Pheromone-maxxing: higieneari uko egitea, inguruko norbait erakartze aldera

Pheromone-maxxing: higieneari uko egitea, inguruko norbait erakartze aldera Jaboia eta desorodantea aldera batera utzi, eta feromonen bidez jendea erakartzeko itxaropenez dabiltza zenbait mutil TikToken bidez zabaldutako joerari jarraiki. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pheromone-maxxing-higieneari-uko-egitea-inguruko-norbait-erakartze-aldera/@@download/image/pexels-talalih-4636441.jpg
2026/10/05

Testua: Maitane Legarreta

Jaboia eta desorodantea aldera batera utzi, eta feromonen bidez jendea erakartzeko itxaropenez dabiltza zenbait mutil TikToken bidez zabaldutako joerari jarraiki.
Pheromone-maxxing: higieneari uko egitea, inguruko norbait erakartze aldera

Arropa, ilea eta itxura zaindu bai, baina egunero dutxatu edo jaboiarekin garbitu ez eta desodorantea zein kolonia baztertzeko joera zabaldu da TikToken zenbait mutilen artean. Pheromone-maxxing du izena joera horrek, eta norbere gorputzaren usainak erakarpena handitzeko gaitasuna duela uste dute haren jarraitzaileek. Hau da, maitale edo bikotekideren bat lortu nahi dute maiztasun handiko garbiketari uko eginda.

Gizonezkoaren usaina zenbat eta handiagoa izan, erakarpen sexuala orduan eta gehiago handitzen delakoan daude. Dutxa bat hartu edo desodorantea erabilita, gorputzaren feromonak ezabatzen dituztela uste dute, eta substantzia kimiko horiek erantzun biologiko bat eragin dezaketela haien maitale izatera irits daitezkeenengan. 

Gainera, zenbaitek gauza muturrekoagoak egiten dituzte, esate baterako arropa ez garbitu gorputzaren usaina handitzeko, eta kasuren batzuetan norbere pixa edan, horrek feromonen maila handituko duelakoan.

Kontua da zientziak ez duela berretsi, ondorio argirik topatu ez duelako, gizakien feromonen kontua eta ezta erakarpen sexualerako balio dezakeenik ere. Dutxatzen ez bagara, egunean zehar pilatutako zikinkeria eta bakterioak azalean geratzen dira, eta egunetan metatutako horrek usain txarra eragiten du. 

Eta usainak badu zerikusia erakarpenean noski, baina beste zentzu batean. Gorputz usainak gizartearen pertzepzioan eragin dezake eta baita erantzun psikologikoak sortu ere. 

Bestetik, pixa edateak erakarpen sexualean onerako eragiten duen teoriak ez du oinarri zientifikorik, eta kalte ere egin dezake, haren bidez gorputzak kanporatutako mikroorganismo eta hondakinak sartzen baititugu berriz barrura. 

Beraz, kontuz ibili sare sozialetan ikusten dituzuen joerekin, eta zentzuz jokatu. Ezer egin baino lehen, hobe ondo informatzea.