UNAMA: "Hego Euskal Herriko publikoa nahiko urrun ikusi arren, gauzak aldatzen direla iduri du"

UNAMA: "Hego Euskal Herriko publikoa nahiko urrun ikusi arren, gauzak aldatzen direla iduri du" Gauzak errealitate bihurtu aurretik amestea ezinbestekoa da. Proiekturik zirraragarrienak lehen pausua emanez hasi ohi dira. Hamalau urte igaro dira talde ziburutarraren lehen eta bigarren diskoaren artean; 'Iduzki xuria' argitaratu berri dute, UsoPopekoen laguntzaz. Inoiz ez delako berandu, beren proiektu berriaz mintzatu gara Domeka, Nahia, Kamila eta Unai Zubeldiarekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/unama-hego-euskal-herriko-publikoa-nahiko-urrun-ikusi-arren-gauzak-aldatzen-direla-iduri-du/@@download/image/53208680_1191584157676040_557751251991789568_o.jpg
2019/05/28
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Gauzak errealitate bihurtu aurretik amestea ezinbestekoa da. Proiekturik zirraragarrienak lehen pausua emanez hasi ohi dira. Hamalau urte igaro dira talde ziburutarraren lehen eta bigarren diskoaren artean; 'Iduzki xuria' argitaratu berri dute, UsoPopekoen laguntzaz. Inoiz ez delako berandu, beren proiektu berriaz mintzatu gara Domeka, Nahia, Kamila eta Unai Zubeldiarekin.
UNAMA: "Hego Euskal Herriko publikoa nahiko urrun ikusi arren, gauzak aldatzen direla iduri du"

Lau kide zarete unamatarrak, denak familiakoak; lana erraz ala zail egiten da familan?

Zail dena biltzea da, lana bera nahiko errex. Urteak pasatu eta berriz bildu ginelarik, oinaren forma hartua duten txapin zaharrak janztea bezala izan zen –usaina kenduta-.

 

Lehen diskoa 2005ean argitaratu zenuten, eta etenaldi luzearen ondotik, 'Iduzki xuria' diskoa plazaratu duzue; zergatik horren isilune luzea?
Preseski elkartzea zail egin baitzaigu garai batez. Adin batetik aitzina, lanak eta haurrek besteak beste biziak bete dizkigute, eta geografikoki urrundu gaituzte ere. Hiruzpalau entsegu egin genituen kantu berriak moldatu, borobildu eta grabatzeko asmoz, baina behar zen dedikazioa eta erregulartasuna ez genituen aurkitu.

Hala ere, gutako bakoitzak lehen haurra izan duen aldi guziz, bertze hiruek disko bat grabatu diote, haur kantuz osatua (gehienak bertsioak, eta hiruzpalau sortuak). Beraz, nonbait segitu dugu, baina itzalean, gure artean.

"Grabazioaren ondoko nahasketa egiteko mementoan gauzak ez dira nahi bezala gertatu, baina Usopopeko lagunek sostengatu gaituzte eta Johannes Buff gure nolazpaiteko salbatzailea izan da".

Nolakoa da kaleratu zuen lan berria?

Bikaina, nola ez!

Zailtasunekin topatu zarete?

Egia erran, bai, grabazioaren ondoko nahasketa egiteko mementoan gauzak ez dira nahi bezala gertatu, baina Usopopeko lagunek sostengatu gaituzte eta Johannes Buff gure nolazpaiteko salbatzailea izan da orduan. Zailtasunak gainditu eta dena behar bezala atera da azkenean.

Folk zantzuak, ahotsen polifonia jokoak eta pop melodiak dira nagusi lan berrian. Ze berritasun topatuko dituzte zuen zaleek?

Alde batetik musika mailan, instrumentazioak landuagoak dira, eta melodiak, lehen diskoan baino bizixeagoak oro har. Bertzalde, lehen diskoan lau ahotsak batera entzuten ziren maiz; azkenekoan bakoitzaren bozari leku gehiago egin diogu, eta lauak kantuz ari garelarik ere, ez dugu lauek beti melodia kantatzen.

"Grabatzeko gogoz ginen, baina laguntza beharra ere sentitzen genuen bereziki banaketa, salmenta eta segipena egiteko. Ez genuen diskoetxe handi batengana jotzeko gogorik, eta Usopop elkartekoak ezagunak ditugunez, haiengana joan ginen".

Erreferenterik izan al duzue?

Erreferente kontzienterik ez, baina Unamaren pausaldian lauok segitu dugu musikan (Kamilak pop-folkean, Unaik Irlandako musikaren inguruan bereziki, Domekak Greziako rebetiko musikan, Nahiak pop elektronikoan), eta beraz, pentsa daiteke gure lau iturriek zerbait ekarriko ziotela Unamari ere, hain segur.

Proiektua aurrera eramateko nola moldatu zarete?

Kantu batzuk bagenituen, baina lan anitz gelditzen zen antolaketak, ahotsak etab. borobiltzeko. Grabatzeko gogoz ginen, baina laguntza beharra ere sentitzen genuen bereziki banaketa, salmenta eta segipena egiteko. Ez genuen diskoetxe handi batengana jotzeko gogorik, eta Usopop elkartekoak ezagunak ditugunez, haiengana joan ginen. Biziki gogotsu agertu ziren, eta beraz udan hiruzpalau egun finkatu genituen, eta hamar kantu prestatu. Ondotik kate klasikoa izan zen: udazkenean Patrick Fischer-ekin grabatu genituen, ondotik Johannes Buffekin egin genuen nahasketa eta Jonan Ordorikak egin zuen masterra. Denak eskertzekoak dira, oso profesional onak izateaz gain jendetasun handikoak eta izigarri atseginak baitira. Diskoaren diseinua geronek egin genuen, Usopopekoen laguntzaz. Hedapena Usopopen gain da, baina Elkarrek ere zabaltzen du.

Iparraldeko taldea izanik, urrun ikusten al duzue Hego Euskal Herriko publikoa? Existitzen al da muga psikologikorik?

Bai, nahiko urrun, baina gauzak aldatzen direla iduri du. Aurten Oñatin jo dugu Beratu jaialdian, eta sekulako harrera ona izan dugu, jendea oso baikor ikusi dugu. Beharbada Badok bezalako plataformei esker, muga psikologiko hori ez da hain irazgaitza, eta Hego Euskal Herrian oinarrituak diren hedabideetan ere gure lan berriaren oihartzunik izan da.

Zein da betetzea gustatuko litzaizuekeen ametsa?

Hirugarren diskoa 2033 baino lehen ateratzea.