Udalerri euskaldunetan ere, ikus-entzunezkoak kontsumitzerako garaian gaztelania nagusi

Udalerri euskaldunetan ere, ikus-entzunezkoak kontsumitzerako garaian gaztelania nagusi UEMAk euskararen erabileraren inguruko datuak argitaratu berri ditu eta behatu du udalerri euskaldunetan ere gazteek, gehienbat, gaztelaniazko edukiak kontsumitzen dituztela ikus-entzunezkoetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udalerri-euskaldunetan-ere-ikus-entzunezkoak-kontsumitzerako-garaian-gaztelania-nagusi/@@download/image/Goǃazen_6.0.jpg
2022/09/30

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

UEMAk euskararen erabileraren inguruko datuak argitaratu berri ditu eta behatu du udalerri euskaldunetan ere gazteek, gehienbat, gaztelaniazko edukiak kontsumitzen dituztela ikus-entzunezkoetan.
Udalerri euskaldunetan ere, ikus-entzunezkoak kontsumitzerako garaian gaztelania nagusi

Horretaz oharturik UEMAk adierazi du euskarazko edukien eskaintzaren aldeko apustua premiazkoa dela hizkuntzaren erabileran atzerapausoak eman nahi ez badira. 

Izan ere, ikus-entzunezkoek eragin zuzena dute gazteen hizkuntza gaitasun zein ohituretan, eta kontsumitzen duten eduki gehiena gaztelaniaz sortutakoa izan ohi da. Sare sozialetan, bideojokoetan, telesailetan oro har, pantailen atzean sortzaile eta erreferente euskaldunak falta dira. Hizkuntza ez da traba izaten, zeren eta euskarazko eskaintza ona denean gazteek ez dute arazorik produktu hori kontsumitzeko. EITBren Go!azen telesaila jarri du adibidetzat UEMAk eta adierazi du euskarazko edukien aldeko apustua egiteko ardura handia duela EITBk. Kontsumoa bultzatu nahi bada, eskaini egin behar da. 

"Ikus-entzunezkoen kontsumoa udalerri euskaldunetan" goiburupean, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak egin berri duen ikerketa batetik ateratako ondorio nagusiak dira. 11.600 inkestetan jasotako emaitzekin osatu dute txostena. Gazteek ikus-entzunezkoetan egiten duten kontsumoa aztertzea izan da helburua, "horren argitan, hizkuntza politika egokiak lantzeko". Telebista eta plataformak ez ezik, sare sozialak, musika eta bideojokoak ere aztertu dira, eta horrekin batera, ikasleen hizkuntza ezaugarriei buruzko datuak bildu diraUEMAko udalerrietan egin da ikerketa, eta, beraz, gune soziolinguistiko jakin bateko gazteen ohituren argazkia da zabaldutakoa.

Sare sozialena da aztertu den ataletako bat. Udalerri euskaldunetako gazteek gehien erabiltzen duten sare soziala Youtube da (% 85), eta atzetik ditu Whatsapp (% 74,1), Tiktok (% 65,3) eta Instagram (% 56).  Hizkuntza erabilerari dagokionez, sare sozialetako jardunean gaztelania da hizkuntza nagusia alde oso handiz: Youtuben, esaterako, edukien hamarretik zazpi gazteleraz kontsumitzen dituzten bitartean, euskarazkoak ez dira % 10era ere iristen. Hori bai, edukiak sortzerako orduan, Instagramen, adibidez, euskarazko edukien sorkuntza % 50ekoa da.

Telebistari dagokionez, berriz, sei ikasletik batek adierazi du ez duela telebistarik ikusten, eta kopurua areagotu egiten da adinean aurrera egin ahala. Batxilergoan, adibidez, ia lautik batek ez du ikusten telebista. Ikusten dutenen artean, ETB1 da ikasleek gehien aipatutako katea, alde esanguratsuarekin. Lehen hizkuntzarekin lotura estua dauka ETB1en kontsumoak: euskara lehen hizkuntza dutenen artean dauka irismenik handiena, eta nabarmen jaisten da gainerako hiztun tipologietan. Erdarazko kateen artean, honako hauek dira gehien aipatuak: Telecinco, Clan, FDF, ETB2 eta Neox.

Bestalde, bost ikasletatik lauk plataformak erabiltzen dituzte, eta horietan kontsumitzen diren edukietan, gaztelania da nagusi. Parte hartu duten lau ikasletatik hiruk azken telesaila edo marrazki biziduna gaztelaniaz ikusi du. Euskararen gainetik daude beste hizkuntzak ere. Go!azen (% 45)  telesaila dago bakarrik gehien ikusitako telesailen zerrendan, eta euskarazko telesailetan gehien ikusten diren hurrengoak % 10etik behera daude: Altsasu ( %8), Ihesaldia ( %4) eta Alardea ( %3). La casa de papel da gehien ikusitakoa (% 54).

Era berean, bideojokoen kontsumoa gaztelaniazkoa da batez ere: bideojokoak erabiltzen dituztenen artean, bostetik lauk adierazi dute gaztelaniazko jokoetan aritzen direla gehienbat. Euskarazkoen erabilera % 4tik beherakoa da, eta euskarazko bideojokoak baino gehiago erabiltzen dituzte beste hizkuntza batzuetakoak.

Azkenik, bi dira musika entzuteko gazteek erabiltzen dituzten plataforma nagusiak: Youtube eta Spotify, eta hor ere, gaztelania da hizkuntza nagusia; erdiek entzuten dute musika gaztelaniaz, eta beste erdian, paretsu daude euskaraz eta gainontzeko hizkuntzetan sortutako musika. Lehen Hezkuntzan dauden ikasleek entzuten dute euskarazko musika gehien.