Gaitasunen iraultza

Gaitasunen iraultza https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaitasunen-iraultza/@@download/image/labean_02_1480938551.jpg
2016/12/05
erreportajea
Ane Urrutikoetxea @aneurruti
Gaitasunen iraultza

Verdini dantza taldeak urteak daramatza bere iraultza partikularrarekin aurrera egiten. Isabel Verdini dantzariak duela 25 urte sortu zuen konpainia, haren iloba Haizearen omenez. Downen sindromeaz jaio zen Haizea, eta gertaera horrek betirako aldatu zuen dantzaria; geroztik, gaitasun anitzak dituzten dantzariekin egiten du lan. Dantza garaikidea eta klown-aren nahasketa ederra prestatu dute ‘Gaitasunen iraultza’ ikuskizunean.

Abenduan iraultza egitera dator Verdini dantza taldea. Zortzigarren ikuskizuna estreinatzeko azken ukituak eman ditu Isabel Verdini dantzariak (Donostia, 1971); hilaren 3an taularatu zuten Gaitasunen iraultza proiektu berria, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.

Eszenatokian iraultza pizteko asmoa dute, bai, baina iraultza hori duela 25 urte hasi zuen Verdinik. Haizea bere iloba Downen sindromeaz jaio zela jakin zuenean, inflexio puntu bat eman zen dantzariaren bizitzan, eta ordutik, gaitasun anitzak dituzten gazteekin lan egitea erabaki zuen. Verdiniren metodoak ez du sekreturik; bere ikasleekin zorrotza da, eta aldi berean, haien ezaugarri fisiko zein psikologikoekin bat egiten duten ariketak diseinatu ditu, dantzari bakoitzak gaitasunak erabat azaleratu ditzan. Hala, lehen aldiz Verdini dantza taldea ikustera animatzen diren horiek, ezusteko polita eramango dutela uste du irakasleak: "Etortzen diren guztiek izugarri disfrutatuko dute, eta ziur naiz bat baino gehiago harrituta geldituko dela dantzarien mailarekin. Baina esperientzia honen gauza garrantzitsuena aurreiritziekin apurtzea da; hala, Downen sindromea duen pertsona bat aurretik ezagutu ez duten horiek beren osotasunean ikusiko dituzte, artearen bidez beren mundua azaleratzen".

Bi urte eman ditu Verdinik emanaldi hau sukaldatzen; emaitza baino, prozesua izan da dantzaria gehien bete duena: "Emanaldi hau prestatzeko gainontzeko dantza konpainiek adina lan egin dugu; dantzari bakoitzak bere %100 eman du, profesionalen moduan". 18 dantzari ariko dira taula gainean, batzuk berriak, beste batzuk beteranoak; horien artean dagoeneko dantza irakasle titulua atera duten Haizea eta Aitor dantzariak izango dira. Euskararen Nazioarteko Eguna eta Gaitasun Anitzen egunarekin bat egin zuten abenduaren 3an, eta ekitaldia borobiltzeko urteroko saria eman zuten; aurten, Verdinirekin estuko lan egin duten bi erakunde izan dira sarituak.

Emanaldi aurreko azken ukituekin ibili dira egunotan, argiztapenekin tirabirak konponduz, eta dena bikain atera dadin zainduz. Verdiniren esanetan, dantzariak ez dira urduri, zirraraz gainezka baizik: "Dagoeneko irabazi dutela sentitzen dute; hilabete luzez aritu gara lanean, uda barne, eta gogo biziz daude estreinaldiaren eguna iristeko". Donostiako emanaldi bereziaz gain, datozen hilabeteetan bestelako saioak ere eskainiko ditu dantza taldeak: "Laster Burlatara joatekoak gara, eta Sarea zirkuituari esker inguruko herrietako antzokietan izango gara, ziur aski, Andoain, Hernani eta Euskal Herriko gainontzeko txokoetan".

Dantza garaikidea eta klown ikuskizuna nahastuko ditu oraingoan dantza taldeak; Verdiniren esanetan, klown egitera doazen dantzariek sortu dute gidoia, inolako laguntzarik gabe: "Normalean ni izaten naiz pauso guztiak, istorioa eta emanaldia diseinatzen dituena; oraingoan aldiz, klown-a ere sartuko dugu, ikasleetako batzuek horrekin esperimentatu nahi zutelako. Haiek osatu dute beren zatitxoa, eta ziur naiz ikusleak barrez lehertuko direla beren mimika ariketarekin".

Dantza klase bakoitza maitasun handiz prestatzen du Verdinik; bere ikasleen autoestimua orekatzeaz arduratzen da dantzan irakasten dien bitartean. Muskulatura eta malgutasun bereziak dituztenez, haiei zuzendutako ariketak ezartzen dizkie, koordinazioa landuz eta diziplina irakatsiz. "Denok ditugu behar bereziak; nire ikasleek, ere, eta haiei moldatzen ikasi dut. Klasean nagoenean oso zoriontsu naiz; hau da niretzat lan egiteko bide bakarra. Proiektu honek barrua betetzen ez nauen egunean, ez dut jarraituko".

Borroka nekaezin baten emaitza bizi zuten hilaren 3an Donostiara gerturatu zirenek; bidean, zailtasun handiak eta desengainu asko topatu dituzte, baina horrek ez die aurrera egitea galarazi. "Gizakiaren historian, lorpen handiak iraultza txiki zein handien ondorioz etorri dira: lehen sua piztu zuen gizakitik hasita, gaur egungo aro digitalera arte". Emanalddian, beste behin zabalduko dute azken urteetan etengabe errepikatu duten mezua: bestelako gaitasunak izan arren, lan egoki batekin, posible dela gizarteak jarritako hesiak bota eta gorena ukitzea. "Dantzaren bidez, dantzarien hobekuntza fisiko eta intelektuala lortzen saiatzen gara. Baina, batez ere, haien bizi-kalitatea bermatu nahi dugu: ez Downen sindromea dutenena bakarrik, baita haien ingurukoena ere, batez ere gurasoena".

‘Gaitasun anitzak’ esaera duela gutxi jarri da martxan, eta Verdiniren esanetan, inoiz baino hobeto aukeratu dute Downen sindromedunak duintasunez definitzeko modua: "Honetan hasi nintzenean terminologikoki oso atzeratua zegoen gizartea, eta orduan erabiltzen ziren hitzek burla puntu bat zuten. Pixkanaka ikasten joan gara, eta pozik nago ‘gaitasun anitzak’ terminologiarekin; nire ikasleei erakutsi nienean, azaldu nien horrek esan nahi duela gaitasun handiak dituztela, eta ikaragarri poztu ziren!".