XXI. Mendeko inkisizioa

XXI. Mendeko inkisizioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xxi-mendeko-inkisizioa/@@download/image/13p34-1_1370518543.jpg
2001/11/02
erreportajea
Jon Velasco, Cristian Rodriguez eta Xabier Martinez de Arbulo
XXI. Mendeko inkisizioa


Duela zenbait hilabetetik hona Hego Euskal Herriko eta Espainiako internautak oso kezkatuta daude, Espainiako Gobernua interneteko edukiei buruz prestatzen ari den legea dela eta. Izan ere, gutako askoren ustez, legea mehatxu handia da gaur egun munduan diruaren eta politikaren menpe ez dauden komunikabide libre urrietako batentzat, internetentzat, alegia. Jokuan dago nolako internet eredua nahi dugun: herrialdeko demokratikoenena ala adierazpen askatasunik gabekoena. Aipatzekoa da, adibidez, EEBBetan (EEBBei telekomunikazio munduan den-dena, txarra eta ona, kopiatzen diegu) LSSI antzeko lege bat debekatu zutela.

LSSI-k, Informazio Gizartearen Zerbitzu eta Merkataritza Elektroniko Legeak, pentsamendu askea ezabatzeko bidea zabalduko du. Sareko hedabide libreak pikutara joan litezke, proiektuak aurrera egingo balu. Aurrena, dena den, Parlamentuak oniritzia eman behar dio, baina egia esan, gutako batzuk beldurtuta gaude.

Kriptopolis sareko informazio zentru independentean diotenez, legea onartuz gero, edozein burokratak, ez soilik edozein epailek, orrialdeak itxiarazi litzake, orrialdeok, bere ustez, ez direlako lege berriaren edukiak betetzen ari. Okerrena da legeak web orrialdeak daramatzatenen gaineko kontrola izan nahi duela. Antza, helburua kontsumitzaile elektronikoen artean konfiantza zabaltzea da: kontrol era berri honek bultzatuta, kontsumitzaileek askoz diru gehiago gastatuko omen dute.

Zer egin daiteke?
Legeari eman dakizkiokeen erantzunetako batzuk web txokoak zuzentzen dituztenen esku baino ez daude. Besteak beste, banner-ak edo kartel elektronikoak jar ditzakete orrialdeetan, edo bestela, LSSIren aurkako kanpainaren berri eman. Internauta hutsak bagara, aldiz, gutuna bidal dezakegu Zientzia eta Teknologia Ministeriora (info@mcyt.es). Ildo honetatik, gutun eredu bat badago (www.kriptopolis.com/lssi-/modelo.txt) eta beraz, eredua hartu, gure izena eta nortasun agiri zenbakia ipini eta aipatutako ministeriora igor dezakegu.


Gure gomendioa


Dudarik gabe, ondorengo helbidean inon baino albiste gehiago aurki dezakegu lehen aipatutako legeari buruz:
www.kriptopolis.com.  Atari honek informazio libre eta zorrotza eskaini ohi du segurtasun informatikoaz, telekomunikazioen pribatutasunaz eta baita "zibereskubide" deitutakoez ere.