Tinderreko jokaerari jarraituz, gustukoen duzun esperma emailea aukera dezakezu aplikazio baten bidez

Tinderreko jokaerari jarraituz, gustukoen duzun esperma emailea aukera dezakezu aplikazio baten bidez Aplikazioan emaileak aukeratu, "match" egin eta haurra izateko akordioak zehaztu daitezke. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tinderren-jokaerari-jarraituz-gustukoen-duzun-esperma-donantea-aukera-dezakezu-aplikazio-baten-bidez/@@download/image/pexels-nadezhda-moryak-8685309.jpg
2025/10/27

Testua: Maitane Legarreta

Aplikazioan emaileak aukeratu, "match" egin eta haurra izateko akordioak zehaztu daitezke.
Tinderreko jokaerari jarraituz, gustukoen duzun esperma emailea aukera dezakezu aplikazio baten bidez

El Pais egunkariak esperma emaileak hautatzeko aukera ematen duen Erresuma Batuko Y Factor aplikazioaren berri eman du. Ohiko prozesuetan zorroztasunez araututako hainbat baldintza betetzea ez da nahitaezkoa bertan, esaterako emailearen anonimotasuna eta mediku azterketak.

Cryos esperma bankuaren sortzailea den Ole Schouk prozesua digitalizatzea erabaki du eta bertako erabiltzaileek emailearen ezaugarrien arabera —ile kolorea, altuera edo etnia— egin dezakete bilaketa bertan, haien emaile gogokoena aukeratze aldera. 

Aukeraketa egin ondoren match eginez gero, hau da, bien aldetik prestasuna badago, hitz egiteko aukera izango dute eta prozesua nola egin erabaki ahal izango dute. Hori bai, haien arteko elkarrizketa izateko, ordaindu egin behar da.

Emaileak hiru modutara eman dezake esperma: klinika batean edo etxean prozedura eginda, edo sexu harremana izanda. Horretaz gain, akordio pribatuak egin ditzakete eta baita umea jaio ondoren aita biologikoarekin harremana izan nahi duten ala ez erabaki ere. Harremanik ez izatea aukera dezakete, loturari eustea argazkien bidez, edo umea elkarrekin heztea bikote harremanik izan gabe.

Honek guztiak kezka eragin du, ohiko prozeduretan izaten diren hainbat kontrol baztertzea baitakar. Erresuma Batuko sisteman emaileei gaixotasun genetikoen eta sexu harreman bidezko gaixotasunen inguruko azterketak egiten zaizkie, eta, horretaz gain, emaileak eduki ditzakeen haur kopurua ere mugatzen dute. Espainiako Estatuan, esaterako, emaile batek sei haur izan ditzake gehienez. Aplikazioak, ordea, ez du emailaren identitatea egiaztatzeko exijitzen.

Horretaz gain, kliniken bidez esperma eman edo jasotzen dutenek babes juridikoa dute: emailea ez da jaiotza-ziurtagirian agertzen, eta ezin du aitatasun-eskubiderik erreklamatu. Akordio pribatuetan hori guztia airean geratzen da. 

Anonimotasuna ere legez babesten da Espainiako Estatuan, eta ez da norena den jakiterik izaten. Salbuespenetan baino ezin liteke hori hautsi, osasun arrazoiengatik esaterako, eta epailearen baimena behar izaten da. Bestetik, klinikak hautatu ohi du emailerik egokiena, baina pazienteek ez dute horretarako aukerarik.

Aplikazioaren arduradunen ustetan, ordea, anonimotasuna mantentzeak ez du zentzurik, gaur egun listuaren bidez senide biologikoak aurkitzeko hainbat atari daudelako Interneten. Horrek legedia aldatzea ere eragin du zenbait herrialdetan. Erresuma Batuan, 2005az geroztik, emaileek haien ondorengoek 18 urtetik aurrera harremanetan jarri ahal izatea onartu behar izaten dute. 

Aplikazioaren beharra nabarmentzen dute sortzaileek, ugalketa lagunduaren sistema tradizionala guztientzat erabilgarri ez dagoela eta. Osasun publikoaren bidezko sarbidea adinaren, sexu orientazioaren, egoera zibilaren eta bestelako baldintzen araberakoa da. "Ama bakarrak direnak, sexu bereko bikotekideek edo trans pertsonak sistematik kanpo gera daitezke edo luzaroan itxaron beharra gerta daiteke. Familia unibertsala da, baina familia bat eraikitzeko aukera izatea ez. App honek pertsonei eman nahi die boterea, familia pribilegioa izan ez dadin, baizik eta denok lor dezakegun zerbait" azaldu du Y Factor aplikazioaren kudeatzailea nagusiak.

Salerosketaren mamua ere bada tartean. Aplikazioan dohainik ikus daitezke profilak, eta hartu-emanengatik kobratzen da, ligatzeko aplikazio askotan bezala. Sortzaileek azaldu dutenez ez dute esperma saltzen, baina ez dute kontrolatzen erabiltzaileen artean ordainketarik ba ote dagoen. Espainiako Estatuan ez dago ordainsaririk, baina Osasu Ministerioak arautu eta finkatutako konpentsazioa bai. Dohaintza bakoitzeko 30 eta 50 euro artean eskaintzen da.

Hainbat galdera sortzen dira aplikazio honen bueltan: Erregulatu egin beharko ote litzateke aplikazio bidezko prozesua? Ziurtatu al daiteke inor esplotatu edo behartu ez dutenik? Zer gertatuko litzateke emaileren batek dozenaka edo ehunka ume sortuko balitu?