Vanesa Sanchez: "Askotan albisteak ez du amaierarik"

Vanesa Sanchez: "Askotan albisteak ez du amaierarik" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/vanesa-sanchez-quotaskotan-albisteak-ez-du-amaierarikquot/@@download/image/55p26-1_1366668565.jpg
2005/09/02
elkarrizketa
Jon Odriozola
Vanesa Sanchez: "Askotan albisteak ez du amaierarik"
Vanesa Sanchez 1972an jaio zen, Frantziako Maiatza gertatu eta lau urte geroago. Jada bost urte daramatza Parisen, eta urteak "arin" joan ei zaizkio. Munduko hiriburuetariko bat izanik, "eta bazter guztietako jende nahasketa topatu daitekeenez", Paris oso hiri kosmopolita iruditzen zaio.

Nolakoa da berriemaile baten bizitza?
Oso interesgarria. Hala ere, gaurkotasunezko albisteen morroi naizenez, informazioa sortzen denean bizitza pribatua sakrifikatu egin behar izaten dut.

Concorde hegazkinaren istripua 2000 urteko uztailean izan zen, baita zure zuzeneko lehen emanaldia ere. Mikrofonoa dar-dar batean ibili al zen?

Ez nuen batere ondo pasatu, eta urduritasuna, zarata eta tentsioaren ondorioz, bizkarreko minez etxeratu nintzen. Gaur egun, konexioak txukun ateratzen bazaizkit, primeran sentitzen naiz, baina oker eginez gero, hamaika buelta ematen dizkiot buruari. Hala da.

Zure buruarekin zorrotza al zara?

Bai, gauzak ondo egitea gustatzen zait. Jarrera hori gaixotasun bihurtzen ez den bitartean, ez dago batere gaizki.

"
Agur Xiberua" kantak zera dio: "Sor lekhia ützirik gazte nintzalarik, Parisen sarthü nintzan korajez betherik". Kanta horretan, islatua ikusten al duzu zure burua?
Ni ere "kemenez beterik" joan nintzen, era horretako pausoak oso motibaturik eman behar izaten baitira. Oraindik ere, gogo handia dut gauza piloa egiteko.

Iaz, Ukrainiako hauteskundeetako albisteak biltzera joan, eta tsunamiaren berri ematen amaitu zenuen: zero azpiko tenperaturatik, ziztu bizian igaro zinen berotasunera.

Bi une historiko aurrez aurre ikusteko aukera izan nuen. Kazetari bezala, aparta izan zen, baina baita oso gogorra ere. Thailandiara iritsi orduko, gertaera mingots baten ondorio gordinak ezagutarazten ahalegindu nintzen, eta oso hunkigarria izan zen.

Duela ia hiru urte, Italian lurrikara baten zuzeneko berria ematen ari zinela, lurra zelan "
mugitzen" zen sumatu zenuen.
Han ohartu nintzen, albisteak askotan ez duela amaierarik. Latza izan zen hura. San Giuliano di Puglian gertatu zen, eta gogoan dut haur-eskola bat erori, eta 23 haur hil zirela. Kanpin-dendetan bizi ziren herritarrez asko akordatzen naiz.

2002. urtean, frantziar hauteskunde presidentzialen azken lehian, Le Pen ultraeskuindarra izan zen Chiracen arerioa. Ezinegona nagusitu al zen etorkinen artean?

Frantses askok ikusi zuten nola ezkertiarrek, gogoz kontra, Chirac-en aldeko bozka eman behar izan zuten estatu faxista bat ekiditeko. Frantzia komunitate pilo batez osatua dagoela adierazteko elkartasun jarrerak antzeman nituen, baina berotasun hori desagertzen joan da. Nahiz eta frantzian jaioak izan, hainbat jatorritako herritar asko, magrebtarrak eta abar… nahiko baztertuta bizi dira: askotan diskriminazioaren jopuntu dira.

Maiatzean, Frantziak bizkarra eman zion Europako Konstituzioari.

Gehienek ez zioten Europari "ezetz" esan, baina kontua da, globalizazioa dela eta, kezka handia dagoela Frantziako eredu sozial ona galduko ote den. Gehiengoa ez da politikariez fidatzen, eta eskuindarren aurkako zigor botoa antzeman daiteke jarrera horren atzean.

Yasser Arafatek Frantziako erietxe batean eman zituen bere azken egunak. Gertaera hura ere gogoan duzu, ezta?

Atarian egon ginen kazetariok hotz izugarria pairatu genuen. Ikaragarria. Hainbat aldiz entzun genuen Arafat hila zela, eta informazioa zelan manipulatzen den ikusteaz gain, naturaz kontra pertsona bat bizirik zelan mantendu zuten ohartu nintzen: horra hor, dirua eta boterearen garrantzia. Zerraldoa helikopteroan zeramatela, bere jarraitzaileen jarrerak asko hunkitu ninduen.

Donostiako zinemaldiak Cannesko glamourra lortu nahi balu, zer egin beharko luke?

Agian diru gehiago inbertitu beharko luke, baina Cannesek ez du sekulan Donostiako gastronomia izango. Cannes show hutsa da, eta hedabideoi muga handiak jartzen dizkigute lanerako: Cannesko zinemaldia irudiaren azoka da.

Iraultza Frantziarraren hiru iparrorratzak "berdintasuna, anaitasuna eta askatasuna" dira. Homosexual frantziarrek hiru oinarri horiek nahiko urrun ei dituzte.

Frantziarrak oso jeloskor daude Espainiakoek lortu dituzten urratsekin. Bitxia da: zenbait eremutan Frantzia eredu izan da, eta orain, berriz, azken putz geratzen ari da alor askotan.

Kate motzean



Gasteizen urteak eman arren, Arrasaterekin harreman handia duzu.
Pena handiz, zazpi urte nituela egin genuen hanka Arrasatetik. Dena den, haurtzaroko lagunekin harreman estua dut oraindik.

Iruñean karrera amaitu ondoren, urte sabatikoa hartu zenuen dantza perfekzionatzeko.
1998-99 ikasturtean han eta hemen ibili nintzen, hainbat estudiotan: Frantzian, Herbeheretan… baita Euskal Herrian ere. Artearen munduak babes gutxi du hemen.

...eta ondoren heldu zitzaizun Parisen ETBko berriemaile izateko proposamena…
Eskaintzak poz handia eman zidan: dantza garaikidea egitearren albor batera utzi nuen kazetaritza mundu hori berreskuratzeko aukera izan nuelako. Erronka zail bezain aberasgarria da.