Tupust! komikia jaio da

Tupust! komikia jaio da Tupust! kolektiboak sortutako antologiako istorio guztiak Niaren bueltan garatzen dira. Istoria guztiek hitz egiten dute Niaz era batean edo bestean. Komikiaren aurkezpena martxoaren 25ean izango da Donostian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tupust-komikia-jaio-da/@@download/image/tupusttxalaparta.jpg
2019/03/22

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Tupust! kolektiboak sortutako antologiako istorio guztiak Niaren bueltan garatzen dira. Istoria guztiek hitz egiten dute Niaz era batean edo bestean. Komikiaren aurkezpena martxoaren 25ean izango da Donostian.
Tupust! komikia jaio da

Komiki hitza erabili arren, irakurleek askotariko komiki ereduak aurkituko dituzte Tupust! antologian. Batzuk testuan oinarritzen dira, beste batzuk irudia soilik erabiliz garatzen dira. Batzuk bineta, marrazki eta testu asko dituzte, beste batzuk berriz irudi mutu bakarrarekin guztia esana dute. Hamalau komiki izango dira, hogei egile eta helburu bakarra: komikigintzatik eta euskaraz eredu tradizional heteropatriarkala deseraikitzea.

Amets Gurbiola Negugogorrek koordinatutako lehen edizio honetan parte hartu duten egileak ondorengoak dira: Irati Eguren Arruti, Paula Estévez, Arrate Rodriguez, Maite Caballero, Danele Sarriugarte & ‘Josevisky’ Larratxe, Maite Gurrutxaga & Irati Jimenez, Irati F.G. & Regina Salcedo, Nerea Unanua Otxoantesana & Amaia Lekunberri Ansola, Txakur Gorria, Loinaz Lekuona, Maitane Gartziandia, Ainara Azpiazu Aduriz ‘Axpi’, Eider Eibar & Miren Amuriza eta Leire Urbeltz & Hedoi Etxarte.

Komikiaren aurkezpena martxoaren 25ean izango da Donostiako Komikigunean (Errege Katolikoak, 16) 12:00etan. Horrez gain, leku berdinean Tupust! komikiaren erakusketa martxan izango da martxoaren 25etik 29ra. Ordutegia: 11:30-13:30 eta 17:30-19:30

Tupusten lehen zenbakia Txalapartak argitaratu du eta hauxe da egileek sortu duten manifestua komikia zer den azaltzeko:


"Orokorrean, umorea eta satira, eta are zehazkiago binetagintza eta komikigintza MASKULINITATEEK gobernaturiko esparruak izan dira. Bai, baita gure Euskal Herri txiki honetan ere. Egoerari erreparatzerakoan, harrigarriki beldurtu gintuen ikusteak zeinen TRADIZIONAL eta HETERONORMATIBO (izan) garen istorioen nahiz gorputzen sorkuntzan eta zeinen espazio gutxi (izan) duten ikuspegi BINARIO horri kontra egin eta harago joateko nahia (izan) duten sortzaileek. Bazterretik jardun behar izan duten baztertuak (izan) dira. Euskal Herrian oso iraultzaileak izan gara gai jakin batzuen inguruan, baina oso tradizionalak genero-sexu rolen eraikuntzan, estereotipoen betikotzean.
Hori guztia gutxi ez balitz, Euskal Herria ere ez da libratzen akademiak eta industriak hauspotuta mundu mailan bolo-bolo dabilen FALAZIA kontzientzia-anestesiagarritik: emakumeek ez dute komikigintzan, binetagintzan, umoregintzan eta satiragintzan lan egin nahi (eta falazia hori hedatu dute beste hainbat subjektuetara ere. Gizon zuri heterosexual mendebaldarraren eredutik kanpoko subjektuek, hots, BESTEEK —transek, queer jendeak, beltzek, pobreek…— ez omen dute komikia egiteko interesik). Argumentazio hori ahula bezain interesatua da, esparru publikoa maskulinizatzeaz gain, errealitatearekin etengabe talka egiten duena.
«Komikigintzaren Historia Ofizialak» itzalean utzitako egileei argi egiten jarri dituzte fokuak Josune Muñoz (EH), Elisa McCausland (Espainia), Betsy Gomez (AEB) edota Samantha Meier (AEB) bezalako ikertzaileek eta, bide batez, bazterretatik lanean dihardutenen lanak ezagutarazteaz gain, merezi duten errekonozimendua aitortzen diete akademiatik. Era berean, ‘Autoras de Cómic’ (Espainia), ‘Spring’ (Alemania) eta ‘Femicomix’ (Finlandia) bezalako kolektibo interesgarriak ere sortu dira azkenaldian. Baita argitalpen interesgarri mordo bat ere, hala nola, ‘Enjambre’ (Espainia) eta ‘Resist!’ (AEB).
Ingurumari horretan interesgarria iruditu zitzaigun martxan jartzea Euskal Herri mailako ‘komiki-antologia-edo-dena-delako-zerbait-feminista-queer-eta-gehitu-nahi-duzuen-guztia’. «Hemen gaude!» esateko. Eta sorkuntza modu zurrunekin apurtzeko. Eta kontatu nahi dugun hori kontatzeko. Gainera, euskaraz. Eta egile profesionalak egile amateurrekin nahastuz, oso-oso garrantzitsua baita hasiberriak direnei bultzada ematea eta, areago, lehen aukera bat eskaintzea.
Tupust! deituriko komiki antologiaren atzean, izen bereko kolektiboa dago. Kolektiboa Donostian sortu zen 2016. urtean, eta helburu nagusienak dira (1) komikia eta feminismoa uztartzea, (2) egileen arteko komunitate bat osatzea, (3) sare hori baliatu ahal izatea lan/proiektu berriak abiarazteko zein izan ditzakegun zalantzak partekatzeko eta (4) gure intereseko hitzaldi, erakusketa, egitasmo eta abarrak antolatzea eta sustatzea, tartean, Tupust! komiki antologia feministaren argitalpena bera.”

 

Esandakoa, Tupust! “Ni”. 14 komiki. 20 egile. Egitasmo honek tupust egin ez dezan zuri dagokizu, irakurle, konplize bihurtzea antologian barrena galduz eta aurkituz.