Bulegok 'Zugatik' single berria aurkeztu du eta 2027ko urtarrilean disko berria kaleratuko duela iragarri du

Bulegok 'Zugatik' single berria aurkeztu du eta 2027ko urtarrilean disko berria kaleratuko duela iragarri du Talde azkoitiarrak 'amore' izeneko disko berria urtarrilaren 12an argitaratuko du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bulegok-zugatik-single-berria-aurkeztu-du-eta-2027ko-urtarrilean-disko-berria-kaleratuko-duela-iragarri-du/@@download/image/bulego horizontala.png
2026/11/09

Testua: Maitane Legarreta
Argazkia: Penélope Cerezo

Talde azkoitiarrak 'amore' izeneko disko berria urtarrilaren 12an argitaratuko du.
Bulegok 'Zugatik' single berria aurkeztu du eta 2027ko urtarrilean disko berria kaleratuko duela iragarri du

Bulego taldea bueltan da, urtebeteko etenaldia egin ondotik. 2025eko azaroaren 9an eman zuten azken kontzertua Euskalduna Jauregian, eta hain justu ere urtebete geroago kaleratu dute hirugarren diskoaren aurrerapen kantua: Zugatik. Sorkuntzan murgilduta egon dira azken urtean, eta horren emaitza izango da 2027ko urtarrilaren 12an argitaratuko duten amore disko berria. 

Azken urtean hainbat diziplinatako profesionalekin aritu dira lanean, hala nola psikologia edota musika-ekoizpen adituekin, soinu-aukera berriak ikertu, egitura narratiboak garatu, konposatu eta esploratze aldera. Bilaketa horretatik jaio da amore lan berria, eta "disko hertsiki kontzeptuala" izango dela nabarmendu dute. Maitasunaren argilunetan esploratuko dute bertan. Greziar antzerki klasikoko elementuak oinarri hartuta, maitasunaren fase desberdinak zeharkatzen dituen pertsonaia baten istorioa kontatuko du kronologikoki ordenatutako hamabost kanturen bitartez. 

Giro horren baitan sortu da gaur aurkeztu duten Zugatik singlea, erakarpenaren emozioa islatzen duena. Taldeak 80ko hamarkadako synthpopera jo du, eta garai hartan bezala sintetizadoreak eta erritmo-kutxak berreskuratu dituzte, soinu horiek ikuspegi garaikide batetik berrinterpretatzeko asmoz.

Tom Lizarazuk konposatu du abestia, eta Stefano Maccarronerekin batera ekoiztu du. Brian Hernandez arduratu da nahasketaz eta masterizazioaz.