Ze plan astebururako?

Ze plan astebururako? Oraindik ez dakizula zer egin? Guk lagunduko dizugu! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ze-plan-astebururako-1549535404.59/@@download/image/Thinking-About-Your-Thinking_Multiplier-Mindset-Blog.png
2019/02/07
berria
Oraindik ez dakizula zer egin? Guk lagunduko dizugu!
Ze plan astebururako?

BILBO: Macbeth

Macbeth Shakespeareren tragedia handietako bat da, merezimendu propioz. Istorio liluragarri bat izateko osagai guztiak ditu: botere gose neurrigabea, gerrak, sorginkeriak, mamuak, amarruak, traizioak eta indarkeria asko. Emaztearen nahiak zapalduta gorengorenera iristeko aukerak eraginda, zintzo itxura duen gizon bat tirano odolzale bihurtuko da eta gaiztakeria horrek paranoiara eta eromenera eramango du, galbidera ezinbestean.

Alex Gerediagak eta bere taldeak tragedia zorabiagarri, kezkagarri eta odoltsu hori agertokira eramateko erronka onartu dute, eta bertan kontatzen dena zintzoki errespetatzen saiatu dira, beren ohiko sortzeko erari eutsiz, kode eszenikoak eta zinematografikoak uztartuta. Shakespeareren obra indartsua unibertso propio batera eraman eta taldearen narrazio eta estetika baliabideetara egokitzea gogotsu onartutako erantzukizuna eta arriskua izan da.

Produkzio berriaren estreinaldia Arriaga Antzokian izango da, otsailak 9 19:30ean eta otsailak 10: 19:00etan.

  • Bertsioa eta Zuzendaritza: Alex Gerediaga
  • Antzezleak: Miren Gaztañaga, Mikel Losada, Iosu Florentino, Arrate Etxeberria, Na Gomes, Gabriel Ocina, Maria Urcelay, Leire Ucha, Sandra Fdez. Aguirre, Koldo Olabarri.

DONAPALEU: "Hau da nire ametsen kolorea"

"Egin dantza, bestela geureak egin du", zioen Pina Bauschek. Abiapuntu hori hartuta, emakume batek bizirauteko egiten du dantza. Bere oinordekotza kulturala deitzen du bizitza ospatu eta dantzatzeko. Berarentzat handiegia den jaka bat, sokak eta oihalak, arbasoetatik jasotako objektuez baliatuta irauteko dantza bat abiatzen du, instintuz egindakoa, gorputzak oroi­tzen dituen mugimenduez. Hildakoei eskainitako dantza bat, desagertutakoen memoria bizi dadin egindako dantza euforikoa. Otsailaren 7tik otsailaren 8ra Saint Louis gelan ikusgai!

  • ANTZEZLEAK: Corine Cella, Marine Dubois, Javier Barandiaran, Ander Fernandez
  • KOREOGRAFIA ZUZENDARIA: Fanny Soriano
  • DRAMATURGIA: Oier Guillan

DONOSTIA: Korner

Korner 2019 jaialdiaren barruan hainbat ekitaldi egongo dira asteburuan. Derbitik harago, futbolak presentzia handia du Euskadin aspalditik, eta klub ezberdinak elementu garrantzitsuak dira euskal nortasuna definitzerako orduan. Zer isla du honek guztiak euskal kulturan eta horren sortzaileetan?

Koldo Almandoz zinema zuzendariak, Gari abeslari eta musikariak eta Ana Malagón Zalduaidazleak horri buruz hitz egingo dute Juan Luis Zabala kazetari eta idazleak moderatutako solasaldian. Otsailak 7, osteguna, San Jeronimo Aretoan, 19:30ean.

BILBO: Nøgen + McOnak

Kontzertu on batekin asteburuak beti dira ederragoak. Horregatik, ez zenuke galdu behar ostegunean, hilak 7, Kafe Antzokian egongo den zuzeneko bikaina. Nøgen talde donostiarraren lan laburrak Lys izandako arrakastak abesti berrien gogoz utzi ditu entzuleak. 2018ko urrian argitaratu zuten euren lehen lan luzea Liv Til Døden izenpean. Disko honek taldearen bilakaera islatzen du, hastapenetako estilo pop-folka garatu eta gehiago definitzen baitu. Haiekin batera izango dira McOnak taldeko musikariak. 22:00etatik aurrera!

DONOSTIA: "Nire, zure, gure Verdini: 25 urte"

Desgaitua, desgaitasuna duena, beharrizan bereziak dituena, bestelako gaitasunak dituena edo bestelakotasun funtzionala duena: horra azken hogeita bost urteotan erabili izan diren terminoak desgaitasunaren fenomenoaz aritzean. Inurritxo batek bezala, Verdini Dantza Taldeak ikuskizun asko sortu ditu, eta elkarlanak, jarduerak, emankizunak eta ekitaldiak egin ditu mende laurden batean, kolektibo hori balioesteko eta aurreiritziak deuseztatzeko. Ospatzeko eguna da gaurkoa, 25 urte beteta; emanaldia igandean izango da, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian. Verdini taldea gertutik ezagutu nahi baduzu, ez galdu duela urte batzuk egin genien elkarrizketa!

IRUÑEA: Koruko Heras & Iban Zaldua: "Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak"

Irakurraldi honek Iban Zalduaren Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak liburuko zenbait ipuin hartzen ditu oinarritzat. Horietatik abiatuz, Koruko Herasek zenbait musika-pieza aukeratu eta interpretatuko ditu, irakurraldian zehar tartekatuko direnak.

Helburua xumea da: fikzioak, arteak kontatu dezakeen horretara hurbilpen bat proposatzea, hitza eta musika uztartuz, Milan Kunderak zioen hura gogoan hartuz, nolabait "musika literatura baino are urrunago joan daitekeela, gai baita barne munduko mugimendu sekretuenak antzemateko, hitzarentzat ezin iritsizkoak direnak".

Dena den, ez egin kasu gehiegirik laburpen honi: William Faulknerrek aldarrikatu bezala, "idazle bat egia esateko intrintsekoki ezgauza da; horregatik idazten duenari fikzio deitzen diogu". Ostiralean, hilak 8, 20:00etan, Kondestable Civivox-an.