Youtube generation
Nire gelako apalategiak oraindik zintaz beterik daude. Bai, duela urte gutxi arte, gure artean musika trapitxeatzeko erabiltzen genituen grabatzeko kasseteez, hain zuzen. Gaur egun, egia esan, gero eta gutxiago jartzen ditut. Biniloak bezala. Bai, disko-jogailua ere badaukat eta, noizbehinka, biniloak orratzaren azpian jartzen ditut. Baina gero eta gutxiago, zoritxarrez. Izan ere, egun batean etsi eta konpakt-diskoak entzun ahal izateko gailua erosi nuen. Bestela nobedadeak ezin entzun, aizue!
Orain, ordea, sarritan ordenagailuaren bidez entzuten dut musika. Edota MP4aren bidez. Eta bitxia iruditzen zait. MP4a hartzen dudan bakoitzean, zeharka begiratzen diet nire zinta eta binilo zaharrei, traizioa egin banie moduan Eta binilo horien alboan, txikia iruditzen zait ez-dakit-zenbat kanta dituen MP4 hori, zeren, erosoa bada ere, ez dauka binilo zaharren dotorezia hura. Eskirola deituko dio ziurrenik Vomitoren biniloak bere apalategitik Baina, aizue! Zer egin dezaket nik? Gainera, askotan nekatzen naiz MP4aren erosotasunarekin. Eta orduan bai, orduan biniloek, paumak bailiran, koloretako buztana zabaldu eta harro begiratzen diote gailu txikiari. Nik, kontu handiz hartu eta, biniloa biraka jartzeko zeremoniarekin gozatzen dut. Azken finean, bizitzan daukagun plazer txiki horietako bat da egun binilo bat jartzea. Eta soinua soinua ikaragarria da.
Baina bizitza horrela da, eta ezin gara iraganari begira bizi, etorkizunari begira baizik. Eta teknologiak, gure diskografia gailu txiki batean sartzeko aukera emateaz gain, beste plazer txiki batzuk izateko aukera ere eman digu. Horri, izen bat jartzearren, YouTube generation deituko diot. Bai, binilo zaharrek disko-jogailuan bira egiten ez duten moduan, talde zaharrek ere ez digute birarik eskaintzen. Baina YouTubera jo eta sorpresa ugari topatzen dugu bertan. Eta gozatua da, esaterako, Vomito taldearen kontzertuak bertan ikusi ahal izatea, RIP, Tijuana in Blue edo nahi duzuena, badakizue Zer eginen diogu! Eraberritu ala hil esan zuen norbaitek. Eta ni horretan nabil, kameleoia bezala, garai berrietara egokitu nahian. YouTube generationekoa, ze karajo!