Yazmin Yadira Novelo: "“Indigena gazte asko bere sustraiak galtzen ari da”"

Yazmin Yadira Novelo: "“Indigena gazte asko bere sustraiak galtzen ari da”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/yazmin-yadira-novelo-quotindigena-gazte-asko--bere-sustraiak-galtzen-ari-daquot/@@download/image/20116293685yazm_1361319507.jpg
2011/07/01
elkarrizketa
Testua: Antxoka Agirre
Garabidek eta Mondragon Unibertsitateak hizkuntzen berreskurapenerako hiru hilabeteko masterra antolatu dute Eskoriatzan. Herri indigena ezberdinetako hogei bat lagun ari dira ikasketa hauek osatzen, tartean yazmin.
Maia da bera, "Red de Jovenes Indigenas" taldeko kide, eta Mexikoko Yucatan hegoaldetik dator. “Egunon!” egin digu lehen hitza euskaraz. 

Nolatan sortu zitzaizun master hau egiteko interesa?
Nire aiton-amonek maia hitz egiten dute, nire gurasoek ere bai, baina nekazal giroko inguru bat da, ez dago herri kontzientzia handirik ere, eta gazteleraz hezi ninduten horrela etorkizun hobea izango nuelakoan. Unibertsitatean kazetaritza ikasketak amaitu ostean, ordea, maia kulturaren garapenerako elkarte batekin egin nuen topo eta komunikabideek maia eremuetan jokatzen zuten paperaren inguruko ikerketa bat agindu zidaten. Lan horrek barrenak mugitu zizkidan eta hainbat galdera eragin: Zer gertatzen da hemen? Zu zer zara? Berehala hasi nintzen hizkuntza ikasten eta gutxira Yolic, haizearen izpiritua da itzulpena, izeneko irrati batean esatari lanetan nenbilen, maia hizkuntzan. Lagun batek eman zidan masterraren berri; jatorrizko hizkuntza gutxituen berreskurepenerako ikastaroa, eta "hara!", pentsatu nuen, "hau niretzat egina dago!"

Jatorri ezberdinetako jendea elkartu zarete masterrean. Nolako talde giroa duzue?

Hemezortzi lagun eta zortzi hizkuntza gara; aimara, kaktxikel maia, yucatek maia, nasa, nahuatla, mapazuguna, ketxua eta kitxua. Alor ezberdinetan, komunikazioa, hezkuntza edo aktibismoa esaterako, dabil jendea. Baina antzeko konpromezua dugu guztiok eta oso giro polita sortu da. Bakoitzak bere istorioa kontatzen du, musika pasatzen diogu elkarri…  Masterrak tarteren bat uzten digunean, batetik bestera ere ibiltzen gara, eta kezkatzen hasiak gara irabazten ari garen pisuarekin. Kar, kar, kar. Iritsi gineneko argazkiak oraingoekin konparatu eta nabarmena da aldea… Herri indigena ezberdinetako eragileen sare bat osatzea da ikastaroaren helburuetariko bat eta bide onetik doa.

Euskalgintzako eragile ezberdinak bertatik bertara ezagutzeko hainbat irteera antolatu dizkizue Garabidek; Euskaltzaindiara edo ETBra bi aipatzearren. Ze irudi gelditu zaizu bisita hauetatik?

Euskaltzaindia lan erraldoia iruditu zitzaidan. Bide luzea egin dute terminoak sortzen, hitzak berreskuratzen… Ikusgarria. ETBk, aldiz, ez zigun berebiziko inpresiorik eragin. Oso garrantzitsua da euskararen alde lan egiten duten komunikabide publikoak izatea, baina herritarrengandik sorturiko ekimenak indartsuagoak iruditu zaizkigu. Adibidez, hiru pertsonen lanarekin sorturiko webgune xume bat, Etxe giroan du izena, asko gustatu zitzaigun. Aurrekontu txikiekin ibiltzen gara gu…

Zer moduz joan da Arantzazuko Santutegira egindako bisita?

Oso giro izpiritual indartsua dauka Arantzazuk, energia asko. Euskararen estandarizazio prozesua bertan hasi zelako izango da agian… Kide askok sentitu genuen energia berezi hori. Gero, euskalgintzaren hastepenen historia kontatu ziguten bertan, eta niri dezenteko inpresioa eragin zidan atzerrian zeuden euskaldunek, diasporak, egindako ekarpenak.

Red de Jovenes Indigenas-eko kide bezala etorri zara Euskal Herrira. Zer da sare hau? Zein dira zuen egitekoak?

Indigena gazteon arazo larriena da lana bilatzeko, pobreziatik irteteko, hirietara emigratu beharrean aurkitzen garela, eta hirian beste hizkuntza batean funtzionatu behar izaten dugula. Gehienek euren sustraiak galdu egiten dituzte, hiritar bat gehiago baino ez dira eta hori oso tristea da. Bestelako alternatibak proposatzen dituzten proiektuei aholkularitza eskaintzen diegu RENJItik. Proiektu ekonomikoak, kulturalak… Indigenon auzia ahal dugun foro guztietara eramaten ere saiatzen gara. Joan den urtean World Jouth Festivalean izan ginen, gonbidapenik gabe noski, indigenen gaia ez baitu ia inork kontuan hartzen, eta dezenteko oihartzuna izatea lortu genuen.

Nortzuk osatzen duzue?

Mexikoko estatu guztietako 48 gaztek osatzen dugu. Duela hiru urte sortu genuen, gobernuz kanpoko erakunde bat da eta sare moduan funtzionatzen dugu. Bakoitza bere alorrean ari da lanean baina elkarrekin harremanetan jartzen gara laguntza behar dugunean.

Zer da egiten ari zaren master honen baitan deigarriena iruditu zaizun ideia?

Hizkuntza baten berreskurapenerako benetako indarra herriarengandik, hiztunengandik datorrela ikusi dut argi eta garbi; ez dagoela zertan gobernu erakundeetatik edo naziorteko erakundeetatik sor daitezkeen ekimenen esperoan egon beharrik.