Udazkeneko liburu nobedadeak

Udazkeneko liburu nobedadeak Udazkenean literatur nobedade asko kaleratu dituzte, denak ezin jaso, baina hona hemen batzuk: https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udazkeneko-liburu-nobedadeak/@@download/image/My project-1 (1).png
2022/12/06
erreportajea

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Udazkenean literatur nobedade asko kaleratu dituzte, denak ezin jaso, baina hona hemen batzuk:
Udazkeneko liburu nobedadeak

'EUSKALIA' - MIKEL ALVAREZ SARRIEGI (ELKAR)
Mikel Alvarez beasaindarrak zientzia fikziozko nobela jostalari, umoretsu eta zirikatzailea ondu du. Xabier Mendiguren editoreak hala definitu du: "euskal letretan inoiz atera den frikadarik zoroena eta ganberroena". Alvarezek XXIII. mendean kokatu du eleberria eta bertan euskal kultura hegemonikoa da. Euskaldunek gidatzen dituzte unibertsoko hamaika galaxiak, ehunka merindade eta milaka planeta, eta zorion eta ongizate maila betean bizi dira bertako biztanleak. Egoera hori arriskuan jarriko dute, ordea, Muturgogor barrutiko espainiar kulturaren eta hizkuntzaren defendatzaile diren erresistentziako kideek. Izan ere, XXI. mende hasierara bidaiatuko dute, iraultza hasi zen garaira, eta gaur egungo egoera ahalbidetu zuten gertakariak zapuzten saiatuko dira. Irakurleari sarri marraztuko zaio irribarrea aurpegian, baina hausnarketarako parada ere emango dio, hala nahi izanez gero behintzat. 

'KEINURA ITZULI' - ELENA OLAVE (SUSA)
Argitaletxearen hitzetan, "kontakizun handien aurrean, keinu soilen egia zalantzatian jarri du begirada" Elena Olavek poesia liburu honetan: "Testuaren eta bizitzaren arteko mugak arakatu ditu, nola bilatu poetika berri bat agerikoa ez denaren zurrumurruan, nola eternoak nahi luketen uneen testuran. Gorputza du horretarako esplorazio-zelai poetak, hura inguratzen duten kontzeptuak, irudiak eta galerak". 

'GUREAK ERE BADIRA. DESIRA,BOTEREA,EPIKA' - LUR ALBIZU ETA ERAITZ SAEZ DE EGILAZ (TXALAPARTA)
Gazteen inguruan kontu asko esan izan dira azken urteetan:  ez dakitela konpromisoa zer den, ez dagoela etorkizun desiragarri posiblerik, abertzaletasuna eta komunitatea ahuldu egin direla… Ideia horiek nondik datozen azaldu eta horiek problematizatu dituzte egileek liburuan, "afektuetan eta kolektiboan arreta jarriz eta eraldaketa sozialerako desira, boterea eta epika ardatz hartuta". Beren esperientzia, gorputz eta ikuspegitik aztertu dute orain arte eraikitako istorio komuna, eta hori berridazteko gakoak eman dituzte.

'NIRE MINAREN ETXEAN' - IÑIGO ANTSORREGI (ELKAR)
Osasun mentalaren gaia pixkanaka gizarteratzen ari den garaiotan, Iñigo Antsorregik bere bizipenen testigantza ekarri du liburu honetara. Depresioa zela-eta, bere burua hiltzeko zorian egon zen Antsorregi, eta agur-mezua ere prestatu zuen. Txantxetako kontuan izan ez arren, idazleak umorez eta broma giroan kontatu du bere prozesua: zerk piztu zion gaitza, nola iritsi zen egoera horretara, nola sentitzen zen egun haietan, eta baita nola atera zen ere. 

'AUTOBIOGRAFIA BAT' - ASSATA SHAKUR / ITZULTZAILEA: DANELE SARRIUGARTE (KATAKRAK)
JoAnne Deborah Byron Chesimard, Assata Shakur, Pantera Beltzen alderdiko aktibista estatubatuarra izan zen. Zayd Shakur aktibista kidearen eta Werner Foerster poliziaren hilketa leporatu zioten eta kartzelan preso egon zen bi urte eta erdiz. Bien bitartean, sei karguren inguruko epaiketak izan zituen, tartean bahiketa, eta bankuko lapurreta. Kolpatua eta torturatua izan zela salatu zuen. 1984an asilo politikoa eman zioten Kuban eta bertan bizi da. Han idatzi zuen autobiografia hau ere. 

'HARAGIZKO MAMUAK' - KARMELE MITXELENA (ELKAR)
Donostia Hiria saria irabazi duen ipuin-bilduma honetan hainbat pertsonaia agertzen dira: guraso zaharren ezintasuna nola-hala daraman semea, bere bizitza noragabea zuzentzeko asmoz bikote-zita batera jotzen duen norbait, etxeko jaun-andreen gustuak bete behar dituen neskame etorkina, ama izatea lortzeko gorriak ikusteko prest dagoen emakume ez haiz gaztea... Pertsonaiak hezur-haragizkoak dira eta euren arazoak ukigarriak, baina, aldi berean, alderdi ezkutu bat ere badute. Gizon-emakumeen asegaiztasunaz, ezagutzen ez dugunaren ikaraz edo ondoegi ezagutzen dugunaren beldurraz idatzi du Mitxelenak.

'UDABERRIRIK ANKERRENA' -UNAI ITURRIAGA ETA ALEX SANVI (ELKAR)
Komikia 2012an argitaratu zen, Durangoko bonbardaketan 75. urtemugaren bueltan, eta hamar urte geroago, berriz argitaratu dute, azal berrituarekin eta barruan ere aldaketa batzuk eginda. Liburua 1937ko udaberriko lehen egunetan kokatzen da. Mari eta Martin neska-mutikoak, aitona Eleuteriorekin batera, Durangora bidean doaz tropa faxistak Intxortako frontearen kontrako azkeneko erasoaldiari ekitear direla. Martxoaren hogeita hamaikagarrenean faxistek errukirik barik bonbardatuko dituzte Elorrio eta Durango,  liburuko protagonistak sarraskiaren lekuko direla. Faxistek hankapean hartuko dute Durangaldea, eta euren eskutik etorriko dira mendekua, umiliazioa, erbestealdi luzeak… 

'ITZALEN DAMA ETA PATXI BAKALLU' - URTZI LEONET SANTA CRUZ ETA INAKI G. HOLGADO  (ELKAR)
Itzalen Dama eta Patxi Bakallu fantasiazko kontakizuna da, itsas abenturarekin oso lotua, eta Euskal Herriko eta munduko beste herrietako mitologien arteko lotura egiten du. Hau da kontakizunaren nondik norakoa: "Laino Zuri Handiaren Lurraldean iluntasuna da nagusi; Tawhirimatea zeruetako jainkoa haserre dago, eta laino beltz eta ekaitzekin estali du eguzkia. Herri margotua erabat abailduta dago, baina gure protagonisten etorrerak piztu die itxaropenaren sugarra; Patxi Bakalluk badaki non bizi den haka dantzek aipatzen duten gizon iletsua; antzinako garai ilunetan eguzkia berriro distirarazi zuen gizatzar kementsua. Gure basoen zaindaria. Basajaun. Horretarako, Itzalen Dama, Patxi Bakallu eta Kamaka Portutxora etorriko dira, eta bertan Kotte Zaharra ipuin kontalaria eta Xaxi gazte misteriotsua batuko zaizkie oihanerako bidean".

'GARI ETA GOROLDIOZKO' - ANARI ALBERDI (SUSA)
Anarik ibilbide luzea eta oparoa du musikan eta bere zaleok beti estimatu izan dugu bere letragintza. Oraingoan liburu bilakatu ditu barruko pentsamendu eta sentimenduak. Lehen pertsonan emandako kontakizuna da, eta bi paisaiek egiten dute bat: garizkoak eta goroldiozkoak. 50 urteak bete eta aspaldi aita baino zaharrago dela jabetu den emakume bat ageri da, astearte iluntze batez, zinematik etxeranzko bidean; asteazken goizez, berriz, auto bidaia bateko denboraren eta espazioaren tolesturetan. Semaforoan bi galgo, bidearen errebueltetan ilaje kizkurdun emakume beltzaran bat, itsasoa gainezka, kontainerrak, fetuak, olibondoak, heskai artifiziala eta matematikaren poetika. "Orainaren gogoa eta oroimenaren galdera". 

'ALBUM' - FORMOL LABORATEGIA (SUSA)
Edurne Azkaratek, Intza Alkainek eta Mikel Ibargurenek osatzen dute Formol kolektiboa eta euren lehen lana izan da Album antzezlana. Millennial belaunaldiaren inguruan esaten direnak hartu eta euren hausnarketa eta barrunbeetatik sortutako proiektua da, modu indartsuan, pasioz eta benetakotasunez oholtzaratua. Antzezlana bere ibilbidea amaitzen ari da pixkanaka eta liburu honetan bildu dute. Obraren lekukotza hutsa baino gehiago da, ordea, obraren corpus eszenikora iritsi diren testuak bidean geratutakoekin uztartuz osatu baitute lana. Liburuaren amaieran obraren azpitik doan istorioa, konpainiarena, osatzen duen testu sorta ere bildu dute egileek.

   

'HAMAHIRU IPUIN' - LUISA CARNES / ITZULTZAILEA: DANELE SARRIUGARTE (EREIN)
27 belaunaldiko Luisa Carnes idazlearen narrazio hauetan honako istorioak aurki daitezke: bikote gazte baten laztanei begira lotsagorritu den moja; ugazabari planto egin dion jornalari-taldea; gerraosteko espetxeetan preso dauden emakumezko errepublikarrak; eta segregazioaren garaiko Estatu Batuetan bizi diren arrazarteko senar-emazteak. Hala azaldu du Erein argitaletxeak: "Ipuinak gogorrak bezain hunkigarriak dira eta emakumeak istorioaren erdigunean daude beti: emakume indartsu eta seguruak, otzanak eta lotsatiak, besteren haurra berentzat hartzeko gai diren ama ausartak, biktima isilak edo duin bezain menderaezinak".

'POZAREN ERDIA' - HARKAITZ CANO (SUSA)
Sonetoz osatutako bilduma da Harkaitz Canoren Pozaren erdia poema liburua. Azaldu dutenez, "batzuetan aski zaigu pozaren erdiarekin: birsortu dezakezuna suge-azal gisa, eta azal litekeena berdin arnasa hartuz, edo bistatu hutsez enara konklabe xaloa zelan urruntzen den hotzez herabe. Poz horixe, txertatzen zaituena galera guztien kontra. Ez du erdi horrek beste erdia iradokitzen?". Haurtzaroa, umorea, idazketa, desira, jolasa ekarri ditu lerro neurtu eta errimatuetara poetak.

'HODEIEN GAINEKO ALDEAN' - SANDRA GARAYOA ETA BERTOL ARRIETA (TXALAPARTA)
Bikotekidearen suizidioak sortutako mina jasan ezinda, bidaia batean abiatuko da Leire. Antsietateak ez dio urrun joaten uzten, ordea, eta errepideko gasolindegi batean geratuko da helmugara iritsi aurretik. Ezleku horretan egin beharko dio aurre doluari, Fernando Rusek Artikoan bizi izan zuen abentura lagun duela: 800 kilometroko bidaia, bakarrik eta oinez, ipar polo geografikoa helburu.

 

BERRIZ ZENTAURO - KATIXA AGIRRE (ELKAR)
XXI.mendearen erdialdean kokatu du Agirrek eleberria eta mundua pixka bat aldatu den arren, teknoloagiren garapenaren ondorioz, gaur egungoaren zantzu handiak ere baditu. Paula Pagaldai protagonistak proiektu pedagogikoak sortzen ditu, errealitate birtualaren laguntzaz. Halako baterako inspirazio eta datu bila joango da Parisera, turismoa ia desagerturik dagoen arren. Lehenengo feministatzat hartu ohi den Mary Wollstonecraft idazlearen bizitza eta Frantziako Iraultza ikertzea du helburu. Hainbat gai ageri dira eleberrian: gizartearen eta teknologiaren martxa, generoen arteko mugak, iraganarekin dugun harremana, bikoteen biziraupena...

GANOREXIA -IÑAKI SEGUROLA (ALBERDANIA)
Iñaki Segurolaren hilondoko saiakera da hau, eta honako gaiak jorratzen ditu: herria eta hizkuntzaren galerak sortzen dion mina, idazlearen ofizioa, gizakion arteko harremanak, bere beldurrak eta ametsak, fedea, Jainkoa, eliza eta baita espiritualitatea ere. Heriotza ere ageri da. Garbiñe Larreak adierazi duenez, "hainbat pasartetan zer nolako buru argia duen ikusten da, iraganeko motxilak sorbaldatik arintzeko beharra ere bai, eta gure artekoan, gizakien arteko hartu-emanetan, gozotasuna bilatu nahia ere nabari zaio. Gerora etorri zen gaitza, berak sakoneta beltza deitzen zion depresioa eta beronekin batera insomnioa, beldurrak, bakardadea, damuak, dolu zaharrak eta maskarak, horiek denak ikusiko dituzue testuan". 

'PUSKAK' - IRENE PUJADAS/ ITZULTZAILEA: AMAIA APALAUZA (IGELA)
Egunerokoan edonori gertatzen zaizkionak ageri dira hogeita bat istorioetan: puskatzen diren jaioberriak, merendolak hil hurrenekin, euli matazak dantzan; Johnny eta Jenny, Jenny eta Johnny, amaren atun-latak eta tomate-poteak, sudur berria duen senar ohia, edan eta elkar larrutzeko geratzen diren señorak, herrixketatik ihesi doazen bandalo alegerak. "Umore zantarra eta harridura dirdiratsua" duen liburutzat jo dute.

'SEX-SUA' - KARLOS TXAPEL ARETXABALETA (ELKAR)
Kontakizun erotikoen lehiaketetatan sari bat baino gehiago irabazi ditu Karlos Aretxabaletak eta GAZTEZULOren aldizkarian ere idatzi izan ditu halakoak. "Zentzumenak asaldatuz, sentimenduak eta irrikak azaleratzeko" ipuinak direla adierazi du argitaletxeak: "Disimuluz ezker eskua nire lo-zakuan sartu dut eta eztanda egitear dagoen haragizko panpina ferekatzen hasi naiz. Ez dut uste konturatu denik, biharamuneko mendi-bueltari buruz hizketan jarraitzen du hitz eta pitz. Nik, berriz, ezin dut bere gorputz biluzia burutik kendu; suabe-suabe larrua jotzeko galdegingo nioke. Dagoeneko beranduegi da, halere, nire eskua arinegi doa nire pentsamenduen aldean. Tentazioaz askatzeko modurik onena, tentaldian bertan erortzea da".

'LUR GAINEAN, ITZAL AZPIAN' - LEIRE MILIKUA (SUSA)
"Argia. Fokua. Ikusgarritasuna. Aitortza. Bai, horiek guztiak behar dira existitzeko, ikusiak izateko, eta, hala, eragin ahal izateko. Alabaina, hori da patriarkatuaren ezaugarrietako bat, emakumeen gaineko itzala. Eta hori da zeharkatzen gaituen sistema". Saiakera honetan emakume nekazarien parte hartzearen egoera gerturatzen du egileak: batetik, erakusteko emakumeek sistema patriarkaleko edozein arlo eta eremutan dituzten egiturazko ezaugarriak partekatzen dituztela; eta, bestetik, ikusarazteko nola landatar eta nekazari izaerak zapalkuntza-geruza gehigarriak dakarzkien testuinguru urbanozentrista eta kapitalistan.

'PUTA ZIKINAK. SEXU-LANGILEEN ESKUBIDEEN ALDEKO BORROKA' -MAC JUNO ETA MOLLY SMITH/ ITZULTZAILEA: AMAIA ASTOBIZA (KATAKRAK)
"Prostituzioak adiera ugari ditu, eta sakoneko emozioak azaleratzen ditu. Batez ere, inoiz sexurik saldu ez dutenei gertatzen zaie hori, sexu-salmenta modu sinbolikoan ulertzen dutenei. Prostituzioaren ideiak imanak bezala erakartzen ditu lanari,maskulinitateari, klaseari eta gorputzei buruzko galderak; gaiztakeria arketipikoari eta zigorrari buruzkoak; nork 'merezi' duen zer; zer esan nahi duen komunitate batean bizitzeak; zer esan nahi duen norbait komunitate horren mugetatik at bidaltzeak. Prostituzioarekiko jarrerek lotura handia izan dute beti arrazarekin, mugekin, migrazioarekin eta nazio-identitatearekin, batzuetan ageriki, maiz ezkutuan. Sexu-lana ganbera korazatu bat da, non gizarteak bere beldur eta kezkarik larrienak gordetzen baititu".

'NON GOGOA...' - JAVIER MINA ETA PEDRO OSES (DENONARTEAN)

Javier Minak idatzi eta Pedro Osesek ilustratutako nobela grafikoa da. Osesek marraztutako bederatzi istorio biltzen dira, denak ala denak 1980 eta 2000 bitartean sortuak eta orain berreskuratuak. Pedro Oses marrazkilariaren beste grina, mendizaletasuna,  bereganatuko du irakurleak, gizakiaren eta naturaren arteko harreman berezi bat deskribatzen den komiki honetan. Hainbat herrialdetako gizon eta emakumeren bederatzi istorio, besteak beste, Iñaki Aldaia nafarrarena eta Bianca di Beaco italiarrarena.

 

'BAR GLORIA' - NEREA IBARZABAL (SUSA)
Baserritar jatorriko Lopetegi familiak -Patxi eta Bizenta gurasoek eta Ana, Rakel, German eta Miren seme-alabek osatua- herri industrializatu batean dagoen taberna hartuko du errentan laurogeiko hamarkadan. Han bi mundu elkartuko dira: batetik, urbanoa, fabrika handietako langileria, eta, bestetik, nekazal tradiziotik datorrena, landa eremukoa. Bar Glorian zerbitzatzen aritzen diren hiru lagun gazteren bizimodua du ardatz kontakizunak, Ana eta Rakel ahizpena, eta Migelena. Eguneko lan-zamaren ostean, mahaiaren bueltan elkartzen dira, patxaran pixka bat edan eta elkarren babesean egunerokotasunari eusteko. Ametsak, ezinak, lanari makurtzea, norbere izateari eusten saiatzea haizea kontra dagoenean, kanpo presioa, ardura, maitasuna, bortxa, gizonkeria, familia, adiskidetasuna, desira, gaixotasuna, komunikazioa eta beste hainbat gai jorratzen dira liburuan. Norbere korapiloei begiratzeko parada ematen du Ibarzabelen lehen eleberriak.

 

'NIK EZ DAKIT BESTE GAUZA BATZUEN BERRI' - ELISA LEVI / ITZULTZAILEA: IRENE ALDASORO (ALBERDANIA)
Protagonista eta narratzaileak, 19 urte ditu, eta bizitza osoa eman du lau kale, eliza bat, janari-denda bat eta inoiz zeharkatu ez duen basoa dituen herri batean. Txakurra galdu duen gizon bat agertzen da bere aurrean, eta marihuanaz alaitutako zigarro batek irauten duen bitartean, atzo mundua zergatik amaitu zen kontatzen dio etorri berriari.


HERIOTZARI AURREZ AURRE BEGIRA - OSKAR GAZTELU (EREIN)
Lan honen helburua heriotzari buruzko teorietara hurbiltzea da, gure inguruan nagusi diren erlijioek argudiatzen dutena alde batera utzita. Bizitzako hainbat esperientzia bildu ditu autoreak, batzuetan gertuko senideen heriotza izan da sormen-iturri. Beste testigantza batzuk heriotzatik gertu dauden jendearekin lan egiten duten pertsonen esperientziak izan dira, eta hauen ondorioak ere azaltzen ditu; baita heriotzarekin izututa dauden pertsonekin era terapeutikoan lan egiten duten adituena ere. Heriotza hurbiletik bizi izan duten senideen benetako esperientziak ere gehitu ditu. 

'NATURA GURE ESKU' - AIORA ZABALA AIZPURU (ALBERDANIA)
Gizakiaren eta ingurumenaren arteko harremanei buruzko gogoeta egiten du egileak liburu honetan, bizipen pertsonalak, gaurkotasun osoko gertakizunak eta ikerketa lanetatik eratorritako ebidentziak tartekatuz. Liburuak agerian jarri nahi du larrialdi klimatikoa eta bioaniztasunaren galerari eta haiei dagozkien erabakiei buruz askatasun eta kreatibitate handiagoz pentsa daitekeela eta, azken batean, ekin. Egilearen asmoa mezu positibo edo baikor bat helaraztea ere bada, asko baita, azken finean, norbanakoak –gutariko bakoitzak, alegia– egin dezakeena gizataldeen, enpresen, gobernuen eta, funtsean, gizarte osoaren norabidea eta erabakiak bideratzeko. 

'TXIKLE BAT MARRUBIZKOA' - IGOR MERCADO ETA ALBER GARCIA (EREIN)
Peru Abarka Album Lehiaketa irabazitako liburua da Igor Mercado bilbotarrarena. Hau da istorioaren nondik norakoa: "San Juan gaua da herri txiki batean. Dena dago prest: egurrezko metak eta autotxokeak; gizonak tabernarako gogoz, umeak eta gaztetxoak harat-honat. Ospakizun giroa, ordea, edozein momentutan hautsi daiteke".