Zaintzaren inguruko emanaldi umoretsua Donostian

Zaintzaren inguruko emanaldi umoretsua Donostian Nerea Loiola eta Imanol Epelderen irakurketa musikatuak emango dio bihar amaiera Tabakalerako 'Hitzak Zaindari' erakusketari. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/zaintzaren-inguruko-emanaldi-umoretsua-donostian/@@download/image/HitzakZaindari_Loiola_Epelde-k-color.jpg
2021/09/01

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Nerea Loiola eta Imanol Epelderen irakurketa musikatuak emango dio bihar amaiera Tabakalerako 'Hitzak Zaindari' erakusketari.
Zaintzaren inguruko emanaldi umoretsua Donostian

Zaintzaren gaia ardatz duen Hitzak Zaindari kanpaina dago martxan Gipuzkoan. Euskal literaturako bost adituk euskal letretako 20 testu aukeratu dituzte honetarako, zaintzaren hainbat ertz erakutsi nahian, hitzak zaindariak ere badirelako. Bihar, osteguna, emango diote amaiera Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur terrazan dagoen erakusketari eta Nerea Loiola eta Imanol Epelderen irakurketa musikatuarekin borobilduko dute itxiera 20:00etan toki berean. Aforo mugatua izango denez, eserlekua erreserbatu behar da 943 251919 telefonora deituz. 

Loiola eta Epeldek Zai(n)tzadan emanaldia eskainiko dute, gai beraren ildotik. 2016ko urriaren 30ean ezkondu ziren Nerea Loiola Pikaza (Deba, 1985) eta Imanol Epelde Pagola (Zarautz, 1977). Egun hotza espero zuten eta, hortaz, arropa mauka-luzeak eta txamarra bero lodiak erosi zituzten. Egun eguzkitsua izan zen, ordea, eta oihal arinekin eta argazki ederrekin ezkondu ziren. Ordutik, elkar zaintzen dute eta hainbat galdera dituzte buruan:  elkar zaintzen dute? Elkar maite? Behar bezainbeste maite dute elkar? Zer da maitatzea zaintzea ez bada? Eta maite eta zaintzen dituzte izeba jubilatuak, guraso eroriak, bizilagunak? Eta umeak? Umeak bai, ezta? 

Honelako galderak egingo dizkiote elkarri ezkontideek kantu, erakusketako testu eta irudiak umorez konbinatuz. "Bikote ezkondu batek inoiz egin duen jendaurreko tragikomikoena" izango dela iragarri dute.