Walkman-ak 40 urtetik gora ditu jada!

Walkman-ak 40 urtetik gora ditu jada! 1979ko uztailaren batean Sony-k Walkman-a merkaturatu zuen. Aparatu honek musika entzuteko dugun modua erabat aldatu zuen eta jada 41 urte ditu! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/walkman-ak-40-urtetik-gora-ditu-jada/@@download/image/2da647d2-11fc-4ce3-940a-10a0eab4679c_16-9-aspect-ratio_default_0.jpg
2020/07/08

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

1979ko uztailaren batean Sony-k Walkman-a merkaturatu zuen. Aparatu honek musika entzuteko dugun modua erabat aldatu zuen eta jada 41 urte ditu!
Walkman-ak 40 urtetik gora ditu jada!

Masaru Ibuka, Sony-ren presidente ordeak bizitza lanpetua zeraman. Hegazkinetan bizi zela esan zitekeen, leku batetik bestera bere TC-D5 kasete grabagailuarekin musika klasikoa entzuteko. Arazo bat zegoen ordea: tamaina handiegia zuen. Orduan erakundeko garapen taldeari musika mundua betiko aldatuko zuen aparatu bat sortzeko eskatu zion. Horrela jaio zen Walkman-a. 

Hasieran, zuzendariaren beharretara egokitzen zen gailua zen, baina horren gustura geratu ziren emaitzarekin merkaturatzea pentsatu zutela egun osoan musika entzun nahi duten gazte horientzat. Horregatik merkatu nahi izan zuten udan, oporretan zeuden ikasleak erakartzeko. 

1979ko uztailaren batean iritsi zen dendetara TPS-L2-a 150 dolarretan. Kasete irakurgailu estereoa zen, metalikoa, kolore gris eta urdinekoa eta aurikularrak bertara konektatu zitezkeen. AAko bi pilekin funtzionatzen zuen eta garrantzitsuena: patrikan kabitzen zen. 

Sony erakundeak bere webgunean zehazten duenez, enpresa barruan eta kanpoan bazegoen zioenik porrota izango zela, izan ere, ez baitzuen grabatzeko aukera ematen, soilik soinua irakurtzekoa. Oker zeuden ordea: Sony-k 50.000 unitate baino gehiago saldu zituen lehen bi hilabetetan. Ez hori bakarrik: ibiltzera ateratzen hasi ziren pertsonen kopurua %30 hazi zen 1987 eta 1997 artean. 

Hala ere, Walkman-a ez zen lehen irakurgailu eramangarria izan, bai ordea benetan jendeak lehenetsi zuena. Musika eramangarriaren gurasoa Regency TR-1 izan zen, 1954 urtean merkaturatua. Irratia entzun zitekeen eta kilo eta erdi pisatzen zuen gutxi gora behera. Garai hartan hori sekulako aurrerapena zen, baina ez zen guztiz erabilgarria. Alta, produktu aitzindaria kontsideratzen da, ondorengo urteetan etorriko zirenen bide-erakuslea.

Guztia aldatu zen 1962an kasetea azaldu zenean. Philips marka holandarrak garatu zuen, ahalbidetuz soinua biltegiratzea garai hartan erabiltzen ziren zinta magnetikoak baino askoz txikiagoa zen leku batean. Disko biniloaren alternatiba bilakatu zen, eta hain zuzen horregatik, kasetearen sortzaileak izan ziren hauek irakurtzeko lehen irakurgailua ere merkaturatu zuten: Philips EL 3300. Patrikarako bazen ere kilo eta erdi pisatzen zituen eta beraz, etxean erabiltzeko hobea zen. 

Irrati-kasetearen kultura
Handik gutxira iritsi ziren irrati-kaseteak. Musikazale kartsuenek momentu hartan soinu fidelagoa eta kalitate hobeagokoa zuten. Irrati-kasete horiek ordea, izugarri pisutsuak ziren, eta sorbalda gainean eramaten zituzten horiek sekulako besaurreak garatzen zituzten. Alta, hiriko kultura oso bat garatu zen eurekin. Bilkura eta azpigenero musikalen sortzea ekarri zuen, horien artean daude hip-hopa eta rapa.  


Hala ere, 80. hamarkada aurrera zihoan heinean, kaleko zarataren aurkako arauak ere iritsi ziren eta irrati-kaseteak kaletatik etxeetara igaro ziren. Walkman-a geroz eta ospe handiagoa lortzen hasi zen eta horrekin batera gaur egunera arte iritsi den irudia garatzen hasi zen: kaletik ibiltzea musika entzuten dugun bitartean.