Paul Urkijoren 'Gaua' pelikulak emango dio hasiera Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteari

Paul Urkijoren 'Gaua' pelikulak emango dio hasiera Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteari Urkijoren azken lanaz gain, euskal film laburrak eta animea ere izango da egunotan Donostian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/paul-urkijoren-gaua-pelikulak-emango-dio-hasiera-donostiako-fantasiazko-eta-beldurrezko-zinemaren-asteari/@@download/image/Gaua 1 © David Herranz.jpg
2025/10/30

Testua: Maitane Legarreta

Urkijoren azken lanaz gain, euskal film laburrak eta animea ere izango da egunotan Donostian.
Paul Urkijoren 'Gaua' pelikulak emango dio hasiera Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteari

Paul Urkijo Alijok zuzendutako Gaua film berria izango da bihar, hilak 31, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen 36. edizioa irekiko duena Donostiako Kursaal aretoan. Errementari (2017) eta Irati (2022) filmen ondoren, fantasia eta errealitate historikoaren bidetik jarraituko du zuzendari gasteiztarrak. 

Gaua pelikulan XVII. mendean girotutako istorioan murgilduko da ikus-entzulea, euskal mitologia eta gaua lagun. Gaueko izakien mundu kezkagarria eta landa-eremuko sineskeriaren iruditeria uztartu ditu Urkijok, eta misterioa, emozioa eta epika eman dio.

Sorgin ehiza betean, Kattalinek senarrarengandik eta baserritik ihes egingo du, eta gauaren erdian. Basoaren ilunpetan galduta, presentzia bat sumatuko du bere atzetik. Bidean, hiru emakumerekin topo egingo du; hauek, ibaiaren ondoan arropa garbitzen ari direla, beldurrezko ipuinak eta herriko zurrumurruak kontatzen dizkiete elkarri. Kattalin harrituta jabetuko da bera ere tartean dela istorio horietan. 

Filmaren aktore nagusiak Yune Nogueiras, Elena Irureta, Ane Gabarain eta Iñake Irastorza dira. Azaroaren 14an estreinatuko da Urkijoren azken lana zinema aretoetan.

Film laburrak eta luzeak ikusgai
Bihartik azaroaren 7ra bitarte, fantasia generoko 30 film luze, 36 film labur eta telebistako lau atal proiektatuko dira Antzoki Zaharrean eta Victoria Eugenian. Bertako ekoizpeneko beste bi film luze programatuko dituzte: Antonio Muñoz de Mesak zuzendutako Santa Zeta (2025), eta Alberto Vázquezen Decorado (2025) animaziozko filma, euskarazko bertsioan. 

Euskal Herriko film laburren sailean honako ikus-entzunezko hauek emango dituzte: Ander Arrieta eta Oihan Gastesiren Arditurri, Mikele Granderen D.E.P. Marina, Ekaitz Bertizen Erreka zoko hortan, Laura Barquin eta Danel Garayren Hematofilia, Xabier Larrazabalen Kume, Pablo Palomeraren Lapatza, eta Amaia San Sebastianen Olentzerori eskatu nion

Animea eta erakusketak
Hiru film luze eta familiei zuzendutako saio bat eskainiko dute animaziozko zinema japoniarrari eskainitako Animedon sail paraleloan. Gainera, bi erakusketa, tailerrak, kaleko jarduera eta topaketak ere antolatu dituzte. 

Horretaz gain, Fernando Vicente: Beldurrezko zinemaren mitoak erakusketa ipiniko dute Udal Liburutegiko ekitaldi-aretoan,  eta Mexicráneos kale-erakusketa Ramon Labayen plazan ikus daiteke.