Unai Romano: "Torturatu nindutela erakusteko borrokatuko dut"

Unai Romano: "Torturatu nindutela erakusteko borrokatuko dut" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/unai-romano-quottorturatu-nindutela-erakusteko-borrokatuko-dutquot/@@download/image/71p14_1364902297.jpg
2007/02/02
elkarrizketa
Jon Odriozola
Unai Romano: "Torturatu nindutela erakusteko borrokatuko dut"
Egun osatuta dago, bai psikologikoki, bai fisikoki. "Duela ia sei urte torturatu egin ninduten. Esperientzia hartatik beldur pixka bat geratu zait: horrek barruan dirau", dio gasteiztarrak. Aske geratu zenean laguntza eskatu zuen, trauma osteko estresa gainditzeko: "Egoera gogor baten ondorengo ikara da hori". Unai Romanok pairatutakoa Joxe Mari Iparragirreren kanta baten pasarte batekin laburbil daiteke: "Giltzapean sartu naute poliki-poliki, negar egingo luke nire amak baleki".

2001eko irailean Guardia Zibilak 30 ordutan eduki zintuen inkomunikaturik. Ez ziren orduak berehalakoan igaro…
Ez. Guztia irailaren 6an hasi zen, eta jipoi ugari jaso ondoren, biharamunean erietxera eraman ninduten. Ordura artekoa ikaragarrizko bortizkeri jasanezina izan zen: lesioak… Gero, fisikoki oso gaizki nengoenean, tortura psikologikoari heldu zioten. Hau da, lagunak, neska-laguna… atxilotuko zituztela esaten hasi zitzaizkidan.

Eta azkenean, amari ere beste hainbeste gertatuko zitzaiola 'jakinarazi' omen zizuten.

Guardia zibilek etxea miatuz igaro zituzten laupabost orduetan, amak oso gaizki pasatu zuen. Negar batean ibili zen. Psikologikoki egoera hori aprobetxatu zuten ni ahultzeko.

Amari, Gasteiz inguruko laku batean, 'igogailua' egiten ari zitzaizkiola esan omen zizuten.

Bai eta antzerki antzeko bat ere egin zuten. Niregandik metro gutxietara zegoen guardia zibil batek ama atxilotua zutela eta zingira batera zeramatela esan zidan. Ondoren, "Unai, igogailua egiten ari zaizkio; beraz, kolaboratu", gaineratu zuen. Handik lasterrera oihu bat bota zuen guardia zibil horrek berak. Eta nire atzealdean, jendea, marmarrean: "Zer gogorra!", "Nork esango dio?"… Pertsona bat hurbildu egin zen, eta "Unai, bat-batean, ama hil egin da", esan zidan. Hura torturen azken txanpa izan zen.

Halako momentu batean, edozer sinesten al da?

Bai. Nik, une hartan, nire buruarekin borroka bat nuen: informazio hura egia zen ala ez. Ordura arte niri zer egin zidaten ikusita, azkenean, ama hilik zegoela sinetsi nuen.

Beraz, etxearen miaketa huskeria izan zen, gero zer etorri zen ikusita.

Dudarik gabe. Etxean dena miatu zuten. Madrilen 30 ordutan inkomunikaturik egon eta denetarik jasan ondoren, burua handituta eta itsuturik, bigarren aldiz, auzitegiko medikuarengana eraman ninduten. Eta berak erietxera eramatea eskatu zuen.

Bigarren bisitan, medikua izutu egin zen. Eta lehenengoan?  

Bere burua aurkeztu zuen. Agiri bat eman zidan, baina argazkikoak eta aurrez aurre neukan emakumeak ez zuten antz handirik. Ez nintzen fio. Ez nuela ezer edan ezta jan ere jakinarazi nion. Eta bera harrituta geratu zen. Jipoitu nindutela ere esan nionean, burua gainbegiratu zuen, eta ez zuela ezer ikusten esan zidan; dena ondo zegoela. Nik, ordurako, kolpeen ondorioz burua berotuta eta minduta neukan. Ondorengo egunean berriz ikusiko ninduela esan zidan.

Eta bigarren aldian, zure itxura ikusita, izutu egin zen eta erietxera eramatea eskatu zuen.

Guardia zibilei larrialdietarako auto bat eskatu zien, eta erietxerantz abiatu ginen. Bidean, amari buruz esandakoak kontatu nizkion oihu batean. Berak, egoteko lasai eta epaileari hots egingo ziola esan zidan.

Erietxera itsututa heldu zinen. Zer nolakoa izan zen medikuen erantzuna?

Ez dakit guardia zibilek zer kontu esan zizkieten medikuei. Sendagileek jipoi bat izan nuela zioten; nik, ezetz, jipoi ugari jaso nuela. Proba asko egin zidaten, eta garezurrean zerbait izango ote nuen zen haien kezka nagusia. Halakorik ez nuela ikusi zutenean, minari aurre egiteko pilulak eman zizkidaten.   

Torturatua izateak arrastoa utziko al dizu bizitza osorako?  

Bai. Hori jasan dugunok txip berezi bat daukagu. Egiten dituzten astakerien ondorioz, gure barruan, zerbait ukitu baitigute. Betirako izango gara torturatuak, nahiz eta batzuek besteek baino hobeto eraman. Nik aldez aurretik tortura kasuak entzunak nituen. Joseba Arregiren argazkiak ere ikusiak nituen —Joseba Arregi 1981ean hil zen, Espainiako poliziak eragindako torturengatik—. Baina gauza bat da hedabideetan ikustea edo entzutea eta beste bat, oso bestelakoa, nork bere larruan ezagutzea. Inkomunikazioa gogorra da. Eta haien zigorgabetasuna, zer esanik ez; bost axola zaie zer egin. Orduko pasarte gordinetako bat oso gogoan dut. "Hamar metrora jarrita buruan tiro egiten badizut, eta ihes egiten ari zinela esaten badut, kondekoratu egingo naute", esan zidan guardia zibil batek.

Hori guztia asmatu duzula diote zenbaitek…

Hain oihartzun zabala izan du burua puztuta ageri naizen argazkiak, non Guardia Zibilak erasora jo duen. Atxilotu ondoren egin zidaten guztiarekin ez dute nahikorik. Lau salaketa egin dizkidate: salaketa eta testigantza faltsua, mediku agiri bat faltsutzea, eta erakunde armatu baten laguntzaile izatea. Nahiz eta azken salaketa artxibatu zuten, Guardia Zibilak errekurritu egin du. Dena dela, torturatu nindutela agerian uzteko, azkeneraino borrokatuko dut.

Terrorismoaren Aurkako Legearen arabera, atxilotua inkomunikaturik hiru egunetan (72 ordu) eduki dezakete. Baina bost egunetara (120 ordu) ere luza daiteke epe hori.

Bost eguneko kalbarioa zer izan ote daitekeen behin baino gehiagotan pentsatu dut. Nik 30 ordu pasatu nituen beraien esku: 120 igarotzeak izugarria izan behar du. Hau hotzikara! Ni erietxera eraman ninduten… eta hori ez da oso maiz gertatzen.

Poltsa, flexioak, elektrodoak… hitz hutsak baino gehiago dira.

Pertsona bat erabat deusezteko erabiltzen dituzten metodoak dira. Tamalez, ez dira bakarrak.

30 ordu haietako zauriak orbainduko al dira inoiz?

Uste dut betirako geratu direla hor, nahiz eta urteekin dena sendatzen dela esan ohi duten. Eguneroko bizitza ahalik eta duintasun handienarekin aurrera eramateko ahalegina egiten dut.

"Terrorismoa"rekin lotura omen duten atxilotuen egonaldia bideo kameraz grabatzea proposatu du Baltasar Garzon epaileak. Zer iritzi duzu?

Egia esan, kontraesana da; urtetan, ehundaka torturatu egon direlako Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Garzonen aurrean. Horregatik, orain, epaileak neurri hori bultzatzeak barregura eragiten dit. Hala ere, aurrerapausoa da, baina ziur nago urtetan egindako presioaren ondorio dela. Urrats bat bada, bederen.

Amnesty International erakundeak, besteak beste, Espainian gertatzen ari diren torturak salatu ditu. Protesta horiek emaitza ekarri omen dute, beraz…

Bai, baina ez AIren protestek bakarrik. Nazio Batuen Erakundeko ikuskatzaileak egindako txostenak ere min handia eragin die bai Auzitegi Nazionalari, bai Espainiako Gobernuari.

Norbait atxilotu orduko torturak salatzeko joera dagoela diote zenbaitek.

Nik ezagututakoa ikusita, hori erabateko gezurra da. Beraiek bost egun dituzte nahi dutena egiteko, eta ez dago egiten dutenaren gaineko inongo kontrolik. Dena dela, torturak ez ditugu soilik atxilotutakook salatu, baita AIk, Tortura Prebenitzeko Komisioak… eta beste hainbatek ere. Gizarteak badaki tortura indarrean dagoela.

Iazko abenduan, EAJk, EAk, EHAKk eta Aralarrek bultzatuta, inkomunikazioa eta Auzitegi Nazionala desagertzeko proposamena onartu zuen Eusko Legebiltzarrak.

Tortura desagertzeko pauso handia da. Akordioa lortu baino lehen, lan handia egin zen: alderdiekiko harremana… Proposamena, ziurrenik, udaletxeetara eta gainerako erakundeetara eramango da. Behingoz, tortura desagertaraziko ahal dugu!

Alderdi guztiek ez dute begi onez ikusi proposamena.  Batzuen ustez, arduragabea da. Eta tortura, Espainian, "gezurra galanta" dela dioenik ere bada.

Bai PSE-EEk, bai PPk kontrako botoa eman zuten, eta arduragabekeria leporatu zieten gainontzeko alderdiei. Gobernuan biak txandatu egiten direnez, ez dut uste ez batak ez besteak Espainian tortura dagoela onartuko dutenik.   

Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean, bestalde, Ertzaintzaren kasuan inkomunikazioa kentzeko eskariak ez zuen aurrera egin. Ez al da kontraesana?

Erabat. Espainian gertatuz gero, aurka daude, eta hemen, ez. Baina Ertzaintzak ere tortura salaketei aurre egin behar izan die. EAJri, batik bat, ez zaio Ertzaintzarekin sartzea gustatzen; egia esan, kontraesan hutsa da.

15/02 sumarioko hamahiru akusatuetako bat zara. Fiskalak sei urteko kartzela zigorra eskatu du. Deklarazioak torturapean egin zenituztela diozue zuek.

Bai, epaiketa abenduaren 4an eta 5ean egin zuten Auzitegi Nazionalean. Hasieran, fiskalak laguntzaile izatea leporatu zigun, eta gero, erakunde armatuko kide izatea; hau da, sei urteko kartzela zigor eskaera. Bestalde, epaiketaren lehen egunean bertan, epaile eta fiskalak aldatu egin zituzten. Eta Frantzian preso dagoen akusatutako baten testigantza entzun nahi dutenez, epaileek epaiketa berria noiz egingo zain gaude. Gutxienez, sei bat hilabete atzeratuko da.

Polizia-etxeetan entzuten diren oihu askok behar adinako oihartzuna al dute?

Ez. Hor gertatzen diren gehiegikeriak inork gutxik entzuten ditu; hedabideetan, adibidez, ez da askorik azaltzen. Tabu moduko bat ikusten dut hor nik. Eta Euskal Herrian torturatu asko egon arren —6.000 inguru—, ez dute merezi duten oihartzuna. Esan ohi den bezala, 'ikusten ez dena ez da existitzen'.