Telebista hizpide

Telebista hizpide https://www.gaztezulo.eus/albisteak/telebista-hizpide/@@download/image/32p45-1.jpg
2003/07/04
erreportajea
Amets Arzallus
Telebista hizpide


Telebistari buruz eztabaida izan genuen etxean. Ez ginen, batek futbola ikusi nahi zuela, besteak Goenkale, eta 'mandoari' tiraka ibili. Gure eztabaida, telebistaren edukiaren eskasari buruzkoa izan zen. Arinkeria asko dagoela alegia. Eta horregatik egiten zaio askori astuna. Aitak zioen, jendeak hori ikusten duela telebistak besterik eskaintzen ez diolako. Amak, berriz, telebistak hori eskaintzen duela jendeak besterik ikusten ez duelako. Azkenean, ez ziren adostasunera iritsi, eta 'mandoari' tiraka ibili ez arren, bakoitzak bere astoari arre. 

Lehengo batean, ordea, TVEri begira egon nintzen. Telebista nahi duenean maisu ona izan daitekeela erakutsiz, gizakiaren garapenari buruzko erreportaje bat eskaini zuten: "La odisea de la especie". Gustura egon nintzen begira, zerbait ikasten ari nintzelakoan. Eta ikasi nuena zera zen: aitak arrazoi pixka bat bazuela. Jendeak lau soseko programak irensten dituela, txukunagorik eskaintzen ez zaiolako. Gerora jakin bainuen erreportaje hark ikus-entzule ugari izan zuela. 

Baina orduan, zer dela eta hainbeste arinkeria? Halako gizartea nahi dutelako? Gizarte jantziak boterea arriskuan jartzen duelako? Aitak baietz esango luke, eta nik ere ezetzik behintzat ez. Izan ere, telebistaren bidez gizakion pentsatzeko, ulertzeko eta munduaz interesatzeko gaitasuna mugatzen ari dira. Hala bada, gizakiaren bilakaeraren erreportajean fase bat ahantzi zitzaien. Homo erectus, homo habilis eta neanderthalen urratsen ondoren, gizakiaren aurrerapena homo sapiensekin bukatzen zela azaldu zuten. Ahaztu zitzaien, homo sapiensen ondoren telebistarekin bizi den gizakia agertu dela. Bere aurrekoek ez bezala, atzera egin duen gizakia.

Tour de France : les basques et les espagnols



Uztailean, Frantziako Tourra emango du telebista frantsesak. Eta alde horretatik aipagarria da kazetari frantsesak hasiak direla ikasten. Euskalteleko edozeini "le basque" deitzen diote. Orain, Joseba Belokiri "l"espagnol" ez deitzen ikasi behar dute.

Balorerik gabe



Etxeko oihal guztiak puskatzea, autoa apurtzea, ordenadorea harrika botatzea... Horrelakoak ikustea ohikoa da ETB2ko “¿x cuanto?” saioan. Diru truk jendea edozer egiteko prest dagoela bagenekien, baina bultzatzen ari diren baloreak are kezkagarriagoak dira. Denetarik dugu, eta soberan, gainera. Ezta?