Tania Elosegi: "Golfa oso herrikoia da AEBetan"

Tania Elosegi: "Golfa oso herrikoia da AEBetan" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tania-elosegi-quotgolfa-oso-herrikoia-da-aebetanquot/@@download/image/65p20-1_1365514005.jpg
2006/07/07
elkarrizketa
Jon Odriozola
Tania Elosegi: "Golfa oso herrikoia da AEBetan"
1980an Donostian jaiotako golf-jokalaria. Oso pozik dago orain arte lortutako emaitzekin; "zelaian ez dakit hotza naizen, baina kalkulatzailea bai, behintzat" dio.

Gaztetan, erraketa utzi eta golf makila hartu zenuen.
Bost urterekin hasi nintzen tenisean jokatzen; eta bederatzirekin, berriz, golfari ekin nion. Hamabi urteak bete arte, bi kirolak tartekatu nituen, eta hamabi urterekin, golfean murgildu nintzen buru belarri.

Golfean ona zara. Tenisean, nola moldatzen zinen?

Nahiko ondo. Behin, entrenatzaile batek, txapelketetan parte hartzeko moduko mai-la nuela esan zidan, eta gehiago entrenatu behar nuela esan zion amari. Amak ezetz erantzun zion.

2003an eta 2005ean, Europako Emakumezkoen  taldekako txapelketak irabazi zenituen.

Garaipen haiek poz handia eman zidaten. Hala ere, hemen futbola eta golfa ez dira konparagarriak, futbolak oihartzun handiagoa du golfak baino.

Duela gutxi hasi zara profesional gisa. Zer moduz?

Enpresa ikasketak irailean amaitu nituen. Zer egin pentsatzen aritu ondoren, golfean profesional izateko txapelketa bat jokatu nuen azaroan. 130 jokalarirekin batera aritu nintzen, eta 15. postuan geratu nintzen. Oso gustura nabil.

Nolakoa da Europako Zirkuitua?

Amateurra nintzenean ere, txapelketa profesionaletan parte hartu nuen. Presio handia dago.

Bataz beste, 120 arerio izaten dituzue urtearen buruan.

Bai. 20 bat torneotan, lehiakide kopuruan hor nonbait biltzen gara.

Zirkuituan sartuta zabiltza. Zer moduz doa?

Bai, zirkuitua otsailean hasi zen Australian, eta urria aldera amaituko da Dubain. Orain artekoak ikusita, egindako apustuak merezi duela iruditzen zait, egun asko etxetik kanpo eman behar ditudan arren. Emaitzarik onena Tenerifeko torneoan lortu nuen: bigarren gelditu nintzen.

Europako Zirkuituan aritu arren, AEBetako Zirkuituan parte hartzearekin amets egiten duzu.

Gauza handia litzateke, baina hura beste kontu bat da; oso bestelakoa. AEBetan golfa oso kirol herrikoia da: NFL, NBA eta beisbolaren atzetik, jarraitzaile gehien dituen kirola da. Hedabideetan oihartzun handia du, eta emakumezko golf jokalariak oso ezagunak dira.

Carlota Ziganda, 16 urteko nafarra, indartsu dator.

Oso. Datozen urteetan zeresana emango du, ziur.

Anika Sorenstam, "golfaren erregina" al da?

Bai. Gizonen artean Tiger Woods egiten ari den marka hobetzen ari da. Itzela da.

Eta Michelle Wie?

Marketinaren ondorioa da. Orain arte ez du ezer irabazi, baina denon ahotan dabil.