Tana Garridok, Izaro Ieregik, Miren Edurne Herranek eta Zigor Urrutiak egingo dituzte erakusketak datorren urtean Gasteizko Montehermoson

Tana Garridok, Izaro Ieregik, Miren Edurne Herranek eta Zigor Urrutiak egingo dituzte erakusketak datorren urtean Gasteizko Montehermoson Euren proiektu artistikoak hautatu dituzte deialdira aurkeztutako hogeita zortzi proposamenen artean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tana-garridok-izaro-ieregik-miren-edurne-herranek-eta-zigor-urrutiak-egingo-dituzte-erakusketak-datorren-urtean-gasteizko-montehermoson/@@download/image/collage.png
2022/07/05

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Euren proiektu artistikoak hautatu dituzte deialdira aurkeztutako hogeita zortzi proposamenen artean.
Tana Garridok, Izaro Ieregik, Miren Edurne Herranek eta Zigor Urrutiak egingo dituzte erakusketak datorren urtean Gasteizko Montehermoson

Monterhermoso Kulturuneak jakinarazi ditu 2022ko Proiektu Artistikoen deialdiaren ondotik proposatutako proiektuen artean aukeratuak. Tana Garridoren La Casa modelo; Izaro Ieregiren Yegua, manca y zurda; Miren Edurne Herranen Social (t)issues; eta Zigor Urrutiaren Babel (de la torre a Google) dira lan hautatuak. 6.000 euroko laguntza ekonomikoa eta katalogoa egiteko aukera izango dute, eta euren erakusketak 2023an ikusi ahal izango dira Montehermoson.

Tana Garrido (1989) arte garaikidearen, dokumentalaren, ikusizko entseguaren eta kultur dinamizazioaren artean mugitzen da. Espainiako Estatuan, Eskozian zein Italian egin ditu ikasketak. Bere lanak arte garaikideko hainbat zentrotan erakutsi dituzte, hala nola Azkuna Zentroan (Bilbo), Artista x Artistan (Habana), Sant Andreu Contemporanin (Bartzelona), La Capellan (Bartzelona) eta BilbaoArte Fundazioan (Bilbo). Jaialdietan ere izan dira ikusgai bere lanak, Bartzelonako Visual Sound, Uruguaiko Atlantidoc edo Donostiako Dock of the Bay-n esaterako. Egun, emakumeek egindako film laburren Bendita Tú jaialdiko programatzailea eta sortzailea da, eta Edinburgoko Iberoamerikako Zinema Dokumentaleko Jaialdia programatu du.

Izaro Ieregi (Algorta, 1987) Arte Ederretan lizentziatua da EHUn eta artearen sorkuntza eta ikerketako masterra du. Bilboko Okela espazio independenteko artista eta bazkide sortzailea ere bada. Hainbat erakusketatan hartu du parte, bai banaka, bai taldean. 2018an bigarren Ertibil saria jaso zuen eta 2019an hirugarrena. Japonian egoitza bat burutu zuen.

Miren Edurne Herran (Alemania, 1978). Gasteizen eta Berlinen bizi eta egiten du lan. Arte Ederretan lizentziatua da eta hainbat master egin ditu. Horretaz gain, goi mailako ikasketak ditu Jantzien Estiloan eta Solfeoan. Bere lanek egunerokotasunarekin, topaketarekin eta norbanakoen arteko komunikazioarekin dute lotura. Izaera performatiboa ere eman ohi dio sarri bere jardunari. Hainbat beka eta sorkuntza-sari jaso ditu eta bere lanak Gasteizko ARTIUM Museoan, Almeriako Argazkilaritzako Andaluziako Zentroan, Gijongo Barjola Museoan, Madrilgo ARCOko ABC Kultur Standean, Frankfurteko Komunikazioaren Museoan eta beste hainbat galeriatan izan dira ikusgai.

Zigor Urrutia (Bilbo 1971) Arte Ederretan lizentziatua da. Banakako eta taldekako erakusketetan hartu du parte Bilbon, Gasteizen, Donostian, Madrilen eta Valentzian. Bere lanetako batzuk Artium Museoaren eta Arabako Foru Aldundiaren jabetzakoak dira. Egun, hainbat aldizkari espezializatutako arte zuzendaria da.

Aurtengo edizioan, hogeita zortzi proiektu jaso dituzte guztira. Batzordea Maria Ptqk arte-komisarioak eta kultur ikerlariak, Garazi Ansa EHUko Artearen Historiako irakasleak eta Luis M. Pascual Monterhermoso Kulturuneko Zuzendaritzako kideak osatu dute.