Uranga eta Alberdi, Euskadi Literatur Sariak

Uranga eta Alberdi, Euskadi Literatur Sariak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/uranga-eta-alberdi-euskadi-literatur-sariak/@@download/image/gaztezulo_euska_1476355295.jpg
2016/10/13
berria
Aurtengo Euskadi Literatur Sariak eman dituzte: "Besarkada" lanagatik saritu dute Uxue Alberdi, eta "Tartaroa. Mina, boterea eta egia" lanagatik Mitxelko Uranga Alvarez.

Aurtengo Euskadi Literatur Sarietan, euskarazko saiakerakoa Mitxelko Urangari eman diote, Tartaroa. Mina, boterea eta egia (Pamiela) lanagatik. Uxue Alberdik berriz, haur eta gazte literaturakoa jaso du, Besarkada lanagatik (Elkar).

Uxue Alberdi Estibaritz: Besarkada, Elkar

18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

- Epaimahaiak ikusitako merituak:



"Besarkada" lanak azal eta mami biltzen du besarkada batek sortarazten duen zirrara. Kanpoan haize bortitza dabilenean, bi beso hurbil sehaska bihurtzen dira. Haize-hotsa ahaztu egiten da, orduan, bihotz taupadak gertuago aditzen ditugulako eta beldurra uxatzen da, besoen borobil barruan mundutik gordeta sentitzen garelako; jantzita, eta ez biluzik.

Kopla bidez agertzen du hori guztia Uxue Alberdik, kontraste-giroa sortuz. Koplen egitura klasikoa harago doa, ordea, alde kontrajarrien arteko jokoa kode poetiko bilakatzen delako. Atmosferak, zentzuak eta zirrarak dira kode poetiko horren hizkuntza-baliabideak eta, honenbestez, pentsatzeko baino "sentitzeko" liburu baten aurrean gaudela esan dezakegu: "nahi al zenuke toki txiki bat nire besoen artean?"

Heldu batek ozenki irakur diezaioke haur bati, besarkada baten magalpean, baina biharamunean haurra izan daiteke helduari irakurtzen diona, rolak aldatuz. Izan daiteke haur batek beste bati irakurtzea ere, bitartekari batek horretarako bidea erraztu duelako.

Bitartekariaren arrimura dastatzeko liburua da, bada. Bitartekari batek irakurketa-bideak zabaltzeaz gain, ohiko kode ezagunetik at dauden hizkerak eta kontatzeko moduak errazten ditu, irakurketa-uneari intentsitate intimoa erantsiz, kasu honetan bezala.

Uxue Alberdik idatzi eta Maite Gurrutxagak irudikaturiko album ilustratu honek txikitasunaren handitasunari gorazarre egiten dio eta agerian uzten du literaturaren oinarrizko balio sotila: zu, ni, hitzak, irudiak eta guztiak biltzeko une bat.


Mitxelko Uranga Álvarez: Tartaroa. Mina, boterea eta egia, Pamiela

18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

- Epaimahaiak ikusitako merituak:


Tartaroa. mina, boterea eta egia lanak hainbat funtsezko gizarte-gogoeta plazaratu ditu egungo pentsamentu filosofikoan gako diren eztabaidetan sakontzeko aukera zabaltzen digutenak. Greziako mitologia abiapuntutzat harturik, hizpide ditu globalizazioa, demokrazia, kontsumismoa, biktimismoa, terrorismoa eta horiekin egungo gizartearen beldurrak eta mamuak. Mitxelko Urangak berezko ahotsa du hizketa-gai horietan guztietan, eta gogoetarako ate berri eta iradokitzaileak irekitzen ditu saiakera ulerterraz eta sakon honetan.