Tor, gure salbatzailea

Tor, gure salbatzailea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tor-gure-salbatzailea/@@download/image/20096164tor_gur_1362695152.jpg
2009/06/05
erreportajea
Gorka Julio
Tor, gure salbatzailea
Gure pribatutasuna jokoan jartzen duten gauza asko daude Interneten. horren adibide dira Edozein aitzakiaren bidez gure bizitza (digitala) kontrolatu nahi duten legeak eta baita enpresa batzuek baimenik gabe egiten dituzten informazio jarraipenak eta metatzeak. Horien aurrean babesteko tresna asko ditugu, baina oraingoan Tor proiektuari erreparatuko diogu.

Batzuek diote gure komunikazioetan eta sarean uzten dugun arrastoa ezkutatu nahi izatea zerbait txarra egin izanaren seinale dela, baina hori gezurra da. Sarean nabigatzen dugunean intimitaterako eskubidea dugu, etxean gertatzen dena babesteko eskubidea dugun bezala. Hori besterik ez da. Baina erabiltzaileon pribatutasun eskubidea ez dagoenez guztiz bermatua, Tor bezalako tresnak erabiltzea lagungarri izan daiteke.

Gure ibileren jarraipena (trafiko analisia) egiten dutenengandik defenditzeko tresna da Tor. Izan ere, trafiko analisiak gure askatasun pertsonala, pribatutasuna, negozio eta erlazioen konfidentzialtasuna eta abar eraso ditzake.

Horren aurrean, Torrek, erabiltzaileek eraiki eta munduan banatutako zerbitzari sare baten bidez, sarean egiten dugun ibilbidea eta gure kokapena inork ez zelatatzea lor dezake. Tor, gainera, eguneroko tresna askorekin integra daiteke: nabigatzailearekin, bat bateko mezularitza programekin… Eta edozein sistema eragiletan instala daiteke.

Tor egitasmoari buruzko informazio guztia proiektuaren webgunean aurkituko duzue, baina, horretaz gain, badira Tor erabiltzeko erraztasuna ematen duten hainbat tresna. Horietako bat Firefox nabigatzailearentzako Tor botoia da (https://addons.mozilla.org/firefox/addon/2275). Botoi horri esker, eta unean unean ikusten ari garen atariaren arabera, Tor sistema abiarazi edo ken dezakegu. PortableTor (http://portabletor.sourceforge.net/) ere beste aukera interesgarri bat da. Firefox nabigatzailearen bertsio berezia da eta, ezer instalatu gabe, nabigatzailea exekutatu eta Tor abiarazteko aukera ematen du.

Gure eskubideak bermatzeko ez dago sistema perfekturik, baina Tor sistemari esker gutxieneko segurtasuna lor dezakegu.

HARRITU GAITU


Wikipediako argazkirik onenen artean (http://commons.wikimedia.org/wiki/File:Biandintz_eta_zaldiak_-_modified2.jpg) euskaraz izendatutako argazki bat ikusteak harritu gaitu. Oiartzungo Bianditz mendia eta zaldi batzuk dira argazki horretako protagonistak.

KATXONDOENA



Gizon probak Japonian (http://enekochan. blogspot.com/2009/04/la-fuerza-de-los-vascos-envidiada-en.html). Euskaldunon gizon probak Japonian ere ezagunak dira. Horrela erakusten du 80ko hamarkadan Japongo telebista kate batek eskainitako bideoak.  "A" bitamina omen duen Takeda izeneko botikaren publizitatea egiteko ere baliatu zituzten irudiak. 

INFORMAZIO BILA


ZuZeu (http://zuzeu.com): ZuZeu albistegi digital berri bat da, internet zale euskaldunok munduari begiratzeko leiho bat. ZuZeuk erabiltzaileon parte-hartzea behar du albisteak, edukiak… sareratzeko. Multimedia edukiek ere garrantzia handia dute albistegi berri honetan.