Xabier Arakistain: “"60ko hamarkadako agenda zain daukagu oraindik”"

Xabier Arakistain: “"60ko hamarkadako agenda zain daukagu oraindik”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/xabier-arakistain-quot60ko-hamarkadako-agenda-zain-daukagu-oraindikquot/@@download/image/201112141289xab_1361224454.jpg
2011/12/02
elkarrizketa
Testua: Igone Fernandez Argazkiak: Galder Izagirre
Xabier Arakistain: “"60ko hamarkadako agenda zain daukagu oraindik”"
Lehiaketa publiko bat irabazita sartu zen 2006an Gasteizko Montehermoso Kulturgunean zuzendari. Orain, Udalaren erabaki arbitrario batek behartuko du hilabete amaieran atea berriz gurutzatzera. Polemikari bizkar emanez, urte hauetan egindako lanaz hitz egin dugu, eta artearen potentzial iraultzaileaz.

Xabier Arakistainek (Elgoibar, 1966), 'Arakis', bi fronte ditu zabalik: arte garaikidea eta feminismoa. Adierazpide eta espazio sinbolikoek gatibatuta, zinemaren inguruko doktorego tesia egin zuen artearen antropologo sozial feminista baten zuzendaritzapean. Zinemagintza komertzialeko sexu eta genero nortasunen kultur eraikuntzaz ikertzen ari zela irakurri zituen obrek kateatu zuten militantzia feministara, eta ulertu zuen arte garaikidea zela berak norabide horretan askatasunez borrokatzeko hurbilen zuen esparrua. Aitzindaria izan da.

Bide luze eta emankorra egin du. 1999ko Trans Sexual Express erakusketa, 2001tik 2003ra bitarte BilbaoArte Fundazioaren baitako programazio parekidearen arduradun gisa eginiko ekarpenak, eta 2003 eta 2006 bitartean Madrilgo Arco ferian arteari eta feminismoari buruzko mahainguruetan egindako zuzendari lana dira bere curriculum profesionala osatzen duten mugarrietako batzuk. Horretaz gain, komisario independente gisa ere jardun du, besteak beste, Leigh Bowery artista britainiarraren lanekin eta AEBetako Guerrilla Girls kolektiboarekin.

Bizi erritmo frenetikoa darama, zeharo. Aurkezpenak, bilerak, konferentziak... janzten dituen galtzak bezain agenda estua. Hala ere, Zinebiko itxiera prentsaurrekoaren ostean –epaimahaikide izan da– elkartu da gurekin, Arriaga Antzokian, hain gustuko dituen granate eta gorri kolorez inguratuta. "Pentsatu dut txaketa marroi honek kontraste polita egingo zuela hemengo atzealde gorriarekin". Diskurtso jantzia eta indartsua du, trinkoa: feminista materialista. Eta argazkietarako ere ideiak argi: "Hemen ez, hobe hor, eta behetik hartu ordez goitik egiten baduzu ere nahiago dut. Hori da, enfokatu eraztunak".

Determinazioz mugitzen da alde batetik bestera, poltso marroia hartuta, bazterrak nahasten. "Punk atera nahi dut!" esaten digu, punk's not dead!
Montehermosoko zuzendaritzari dagokionez, azken egunak ditu begi aurrean, datorren urtean Araceli De la Horrak ordezkatuko baitu karguan. "Proiektu hau pertsona askoren bizitzaren parte da jada, adin nagusikoa da", dio. Joan aurretik, baina, gorenean utziko du Gasteizko Kulturunea. Feminismoa, kolektibo homosexualaren borrokari lotutako ekintza politikoa eta trabestismoa, eta bazterketatik eratorritako indarkeria dira oraintxe bisita daitezkeen erakusketen ardatzak.

Zer dute Montehermosora heltzen diren lanek komunean?

Gure munduaz ikuspegi kritikoetatik jarduten diren diskurtsoak dira guztiak, estigmatizazio eta zapalketa sozial ezberdinekin batera doazen errepresentazio estrategiak azaleratzen dituzten ikerketak dira. Jakintza, azken batean: egoera hauen zergatiari eta nolakotasunari buruzko jakintza, eta dagokien prozesu historiko eta kulturalen inguruko jakintza.

2006an komisario independente izateari utzi eta Montehermoso Kulturune publikoan hasi zinen. Zein da bi lan moldeen arteko aldea?

Ez dute zerikusirik elkarren artean. Instituzio publiko bat zuzentzen duzunean, jomugan zaude etengabe eta horrek izugarrizko presioa dakar, komisario independente gisara jarduten zarenean ez duzuna. Automatikoki, gauzak aldatzerik nahi ez dutenen jopuntu bilakatzen zara, eta postua lortu ez dutenek ere ipintzen zaituzte miran.

Ideia argi batekin ekin zenion honi: kultur politika ez sexistak aplikatzea, batez ere administrazioaren aurrean eredu bilakatzea.

Arte, pentsamendu eta kultura garaikide ez sexistekin programa osatu eta zentro  honentzat bestelako proiektu bat aurrera eramatea posible zela frogatu nahi nuen; hori zen bitarteko funtzionario bilakatu nintzenean buruan nuen bakarra. XXI. mendean ez baitago inolako arrazoirik emakumeak programetatik at uzten jarraitzeko, ez bada menpekotasunari eutsi nahi zaiolako edo emakumeek euren mundu-ikuskera eta ahotsa izan ditzaten eragotzi nahi delako. Eta, gainera, instituzio publikoetan hori egiteko garai egokia zen, lehendabizi Euskal Autonomi Erkidegoan eta ondoren espainiar estatuan hainbat berdintasun lege onartu zirelako orduantxe. Lege hauek bi sexuetako hiritarrak aukera berdintasunean biziko direla bermatuko duten neurriak hartzea gomendatzen zuten, baita ere kultur esparruan. Legeek ez zuten horretarako bide orririk proposatzen, ordea. Horregatik diot Montehermoson aurrera eraman dugun proiektua lege horiek osotasunean betetzeko beharrezkoa den eta falta zen tresna dela, arte garaikidea jorratzen duen edozein gune edo zentrotan aplika daitekeen eredua.

Feminismoa eta arte garaikidea errealitatea aldatzeko militantzia esparru gisa ulertzen dituzu. Zergatik dira hauek tresna eraginkorrenak?

Gizakion arteko berdintasunak ezinbestean inplikatzen duelako sexuen, generoen eta aukeraketa sexualen arteko berdintasuna ere. Baina, horretaz gain, feminismoa jakintza da. Feminismoak urteetan zehar pilatu dituen ezagutzak behar-beharrezkoak zaizkigu garapen zibilizatzaile jasangarria aurrera eramateko, eta edozein gizarte demokratikotan oinarrizkoak beharko luketen berdintasun eta justizia sozial kontzeptuetan sakontzen segitzeko. Feminismoa oraindik zintzilik dagoen iraultza da. Era berean, artea ere funtsezko zutabea da bizi garen mundua ulertzeko eta, batez ere, bestelako mundu hobe bat imajinatzeko. Aukeraz beteriko espazioa da, sinbolikoa nahiz materiala, eta hausnarketarako eta kritikarako esparru egokia ere bai. Artea, beste gauza askoren artean, imajinario kolektiboa eta orden sinbolikoa aldarazteko abiapuntua da.

Iraultza kulturala errealitatea aldatzeko. Baina, norantz aldatu?

Honetan giltzarria berdintasuna da. Maila planetarioan. Horrek ez du esan nahi ezin dugunik izan eta ez garenik diferenteak. Aldiz, gure arteko diferentzietatik abiatuta berdinak izatea da kontua. Berdintasunaren kontrakoa ez da diferentzia, desberdintasuna baizik. Gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak zintzotu behar ditugu, baina baita ere aberats eta txiroen artekoak, joera sexual diferenteak dituzten pertsonen artekoak eta abar. Alegia, joan zen mendeko 60ko hamarkadako agenda berbera. Ez dugu hainbeste egin aurrera.

Eta zein iruditzen zaizu izan behar duela mugimendu feministaren baitan emakumezkoek eta gizonezkoek jokatu beharreko paperak?

Berbera: gizonezkoek emakumeekiko duten nagusitasuna desagerrarazteko lan egitea; eta heterosexualek disidente sexualekiko dutena desagerrarazteko, zuriek gainontzeko arrazekiko dutena... eta abar.

Helburu profesionalez gain, plano pertsonalagoan, zuk zeure buruari ere finkatuko zenion helmugaren bat agian. Bete al da?

Maila profesionaletik haratago ez nuen pentsatu. Proiektua ondo joan zedin besterik ez nuen nahi.

[Eta lortu du. Montehermoso erreferentziazko gune bilakatu du nazioarteko zirkuitu artistikoan, baina baita kaletar bakunen artean ere, nagusiki gasteiztarren artean.]

Oreka hori lortzea bai da benetako arrakasta!

Bai, tira, nazioarteko arte garaikidea kategoria espezifikoa da, eta honetan bazabiltza ezinbestekoa duzu begirada internazionala edukitzea. Baina begirada internazional horrek ez ditu albo batera uzten, inondik inora, testuinguru zehatzagoetako berezko begiradak. Hori horrela, arte eta pentsamendu kritiko garaikideak herritarrengana hurbiltzea lan konplexua da, eta erronka horren aurrean egitasmo integral bat edukitzea behar-beharrezkoa da: adar espositiboa izango duena, adar hezitzailea eta kultur arloan ere eragingo duena. Baina, batez ere, denbora behar da hori guztia jorratzeko. Lau urtez programa iraunkorra garatu dugu eta publiko ezberdinengana heltzea lortu dugula iruditzen zait. Komunitate artistikoarentzat erreferente bilakatu da.

Ez dirudi erraza industria komertzialenetik datorren eta nagusi den eskaintza kultural 'erraza'rekin lehiatu eta hiritarren agendetan tarte bat egiteak. Gizarteak galdatzen duena produzitzen duela dio industriak...

Badakigu 'panen et circenses' horrek gutxienez erromatarren garaitik funtzionatu duela; eta, gainera, badakigu zenbat eta totalitarioagoa izan agintean den erregimena, orduan eta hobekiago funtzionatzen duela eta askatasun gutxiago dutela gobernatuek. Guy Debordek 60ko hamarkadaren amaiera aldera esan zuen espektakuluaren gizartea erotutako gizartea zela. Azken hiru hamarkada hauetan, espainiar estatuan, zuk diozun "produktu" kultural horien inbasioa masiboa izan da, eta maila jasanezinetara heldu da. Agerikoa da, XXI. mende honetan, espektakulu politika horiek dominazio tresnak direla eta publiko edo ikus-entzulego ideia bera, kontzeptua, oso eraikuntza espezifikoa dela. Tankera honetako hausnarketak dira, kasu askotan, arte garaikidearen lehengaiak.

Perspektiba feministara itzulita, ongi bereiztutako bi generoren eraikuntza –femeninoa eta maskulinoa– dago diskriminazio sexistaren aldaera guztien oinarrian, ala?

Ea. Azken 40 urteetan gizarte zientzien baitan egin diren ikerketa feministek argitu dutena aintzat hartuta, iruditzen zait XIX. mendetik aurrera gauzatu den eraikuntza sozial hori –bi sexu, bi genero eta joera sexual diferenteak bereiztearena– sexuetako baten subordinazioaren gainean eraiki dela. Baina, sexu, genero eta sexualitate kategorien artean ezarri den korrelazio hori –gizon maskulino heterosexuala, edo emakume femenino heterosexuala– natura ideiaren aitzakiapean, XIX. mendekoa hau ere, sustengatzen jarraitzea ezinezkoa da. Arazoa da, joan zen mende amaieran zehar zientifikoki kontra egin zitzaien arren, eraikuntza dezimononiko horiek indarrean jarraitzen dutela gure garaiko gizarte eta instituzioetan.

Bi rolen arteko muga eraiki hori etengabe gurutzatuz, Queer mugimenduak bereizketa lausotu nahi du. Askok mugimendu honek Euskal Herrian duen enbaxadoretzat zaituzte. Nola ikusten duzu zuk?

Ni feminista naiz. Ilustrazio garaiaz geroztik eskubide berdintasunaren alde borrokatu eta teorizatu duten gizon-emakumeek osatutako katearen parte sentitzen naiz. Nire ustez, oro har, Queer mugimenduak modu arrakastatsuan zabaldu du generoaren eta sexualitatearen izaera kultural hori; goraipatzeko modukoa da, eta bene-benetan pozten nau. Baina, aldiz, ez da gai izan barneratzeko 80ko hamarkadan feminismo materialistatik egindako ekarpen nagusia: emakumeen menpekotasuna klase eta sexu terminotan azaltzea. Esate baterako, maiz, postporno joerako filmeen testuak Queer ikuspegitik aztertzen direnean, ez dira kontuan hartzen film horien ekoizpen baldintzak, ez eta ze leku duten emakumeek produkzio kateetan, eta abar... Honezkero badakigu testuaren testuingurua aintzat hartzen ez duen analisiaren emaitzak ez direla fidagarriak izaten.

[Inori buruz gehiago jakin nahi baduzu, jo Facebookeko argazkietara. Parisen, Londresen, Venezian eta beste hamaika hiritan ikusi dugu Arakis. Eta alboan ditu: Linda Nochlin arte historialari eta idazlea; Alaska, Nacho Canut eta Siouxsie Sioux musikariak; David Delfin eta Pam Hogg diseinatzaileak...]

Interneten saltseatzen, arauari –kanon estetikoei, adibidez– barre egiten dion jendez inguratuta ikusi zaitugu. Artista, musikari, izar... zergatik ausartzen zarete batzuk, eta ez beste batzuk?

Nerabe nintzela, pentsatzen nuen bazeudela gauzek bere horretan segi zezaten nahi zutenak, eta bazeudela aldatu nahi zituztenak. Pentsatzen nuen lehenengoek bizi ziren munduari buruzko balantze positiboa egiten zutela, edo behintzat modu baikorrean ikusten zutela nola zihoazkien gauzak. Eta pentsatzen nuen bigarren taldean ginela mundua eta berau errepresentatzen duten arau estetikoak gustuko ez genituenok. Orain dena konplexuagoa iruditzen zait, eta kanon estetikoei jarrera ultrakontserbadoreetatik ere muzin egin dakiekeela uste dut. Dena dela, egia da zenbait estrategia estetikok oraindik ere badutela lotura zuzena aktibismo politiko subertsibo horrekin.

Atentzioa eman dit zure buruari argazkiak egiteko duzun zaletasunak.

Argazki mota jakin bat egiteko zaletasuna. Estrategia identitario eta politiko zehatz bat helarazten dute. Esaten nizun moduan, iruditzen zait punkak eta iraultza sexualak eztanda egin eta 35 urtera, oraindik, irudiak zentzu politiko subertsiboa izan dezakeela.

Belaunaldi berriek pentsa dezakete hauek denak iraganeko kontuak direla, atzean utzitako kapitulua. Hala ere, sexismoa, diktadura estetikoa eta jokabide erregelak egungo gazteen bizitzetan instalatuta ikusiko dituzu, bere horretan, ziur... nahiz eta baten batek pentsa lezakeen bere burua prestatzeko bi ordu behar dituen pertsona ez dela egokiena halakoak kritikatzeko!

Kar, kar! Hasteko, ez pentsa beti bi ordu behar izaten ditudanik etxetik ateratzeko! Daukadan denboraren araberakoa izaten da eta, batez ere, ateratzeko arrazoiaren araberakoa. Baina, serio jarrita, ez dut uste diktadura estetikoek batek prestatzeko behar duen denborarekin zerikusia dutenik soil-soilik. Adibidez: azken 25 urte hauetan nola ari dira konpontzen sexu, genero eta sexualitate kategorien arteko tentsioak? Ba, kategoria horiek, nola edo hala eta paradigma biomedikoaren bitartez, bi modelo hegemonikoetara birdoituz edo berregokituz. Beste modu batera esanda, gizon maskulino heterosexual edo emakume femenino heterosexual eredu horiekin bat ez datozen pertsonak tratamendu mediku eta kirurgikoen objektu bilakatuz, horrela mundura bi eredu horietako batetik hurbilago egonda itzuliko direlakoan. Horixe da promozionatzen den diskurtso instituzionala.

Baina, zergatik? Ez al dago hau gainditzeko benetako borondaterik? Zerk huts egiten du?

Sexu kategoria deseraiki beharra dago. Generoa eremu sozialean kokatutako kategoria diskurtsibo gisa jorratu izan da eta, nire ustez, ikuspegi honen albo-efektu gisa, sexua biologiaren esparrura eraman da berriz ere. Baina sexua ere eraikuntza soziala da, hori argi edukitzea erabakigarria da.

Hitz egin dezagun arteaz berriz ere. Gizonen ustezko bikaintasunarekin
ez ezik, elite ahaltsuarekin ere izan du lotura. Hortaz, genero perspektiba ez ezik, klase arteko borrokaren auzia ere txertatu beharko litzateke ikuspegi kritiko honetan. Produkzio molde alternatiboen joko eremua da.

Egia da artea oraindik, besteak beste, merkatu bat dela. Baina egia da, baita ere, XX. mendeko artearen historia boteregune politiko, ekonomiko eta kulturalei eginiko kritikaren historia ere badela. Artea hamaika gerraren gudu-zelai da egun, askotariko diskurtsoak sortzen dituena. Artista belaunaldi berriek perspektiba feminista txertatu dute kritika sozial, estetiko, kultural... gisa. Baina benetan interesgarria zera da: artearen baitatik ikustea nola funtzionatzen duen belaunaldi berri honek. Komeni da ongi bereiztea zer den alternatiboa artearen barruan, eta ez nahastea artea ez den beste esparru batzuetan egiten diren gauza alternatiboekin.

Zein dira kultura sozialagoa sustatzeko bideak?

Panorama europearrean, biderik nabarmenena izaera publikoaren aldeko apustua da. Kultura eta artea trukerako balore gisa ulertzeari utzi eta hauen benetako erabilgarritasuna lehenetsiko duten politika publikoak behar ditugu. Jakintza ekoiztearen eta zabaltzearen aldeko apustua egingo dutenak, entretenimendu eredu hipnotiko eta kontsumista alboratuko dutenak, gizon eta emakumeen aukera berdintasuna bermatuko dutenak.

Euskal Herrira etorrita, aipatzen zenuen guztia egi bihurtzeko bidean beharrezko ikusten al dituzu Tabakaleraren edo Alondegiaren tankerako proiektu eta inbertsio handiak?

Proiektu handi horiek kapitalismo kulturalaren logikari erantzuten diote, subjektu landuak sortu ordez subjektu entretenituak dakartzan  entretenimendu ereduaren baitan kokatzen dira. Eta, bertako artistak nazioarteko korronteetan txertatuko dituen berezko testuinguru kulturala indartu ordez, babesgabe uzten dituzte.

Amaitzeko, ezin gaia saihestu: lehiaketa publiko bat irabazita sartu zinen Montehermoson, eta orain erabaki arbitrario batek behartuko zaitu atea gurutzatzera. Udal Gobernu berriak azaldu duen moduan parekidetasunaren alde lanean jarraitzeko asmoa badute, zer da zugan gustatzen ez zaiena?

Azken udal hauteskundeen ostean, Gobernu berriko kultura buruak –Encina Serrano– zuzendari postuan jarraitzeko aukera eskaini zidan programan zenbait aldaketa egiteko baldintzarekin. Jakina, ez nuen proposamena onartu. Justu oraintxe hasia zen Montehermoso kultura geldoa deritzon horren oinarrizko adierazleetatik haratagoko emaitzak ematen.

Nola sentitzen zara hainbeste mimatu eta zaindu duzun umea besteren eskuetan uztera behartuta?

Hemen egin dugun lana, proiektua, jende askoren bizitzaren parte da dagoeneko. Artearen panoraman ez ezik, tokiko, estatuko eta nazioarte mailako mugimendu feministaren baitan ere erreferente bihurtu da. Adin nagusikoa da. Etapa berri honetan Montehermoson gertatuko denaz iritzi bat emateko ez daukat nahikoa daturik baina, edozein kasutan, bestelako proiektu bat izango da.

Eta hemendik aurrera, zer? Komisario independente izatera itzuliko zara?

Zenbait gauza egitea gustatuko litzaidake, eta gainera nahiko egitasmo ezberdinak dira elkarren artean. Baina, aurrena, hilabete pare batez atseden hartu nahi dut. Ea posible den.

ARAKISEN KUTTUNAK



Film bat: urte pare bat daramat pentsatzen Igmar Bergman-en Ormens ägg (1977) bizitzen ari garela berriz ere.
Abesti bat: azken hilabete honetan oso Into a swan (Siouxsie, MantaRay, 2007) sentitzen ari naiz.
Liburu bat: Beti kontsultatzen dut Lourdes Mendezen Antropología feminista (2008).
Artelan bat: Itziar Okarizen Irrintzi performancea.
Artista bat: Sanja Ivekovic-en erakusketa ikusi nahiko nuke...
Kulturgune bat: ... New Yorkeko Moma-n! Emakumeak programazio orokorrean sartzeko bidea zabaldu dute, azkenean!
Miresten duzu: azken aldian asko gogoratzen ari naiz Clara Campoamor-ekin, izugarria da emakumeen boto eskubidearen alde egin zuen esfortzua.
Kolore bat: Granatez inguratuta egotea gustatzen zait.
Herri / hiri bat: Kolore biziek Londresen sentiarazten naute, sufragisten eta punkaren hirian.
Osagarri bat: Peluka eskultura eta armadura bikaina da, janzten duzunean eskultura edo armadura ibiltari bihurtzen zaitu.