Taupaka jaio da, euskal sortzaileak batuko dituen elkartea

Taupaka jaio da, euskal sortzaileak batuko dituen elkartea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/taupaka-jaio-da-euskal-sortzaileak-batuko-dituen-elkartea/@@download/image/2012824171taupaka_2.jpg
2012/12/13
berria
Taupaka jaio da, euskal sortzaileak batuko dituen elkartea
Urte honen hasieran desagertu zen MusikHerria diskoetxea, eta orain bertako zenbait kide izandakoek elkarte berri bat sortu dute, Taupaka. Musikariek sortutako proiektua den arren, ez da soilik alor horretara mugatuko, sormen diziplina orotako artistak biltzeko asmoa baitu. Enpresa baino, elkarte kultural moduan definitu du bere burua Taupakak Bilbon eginiko aurkezpenean, eta elkarlanean oinarrituko direla argitu.

Sorkuntza eta produkzioa lanean ahalik eta esparru gehien kudeatzea da Taupakaren asmoa, eta beraz, diskoak eta bestelako edukiak sortzeko azpiegiturak lantzeaz gain, banaketan eta zuzeneko emanaldietan ere arituko dira. Beren helburua merkatuaren legeetatik haratago, copyleft moduko sistemak lehenestea da, kulturara ekoizteko ahalmena nahi duen orok izan dezan.

Taupakaren baitan bilduko diren taldeen katalogo bat osatuko dute, eta beren webgunean jarriko, denen eskuragai —oraindik lanean hari dira, laster izango da prest atari berria—.

Halaber, beren arteko laguntza kolektiboa indartzea, sortzaile alternatiboei lekua egitea eta euskara sendotzea izango dira Taupakaren egitekoak. Esperientziak elkarbanatuz, elkarrekin arazoak konpartituz, helburuak errazago beteko dituztelakoan daude.

Taupakaren izaera


Autogestioa: Errekurtsoak komunean jarriz eta elkarri lagunduz aterako da aurrera elkartea.
Euskalduna: Euskal Herriko proiektua izaki, euskal kultura eta sorkuntza bultzatuko ditu.
Emakumeen aldekoa: Sorkuntzaren munduan emakumeen papera bultzatuko du.
Copyleft: Sorkuntza lanak zabaltzeko aukera eskainiko dute.
Elkarte kulturala: Taupaka ez da enpresa bat, kultur elkarte bat baizik, eta ez du irabazi asmorik.
Harreman zuzenak: Sorkuntzaren munduko beste eragileekin harreman zuzena izango du.

Parte hartzeko


Taupakan era aktiboan edo pasiboan parte hartu ahal izango duzue. Aktiboa bileretara joatea eta erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzea izango litzateke; pasiboa, aldiz, Taupakak eskaintzen dituen zerbituzak erabiltzea.