Whatsappeko irudi guztiak mugikorrean ez deskargatzeko egin beharrekoa

Whatsappeko irudi guztiak mugikorrean ez deskargatzeko egin beharrekoa Telefonoko galeria Whatsappez jasotako irudiz josita baduzu, baduzu hori desaktibatzeko aukera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/whatsappeko-irudi-guztiak-mugikorrean-ez-deskargatzeko-egin-beharrekoa/@@download/image/pexels-plann-2999237-4549407.jpg
2026/10/06

Testua: Maitane Legarreta

Telefonoko galeria Whatsappez jasotako irudiz josita baduzu, baduzu hori desaktibatzeko aukera.
Whatsappeko irudi guztiak mugikorrean ez deskargatzeko egin beharrekoa

Egunero Whatsappa erabiltzeko joera dugunok eta bereziki talde asko ditugunok, irudi asko jasotzen ditugu txatetan. Horren ondorioz, mugikorra argazkiz eta garrantzirik gabeko irudiz betetzen zaigu. Ondoren, ezabatzeko lana izaten dugu gainera. Halakorik gertatzerik nahi ez baduzu, zer egin azalduko dizugu.

Multimedia fitxategien deskarga automatikoa desaktibatu behar duzu aplikazioaren ezarpenetatik. Mugikor motaren arabera, modua zertxobait ezberdina da. 

Android gailua baduzu, Whatsapp aplikazioa ireki eta goiko eskuineko izkinan dauden hiru puntuak sakatu. Ezarpenetara jo eta biltegiratzea eta datuak atalera jo. Hor "Multimediaren deskarga automatikoa" atala bilatu eta hiru aukera ikusiko dituzu: datu mugikorrak erabiltzean, Wi-Fi konexioarekin, eta ibiltaritza edo roaming. Bakoitza sakatu eta argazkiak atala markatu gabe utzi (nahi izanez gero, baita audioak, bideoak eta dokumentuak ere). Jarraian, sakatu ados edo ok. 

Iphone edo iOS gailuetan, antzeko prozedura da hasierakoa, baina multimedia deskarga automatikoa atalean "argazkiak" sakatu behar da. Ezarpena aldatu eta "inoiz ez" hautatu. Gauza bera egin dezakezu audio, bideo eta dokumentuentzat.

Behin hau eginda, irudi bat jasotzerakoan ez da automatiko gordeko, zuk deskargatu edo gorde ezean. Horrek lekua eta datuak aurrezten lagunduko dizu. 

Txaten araberakoa izatea 
Whatsappek aukera ematen du txat bakoitzaren ezarpenak banan-banan aldatzeko, argazkiak zure mugikorreko galerian gordeko diren ala ez erabakitzeko. 

Android gailuetan, txat edo talde zehatz horretan sartu behar duzu. Pertsona edo talde horren txata ireki, eta pertsonaren izenaren edo taldearen izenaren gainean sakatu. "Multimedia-fitxategien ikusgaitasuna" sakatu eta hiru aukera agertuko dira. Baiezkoa emanez gero, txat horretako argazkiak zure galerian gorde eta ikusiko dituzu. Ezezkoa klikatuz gero, berriz, txat horretako irudiak Whatsappen bertan ikusiko dituzu, baina mugikorreko galerian ez. Ados zaudela ziurtatu eta kito.

Iphonen kasuan, berriz, txataren izena sakatu, "gorde karretean" klikatu, eta "beti" edo "inoiz ez" sakatu, nahiaren arabera. 

Honek funtziona dezan, deskarga automatikoa aktibatuta egon behar du txat horietarako