Taula luzea hemen da

Taula luzea hemen da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/taula-luzea-hemen-da/@@download/image/longboard_1_1370518212.jpg
2013/06/10
erreportajea
Testua: Maider Arantzeta, Argazkiak: Maider Sierra (Try It web)
Patineteak, santxeskiak, skateak badute anaia nagusia. Luzeagoa, handiagoa, longboarda; gure kaleetan gero eta gehiago ikusten den tramankulua. Kirol, jolas zein garraiobide garbi eta gozagarria.


Batzuek diote Kalifornian sortu zela, beste batzuek Hawaiin izan zela. Batera edo bestera, guztiak bat datoz honakoan: olaturik gabeko egunetan surf egarriz zebiltzan surflariek asmatu zuten. 50eko hamarkadan izan zen. Taula bat hartu, roller patinen ardatz eta gurpilak jarri, eta kaleetan zehar surf mugimenduak imitatuz asetzen zuten egarria. Sidewalk surfing deitu zioten hastapenetan.

1959an hasi ziren dendetan saltzen, baina benetako iraultza 70eko hamarkadan jazo zen, ordura arte erabilitako altzairuzko eta buztinezko gurpilak alde batera utzi eta uretanozkoak  heldu zirenean. Zorura hobeto atxikitzen ziren eta samurtasun sentsazioa transmititzen zuten. Eta taulen forma nahiz neurrietan ere gauza berriak agertzen hasi ziren, skateboardak eta long-    boardak bakoitzak bere bideari ekinez.

Orain, hirugarren loraldia bizitzen ari da eta, ingurumenaz eta iraunkortasunaz kezkatuta gauden honetan, alde batetik bestera mugitzeko alternatiba paregabea da. Lanera taula gainean doazenak gero eta gehiago dira. Eta aisialdi zein kirol bezala, gazte eta ez hain gazteen artean indarra hartzen ari da mugimendua.

Taulari buruz jakin beharrekoak
Nork bere gustu eta erabileraren arabera taula egokia aukeratzeko, hainbat aspektu hartu behar dira kontuan. Hasiberriek: dakien bati galdetu.

Flex edo malgutasuna: Ezaugarririk garrantzitsuenetakoa da, izan ere, forma berdindun baina malgutasun ezberdindun bi taulak sentsazio oso ezberdinak transmititzen dituzte. Flexa duten taulak erosoagoak dira, ponpatzea ahalbidetzen dute, baina abiadura handietan ezegonkorrak dira. Flexik gabeko taulak, aldiz, egonkorragoak dira, biratze agresiboagoak ahalbidetzen dituzte, trikimailuak egiteko egokiagoak dira... baina patinatzeko deserosoagoak.

Wheelbase edo ardatzen arteko distantzia: Ez     nahastu taularen luzerarekin. Ardatz batetik besterako distantziaren arabera, taulak ezaugarri ezberdinak izango ditu. Aldea laburra bada, bizitasun gehiago izango du eta mugimendu azkarrak egitea ahalbidetuko du. Ardatzen arteko distantzia handia bada, aldiz, taula egonkorragoa izango da eta birak zabalagoak izango dira.

Konkabo edo ahurtasuna: Taularen gainazalak bi forma izan ditzake, ahurra edo laua. Taulak konkaboa baldin badu, oinak hobeto helduko dio eta kontrolatuagoa izango da, baina flex gutxiago edukiko du. Laua baldin bada, aldiz, malgutasun gehiago izango du, baina oinentzako irristagarriagoa izan daiteke.

Nose edo sudurra: Aurreko ardatzetik taularen puntaraino doan zatia da. Zenbat eta luzeagoa izan, taularen aurrekaldean pibotatzeko aukera gehiago emango du.

Tail edo buztana: Atzeko ardatzetik taularen amaierara arte doan zatia da. Hau ere luzea bada, pibotatzeko erraztasuna handiagoa izango da, eta gorputza makurtu gabe taula altxatzea errazagoa. Trikimailu asko egiteko atal garrantzitsua. Taula batzuk guztiz simetrikoak dira eta, beraz, hauetan ez dago sudurra eta buztana ezberdintzerik.

Modalitateak
Taula gainean modu batera ala bestera ibili, kontuan hartu kaskoa eta ukondo zein belaunetako babesak erabiltzea beharrezkoa dela. Segurtasuna beti gogoan hartu!

Downhill: Aldaerarik ikusgarriena, 130 kilometro orduko abiadurak harrapa daitezke eta. Malda handiko bide luzeetan aritzen dira honetan, mendateetan adibidez. Abiadurak erortzeko arriskua eta hauen larritasuna areagotu ditzakela kontuan hartuta, ohikoa da gorputz osoko larruzko jantzia eta kasko integrala soinean praktikatzea. Taulek ez dute flexik izaten, zurrunak izaten dira eta grabitate zentroa baxu izaten dute.

Carving: Modalitate bat baino gehiago, patinatzeko estilo bat da. Snowboardean bezala, ezker-eskuin biratuz bidean aurrera egitea da. Horretarako, taula bigunak erabiltzen dira, ponpatxoak eginez abiadura hartzeko. Bide ertzetako aldapatxoak edo garaje sarrerak baliatu daitezke adibidez.

Dancing: Izenak berak dioen bezala, taula gainean dantza egitean datza, taularen aurrealdetik atzealdera eta alderantziz oinak eramanez, zangoak gurutzatuz, martxan taulatik jaitsi eta berriro igoz... Lurzoru lau eta luzean praktikatzen da, patinaje zelaietan adibidez.

Sliding: Frenatzeko teknikarik erabiliena da, denboraren poderioz, aparteko modalitate bilakatu dena. Martxan goazen bitartean taula norabidearekiko perpendikular jartzean datza. Bi modutara egin daiteke: mugimendua aldapari bizkar emanez eginda, toe slide; edo aldapari begira eginda, heel slide.

Cruising: Longboarda leku batetik bestera joateko erabiltzea. Garraiobide merkea, ez du kutsatzen eta dibertigarria da. Ondo prestatutako bidegorri sarea duten hirietan, bizikleta bezalaxe, lanera joateko modu alternatiboa izan daiteke.
Slalom: Jatorrietatik datorren modalitatea. Kono batzuk iladan jarri eta ahalik eta abiadurarik handienean sigi-saga konoak pasatzea. Banaka egin daiteke edo binaka, elkarren aurka, nor lehenago heldu amaierara.

Pool: Piszinan patinatzea. Skateboardarekin jatorria partekatzen duen modalitatea. Skatearekin alderatuta, taularen aurrealdea altxatuz ezker-eskuin pibotatu ordez, piszinako hormetan gora eta behera birak eginez ibiltzea. Zenbat eta taula laburragoa izan, hobe. 70eko hamarkadan Z-Boys taldeak modan jarri zuen.

Endika Zabala: "Merkatuan indartsu sartzeko moduko produktua lortu dugu"



Lekeition bada taula hauek eskuz eta banan-banan egiten dituen enpresa txiki bat: Ixi Boards. Endika Zabalak argitu dizkigu proiektu honen nondik norakoak.


Nola sortu zen Ixi Boards?
Duela hiru urteko udan, lagun bati longboarda erditik apurtu zitzaion. Berria erosi beharrean, konpontzeko saiakera egitea erabaki genuen, baina ezinezkoa izan zen. Eta behin hasita, geure buruari galdetu genion ea hasieratik berri bat egiteko gai izango ote ginen. Interneten taulak nola egiten ziren irakurri, bideoak ikusi, egurrak erosi eta probak egiteari ekin genion.

Denborapasa lanbide bilakatu zaizue. 
Beno, bi urte luze pasatu ditugu ikertzen, taulak hobetzen, eta jendeak esan digu merkatuan indartsu sartzeko moduko produktua lortu dugula. Hala, Lea-Artibaiko Garapen Agentziak antolatzen duen enpresa berrien lehiaketara aurkeztea erabaki genuen, eta irabazi! Diru-laguntza bat jaso eta Gizaburuagako Okamika poligonoan tailerra jartzea erabaki genuen. Enpresa duela gutxi jarri dugu martxan eta oraindik ez gara honetatik bizi, baina espero dugu etorkizunean hala izatea.

Nolako taulak egiten dituzue?
Momentu honetan bost modelo ditugu eta beste hirutan lanean ari gara laster plazaratzeko. Hauetako bakoitza modalitate jakin baterako diseinatua dago. Egurrari dagokionez, apustu sendo bat egin dugu. Egun merkatuan dauden ia taula guztiak astigar amerikarrez edo banbuz eginak dira, baina egin ditugun probetan ikusi dugu gure lurretan betidanik izan dugun pagoaren egurrak ere gainontzekoen antzeko ezaugarriak ematen dizkiola taulari. Hori da gure apustua.

Euskal Herrian badago zaletasunik?
Bai, gero eta gehiago gara kirol hau praktikatzen dugunok. Herrietan skate eta longboard taldeak  lehenagotik ere izan dira, eta berriak sortzen ari dira. Ikastetxeetan, bestalde, eskolaz kanpoko ekintza gisa hartzen dute eta ikastaroak antolatzen dituzte. Gure helburuetako bat horixe da, herrietako taldeekin eta ikastetxeekin elkarlanean kirol hau sustatzea. Adibidez, Lekeition Komando Ranpa Bako taldeak Resurreccion Maria de Azkue ikastolan gazteentzako ikastaroa antolatu du, eta guk materialarekin lagundu diegu. Kirol hau ezagutzera eman nahi duen orok zabalik ditu gure ateak.