Euskal kultur erakundeak ekoitzirik Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostia 2016 Fundazioarekin partaidetzan. Ibiltaritzaren partaideak: Bizkaiko Foru Aldundia eta Etxepare Institutua. 

Erakusketak 400 ilustrazio baino gehiago ditu (funts ikonografikoak, elkarrizketa zatiak, soinu zatiak eta artxibo irudiak), bai eta zazpi sortze-lan, jatorrizko bideoak eta argazki andana ere.

Sokak, 200 lekukotza baino gehiago ditu; batzuk, «Eleketa» programaren baitan bildutakoak eta euskal dantzari zein Ipar Euskal Herriko dantza-moldeei buruzkoak dira eta besteak, Euskadiko Filmategiak utzitako ikus-entzunezko artxiboetatik hautatutakoak dira, 1920. urtetik aurrerakoakdirelarik.

BILBO: BERTSO DERBIA

Ostiralean, hilak 30, Athleticek eta Realak derbia jokatuko dabe San Mamesen, eta 2012tik egiten den legez, Bertso Derbiak hartuko ditu partiduaren aurreko orduak. Normalean, aretoren baten egin izan da Bertso Derbia, baina, oraingo honetan, aire zabalean kantatuko dute talde baten eta bestearen aldeko bertsolariek.

Realaren partetik, Andoni Egaña, Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus egongo dira. Athleticen ordezkari, Jon Maia, Onintza Enbeita eta Xabi Paia. Amaia Agirrek jarritako gaiei erantzungo deutsie, nork bere taldearen alde eginaz.