Saiko abeslariak bere dantzari izandakoen homofobia salaketei erantzun die

Saiko abeslariak bere dantzari izandakoen homofobia salaketei erantzun die Koreografo eta dantzari lanetan Saikorekin aritutakoek diskriminazioa jasan zutela azaldu dute, eta musikariak ukatu egin du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/saiko/@@download/image/saiko-1024x576.jpg
2025/10/23

Testua: Maitane Legarreta

Koreografo eta dantzari lanetan Saikorekin aritutakoek diskriminazioa jasan zutela azaldu dute, eta musikariak ukatu egin du.
Saiko abeslariak bere dantzari izandakoen homofobia salaketei erantzun die

Azken egunotan Saiko abeslari granadarraren izena bolo-bolo dabil sare sozialetan. Alber Montero koreografo eta dantzariak, berak eta beste zortzi dantzarik Saikorekin bizitakoen berri eman du sare sozialetan zabaldutako bideo batean. Monterok kontatutakoaren arabera, Saikok eta haren lantaldeko beste kideek ez dute dantzari horiekin harremanik izan, eta entseguetan ohikoa omen zen haiek ez agurtzea eta hitzik ere ez egitea. Baztertu egiten zituztela azaldu du Monterok, eta artistak taldeko dantzari heterosexual bakarra agurtzen zuela soilik. Argi utzi du, beraz, homofobia arazoa izan dela, eta diskriminazioa jasan dutela haien homosexualitateagatik. 

Hurrengo bira egiteko kontratatu zutela adierazi du Monterok, baina birarako dantzari homosexualak proposatzean ezezkoa jasotzen zuela, "femeninoegiak" zirela eta. Azkenean "lau dantzari heterosexual hartu zituztela" gaineratu du. Dantzari gehiago behar zituzten kontzertu baterako Monterok bere bikotekidea laguntzaile modura kontratatzeko proposamena egin zuen, lehen ere Saikorekin lan egin izan duelako eta emanaldia ezagutzen duenez, gainerako dantzariekin aritzeko aproposa izango zelakoan. Ezezkoa eman omen zioten, ordea, "luma handiegia duelako". Koreografoaren kasuan ez zen traba izan antza, lantaldearen hitzetan "gutxiago nabaritzen zaiolako".

Gertakari hauen ondotik, Saikorekin zuen lana uzteko erabakia hartu zuen Monterok. Artistak deitu egin zion orduan, eta koreografoak adierazi duenez, Saikok erabaki horiekin zerikusirik ez zuela azaldu zion, eta komentario haiek lantaldeko beste kide batenak zirela, eta ez bereak. Langile hori kaleratu egingo zuela aipatu zion Saikok, baina Monterok ohartarazi du artistarekin lanean jarraitzen duela oraindik. Geroztik beste batzuk ere kexatu dira artistak eta haren taldeak LGTBIQ+  komunitateko kideei ematen dien tratuaz. 

Egoera horren aurrean, musikari granadarrak bere jarrerari buruz esandakoak ukatu ditu, eta "salaketa faltsuak" direla azpimarratu du. Horretaz gain, gertatutakoarekin zerikusirik ez duela nabarmendu du, eta koreografoarekin hartu-emanean aritutako langileak bere izenean hitz egiten zuela esan arren, ez zela hala. Pertsona hori kaleratu egin zuela azaldu du, eta koreografoaren lana uzteko erabakia errespetatu eta ulertu egin zuela, "ez zegoela eroso" ikusita. 

Argi utzi nahi izan du "ezagutzen dutenek badakitela ez dela homofoboa", eta gaur egun oraindik ere halakoak gertatzeak nahigabea sortzen diola esan du.