'Hitzak zaindari', zaintzari buruzko testuen erakusketa

'Hitzak zaindari', zaintzari buruzko testuen erakusketa Euskal literaturako bost adituk aukeratutako zaintzaren inguruko hogei testuk osatzen dute erakusketa ibiltaria eta liburuxka. Herritarrek ere egin ditzakete proposamenak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hitzak-zaindari-zaintzari-buruzko-testuen-erakusketa/@@download/image/KutxaKultur_Hitzak_Zaindari_10.jpg
2021/07/14

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Euskal literaturako bost adituk aukeratutako zaintzaren inguruko hogei testuk osatzen dute erakusketa ibiltaria eta liburuxka. Herritarrek ere egin ditzakete proposamenak.

Hitzak Zaindari, Literaturaren hitzak zaindari kanpaina jarri dute martxan EIZIEk, Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin. Gipuzkoan egingo da, eta zaintza du ardatz. Euskal literaturako bost adituk euskarazko hogei testu aukeratu dituzte kanpaina honetarako, zaintzaren hainbat ertz erakutsi nahian, "hitzak zaindariak ere badirelako". 

Egitasmo honek hiru ekimen izango ditu: erakusketa ibiltari bat, liburuxka bat eta emanaldi bat. Erakusketa Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Terrazan dago ikusgai irailaren 2ra arte. Ondoren, Gipuzkoako beste lau herritan ikusi ahal izango da. Erakusketara hurbiltzen direnei testu guztiak biltzen dituen liburuxka banatuko zaie. Hitzaurrean esaten denez, "bizitzak zaintza dakar, eta zaintzak bizitza. Bizi denak zaindu egiten du. Zaintzen duenak bizitza berritzen du".

Hauek izan dira testu hautaketan parte hartu duten bost adituak: Alex Gurrutxaga, Itziar Zubizarreta, Lurdes Otaegi, Uxue Alberdi eta Xabier Olarra. Denetariko testuak eta autore ugarirenak ageri dira aukeraketan: Mari Luz Esteban, Mario Benedetti, Simone de Beauvoir, Miren Amuriza, Miren Agur Meabe, Mariasun Landa, Alice Munro, Eduardo Galeano, Anjel Lertxundi, Leire Bilbao, Eider Rodriguez, Ruper Ordorika… Herritarrek ere badute aipua eransteko aukera, norberetik sortua edo ezagutzen dutena. 

Kutxa Kulturreko erakusketaren azken egunean, irailaren 2an, zuzeneko emanaldi bat eskainiko dute Nerea Loiola eta Imanol Epelde euskal artistek. 20:00etan izango da Kutxa Kultur Plazan, «ZAINTZADAN» izenburupean.

"Orain inoiz baino gehiago bidea elkar zaintzea delako" aukeratu dute gaia euskal liburugintzaren katean diharduten lau elkarteek, beren baliabideak baturik literaturaren zaintza goraipatzeko. Aldi berean, xede dute euskal liburuaren kontsumoan eta prestigioan ere eragitea. Gainera, euskal liburugintzak behar duen presentzia areagotu nahi dute beren lana ezagutzera ematearekin batera.