Yukio Mishima: Edertasun krudela

Yukio Mishima: Edertasun krudela https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Yukio Mishima: Edertasun krudela
XX. mendeko Japoniako literatura ezin da ulertu Mishima gabe. Garaikide izan zuen Kawabata-k, esaterako, behin eta berriro ederretsi zuen haren lana, parekorik ez zuela nabarmenduz. Ondotik etorri zen Kenzaburo Oe-k ere asko zor dio Mishimaren prosari. Prosa eder eta leunari. Joan den mendeak utzi digun ederrenetakoa.
Samurai jatorriko sendi noble batean jaio zen idazlea Tokion, 1925ean. Fantasia militar eta tradizionalistetatik edan zuen gaztaroan. Eragin horrek asko markatu zituen bere bizitza nahiz obra. Zuzenbidea ikasi ostean, lege mundua bazter utzi, eta literaturari eskaini zizkion bere onenak. Bizitza ulertzeko modu gartsua zuen; eldarniotsua, kasik. II. Mundu Gerra galdu izanaren traumak areagotua. Urteen poderioz, garaiko Japonia ustelaz gogaiturik, bere buruaz beste egitea erabaki zuen 1970ean hara-kiri prozedura jarraituz. Jasangaitz egin zitzaizkion herrikideen hustasun izpirituala eta dekadentzia morala.  
Hainbat genero jorratu arren, narratzaile lanetan bihurtu zen ezagunago. Horren adibide ditugu bere eleberriak: "Atoiuntzia" (euskaraz irakur daiteke Ibaizabal argitaletxearekin), "Urrezko pabilioia", eta "Emankortasunaren itsasoa" zikloa osatzen duten lau eleberriak: "Udaberriko elurra", "Egunsentiko tenplua", "Zaldi eroak" eta "Aingeru baten ustelkeria". Hauei beste bat gehituko genieke, ezezagunagoa: "Maitasun gosea" bikaina.
Mishimaz gozatzeko aurre juzkuak alde batera utzi behar dira. Munduaz zuen kontzepzioa gurearekiko oso bestelakoa baita. Ekialde Urruneko harrotasunean nola edertasunean errotua. Heroitasunaren zentzu estetikoan. Edertasunak eta krudelkeriak bat egiten dute bere obran. Sinboloen suntsiketan. "Atoiuntzia"  eleberriko protagonisten kasuan bezala. Haurrek marinela hiltzen dute, haientzat sinboloa zelako baina sinbolo hori galdu delako; marinelak marinel izateari utzi diolako. Mendebaldekoentzat ulergaitza zaigun filosofia. Pertsona eta idazlea banantzeko ezinbesteko ariketa gauzatu ostean, ordea, berezi bezain sorgingarri egingo zaigu Mishima. Darabiltzan prosa eta talentua medio.