Tabakoaren erre usaina

Tabakoaren erre usaina https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tabakoaren-erre-usaina/@@download/image/59p37-3.jpg
2006/01/06
elkarrizketa
Olaia Mondragon
Tabakoaren erre usaina
Urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da indarrean Espainiako kongresuak urriaren 26an onartu zuen tabakoaren aurkako lege berria. Legeak eraginda, garai gogorrak datoz erretzaile gazteentzat.

Hala, ezin izango da erre ez lantokietan, ez osasun eta hezkuntza zentroetan, ez garraio publikoan nahiz geltokietan, ez kirol instalazioetan, ez kultur etxeetan, ez eta hainbat taberna eta diskotekatan ere, besteak beste. Horretaz gain, debekatua egongo da tabakoaren publizitatea egitea.

Gazte erretzaileen egoera bereziki zaila izango da legea indarrean jartzen denetik aurrera; izan ere, tabakoa erretzeko legezko adina, orain arte 16 urtetan zegoena, 18 urte izatera pasatuko da.

Ikastetxe eta lantokietan zer?

Lantokietan guztiz debekatua egongo da erretzea. Ez da erretzaileentzako gune berezirik jarriko, eta kalera irtetea izango da erretzeko aukera bakarra.

Unibertsitate, institutu eta gainerako hezkuntza zentroetan ere ezin izango da erre. Lantokietan ez bezala, ikastetxeek aire zabalean izan ditzaketen eremuetara ere zabaltzen da erretzeko debekua, kafetegiak eta jangelak barne.

Orain arte, erretzaileen guneak izan dira institutuko patioa, unibertsitateko lorategiak, eta kafetegia, batez ere. Halaber, tabakoaren kea ohikoa izaten da irakasleek bileretarako erabiltzen dituzten gela eta bulegoetan.

Legearen arabera, hezkuntza zentroaren parte dira toki horiek guztiak, eta, horrenbestez, hemendik aurrera debekatua egongo da horietan erretzea. Beraz, ikasle eta irakasle guztiek txirrina jo arte itxaron beharko dute zigarroa pizteko.

Eta unibertsitatea?   

Euskal Herriko Unibertsitatearen kasuan, lantalde berezi bat sortu da, lege horren aurrean unibertsitateak hartu beharko dituen neurriak adosteko. Talde horretan, sindikatuek, langileek, ikasleek eta osasunaren profesionalek parte hartu dute.

Lantalde berezi honen lana ondorengoa izan da: Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait campusen egoera aztertuta, eta legea kontuan izanda, unibertsitateko kide guztiei zein neurri aplika dakizkiekeen adostea. Azaroaren amaieran bukatu zuten lan hori, eta unibertsitateko gerentziari aurkeztu diote lana, beharrezkoak diren neurriak har ditzan.

Aisialdia eta festa

Parranda egiterakoan ere, zailtasunak izango dituzte erretzaile gazteek. Tabernen kasuan, 100 metro koadro baino gutxiagoko lokaletan, tabernako jabearen erabakia izango da bertan erretzea baimentzen duen edo ez.

Aldiz, 100 metro koadro baino handiagoak diren lokaletan —alegia, jatetxeetan, dantzalekuetan, zinemetan, antzokietan edota beste edozein ikuskizun aretotan—, erretzaileentzako gune bereziak prestatu beharko dira.

Bat ala beste izan, 18 urte baino gutxiago duten gazteek, ezingo dute sartu erretzea baimentzen duten taberna edo guneetan. Eskerrak, herriko jaietan, txosnak kalean jartzen diren, eta lege berriak ez duen oraindik horien kontrako ezer agindu!

Ipar Euskal Herrian, berdin

Antza denez, laster egoera antzekoa izango da Ipar Euskal Herrian. Orain arte, Evin izeneko legea egon da indarrean Frantzian. Lege horren arabera, erretzaileentzako eta ez-erretzaileentzako gune bereiziak izan behar dituzte taberna, jatetxe eta gainerako espazio publikoek.

Den den, neurri hori ez zaio nahikoa iruditzen UMPko —Frantziako gobernuko alderdiko— Yves Bur diputatuari, eta, urte bukaera baino lehen, espazio publikoetan erretzea debekatzen duen lege berria aurkeztuko du. Jadanik, indarrean daude antzeko legeak Europar Batasuneko beste bost herrialdetan: Irlandan, Italian, Norvegian, Maltan eta Suedian.

Arau-hausteak eta isunak

Legea betetzen ez dutenak isun batekin zigortuko dituzte. Lehen aldiz behar ez den tokian erretzen harrapatuz gero, 30 euroko isuna ordaindu beharko du erretzaileak. 18 urteko edo gutxiagoko gaztea baldin bada, haren gurasoek egin beharko diote aurre isunari. Erretzailearen jokabide hori errepikatuz gero, isuna 600 eurokoa izatera irits daiteke.

Arau-hauste larrietan —adibidez, legez debekatua dagoen lekuetan erretzen baimentzea edo zigarroak banaka saltzea—, isuna 600 eta 10.000 euro bitartekoa izango da.a. Tabakoaren publizitatea egitea eta adingabeei tabakoa saltzea, arau-hausterik larrienak izango dira. Bi horiek 10.000 euro eta milioi bat euro bitarteko isuna jasoko dute.

Eta terapiak zer?

Erretzeari uzteko, mirari asko ikus daitezke telebistako iragarkietan: partxeak, liburuak, talde terapia, hipnosia, txikle eta gozokiak… baina, gobernuak emandako datuen arabera, erretzeari uztea lortzen dutenen %80k bere merituaz eta borondate indarrez lortzen du. Horrenbestez, Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dute terapia horiek bultzatzeko dirulaguntzarik emango; beraren esanetan, ez dago terapia horiei buruzko froga zientifikorik.

Datu horien kontra, Errioxako unibertsitateak egindako ikerketa aipa daiteke. Ikerketaren arabera, zientifikoki frogatuta gelditu da terapia horien eraginkortasuna, animaliekin egindako ikerketen bitartez, eta baita beste herrialde batzuetako esperientzia ikusirik ere. Hala ere, Espainian eta Frantzian, botika eta terapia horiek ez daude jendearen artean hedaturik, gobernuen dirulaguntza-falta dela eta.

Nafarroa, salbuespen

Salbuespen bakarra Nafarroa da, hango gobernuak finantzatzen baititu neurri horiek. Horretaz gain, hauxe proposatzen du ikerketa horrek: tabako kutxatila bakoitzaren prezioa 20 zentimo igoz gero, gobernu autonomikoek guztira 515 miloi euro gehiago jasoko lukete urtean, eta diru horrekin, 2,5 milioi erretzaileren terapia finantzatu daiteke, osasunaren gastua gehitu gabe, eta ez-erretzaileen zergak handitu gabe.

Momentuz, gobernuek ez dute horrelako neurririk aurreikusten, eta, haiek diotenez, erretzeari uztea lortzen dutenek tabakoa erosten gastatzen ez duten diruarekin ordaindu liteke terapia; izan ere, urtean 800 eta 900 euro bitartean gastatzen ditu erretzaile batek tabakoa erosten.

Hala eta guztiz ere, enpresa eta erakunde askok aurreikusten dute horrelako terapia, eta ikastaroak doan egitea; esaterako, Euskal Herriko Unibertsitatean. Orain arte, tabakoa uzteko laguntza eskaini diete langileei, eta, lege berriak sor dezakeen egonezina ikusirik, laguntza hori ikasleei ere zabaltzea aurreikusten du.

Eraginkorra izango ote?

Oraindik ikusteko dago legearen eraginkortasuna nolakoa izango den, baina, momentuz, urtarriletik hona %4 murriztu da tabakoaren salmenta Espainian. Euskal Herrian, murriztu ordez, %0,3 gehitu da. Adituen esanetan, tabakoa erosteko Biriatuko muga pasatzen dutenei zor zaio neurri handi batean datu hori.

Nafarroan, erretzaile gehiago



Eustat-en datuen arabera, 2002. urtean, 16 eta 24 urte bitarteko gazteen  %28,6 erretzailea zen Euskal Autonomia Erkidegoan, 1997an baino %4,2 gutxiago. Datu hori sexuaren arabera aztertuz gero, ikus daiteke oso alde txikia dagoela emakumezko eta gizonezkoen artean. Izan ere, gizonezkoetan %29,2k erretzen du, eta emakumezkoetan, aldiz, % 28,1ek.Nafarroan, gazteen artean tabakoa kontsumitzeko joera nabarmenagoa da. Izan ere, 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean %41ak erretzen du, eta ia ez dago alderik sexuen artean.

Datu hauek kezkagarriak dira beste estatu batzuetako estatistikekin parekatuz gero. Esaterako, Kanadan 16 eta 19 urte bitarteko erretzaileak populazioaren %19 dira, eta Nafarroan, aldiz, adin tarte honetan populazioaren %38k erretzen du. Kopurua %43ra igotzen da 20 eta 24 urteko adin tartea aztertuz gero (Kanadan, %31). Beste era batera esanda, 75.000 erretzaile gazte baino gehiago daude Hego Euskal Herrian.

"Ezin dugu poliziek bezala jardun"



Zarauzko Marmol Malecom tabernako jabeetako bat da Iraia Arana. Giro handiko taberna da; izan ere, Zarauzko hondartzako malekoian bertan dago. Egunez, kafea hartzera, kartetan edo xakean jolastera, eta batez ere, hondartzako bistez gozatzera hurbiltzen da jendea. Gauean, aldiz, festarako prestatzen da taberna, eta giro gaztea nagusitzen da bertan. Iraiak kontatu digunez, "Gure tabernak guztira 114 metro koadro ditu, baina komunak, biltokia, eta abar kenduta, 80 metro koadro geratzen dira jendearentzat. Lege horren arabera, 100 metro koadro baino gehiago dituzten tabernek espazioaren %30 erretzaileentzat prestatu behar dute, eta horrek eskatzen duen lanen kostuari aurre egin behar diete tabernariek. Guk ez dugu arazorik, aukeratu egin baitezakegu ea erretzea baimentzen dugun ala ez. Dudarik gabe, erretzea baimenduko dugu. Iruditzen zait, adin batetik aurrera, bakoitzak bere buruarekin nahi duena egiteko eskubidea duela; geure buruaren jabe gara, eta norbera besterik ez da sartu behar erabaki horietan".

"Gezur bat gehiago"
Izan ere, tabernari askoren ikuspuntua da Iraiak aipatzen duena; gainera, beren tabernan erretzea debekatzea askoz ere zailagoa da tabernarientzat. "Erretzea debekatuz gero, tabernariak ezin du kontrolatu ea zer egiten duten bezero guztiek. Ondorioz, legea betetzen dela kontrolatzeko modu bakarra da tabernariak berak polizia-papera egitea. Horixe besterik ez zitzaigun falta!".

Lege berria ez da tabernarien gustukoa; izan ere, beren lana zaildu egiten du kasu askotan, oztopo asko jarriz, baina laguntzarik eman gabe. "Lege berria gezur bat gehiago besterik ez zait iruditzen. Denok dakigu tabakoa txarra dela, eta, gobernuak horren kontra zerbait egin nahi izanez gero, debekatu egin beharko lukeela uste dut, beste gauza askorekin egiten duen bezala. Baina atzetik interes ekonomikoak daude; izan ere, zerga berezien bidez, estatuak diru asko jasotzen du tabakoaren salmentatik. Orain dela gutxi, denok ikusi dugu nola igo dituzten tabakoaren eta alkoholaren gaineko zergak, osasuna finantzatzeko. Hau da, esan genezake gure medikamentu eta erietxeak bi drogen bidez finantzatuak daudela".

Ia arnasa hartu gabe, aurrera jarraitu du Iraiak: "Legeak haiek egiten dituzte, baina, kasu honetan, tabernariak dira lege berri horren kaltetu bakarrak. Berriztapen-lanei aurre egin behar diegu gobernutik inolako dirulaguntzarik jaso gabe, eta, bien bitartean, haiek poltsikoak betetzen jarraitzen dute, beren azpijokoarekin. Baina ekonomikoa ez da kalte bakarra izango; nire ustez, lege berri horrek gauza asko aldatuko ditu gure festa giroan".

“Erretzaile asko ez dira errealitateaz jabetzen"



Unai Maizkurrena 23 urteko gazte baztandarra osasuntsu bizitzen ahalegintzen da. Ia egunero kirola egiten du, janaria zaintzen du, eta parrandan ateratzen den arren, neurrian ibiltzea gustatzen zaio.Unairen ustez, Espainiako Gobernuak tabakoaren kontra hartutako neurriak egokiak dira, eta horrexegatik, arraro egiten zaio erretzaileak legearekin hainbeste haserretu izana: "Ez dut ulertzen erretzaile askoren jarrera. Badirudi erretzaile asko ez direla jabetzen tabakoak zer nolako kalteak eragin ditzakeen beraien inguruko ez-erretzaileengan. Leku publiko batean erretzen duenak, jakin behar du bere ke hori kalte egiten ari zaiola ondokoari, eta erretzaile pasibo askok osasun arazo larriak izan ditzaketela zuzenean zigarro bat bera erre gabe. Hori ulertzen ez duena, oker dabil".

Errespetu kontua
Gai honetaz behin baino gehiagotan mintzatu dela antzematen zaio Unairi; izan ere, zalantza askorik gabe erabiltzen ditu kontzeptu asko: "Nire lagun asko erretzaileak dira, eta askotan mintzatu gara honetaz. Hemen eskubideak eta bakoitzak nahi duena egiteko askatasuna aipatzen dira, eta nik ez diot ukatu inorri tabakoa erretzeko eskubidea, edo beste edozein droga hartzeko. Baina nik aitortzen diodan bezala, erretzaileak aitortu behar du ez duela niri kalte egiteko eskubiderik. Errespetu kontua da, azken batean".

Dena den, oro har tabakoaren kontrako legearekin ados egon arren, Unaik Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu du: "Alkohola eta tabakoaren bitartez jasotzen dituen zergekin, gobernuak diru mordoa eskuratzen du urtero. Dirutza hori erretzaileei terapiak ordaintzeko balia daiteke. Bestela zer egin behar da? Tabakoak hil egiten duela aldarrikatu, eta diru hori ejerzitoari eman?".

Horrez gain, txikienengana jotzea leporatzen dio Unaik gobernuari: "Zergatik ez du tabakoaren multinazionaletara jotzen? Zergatik ez da legez debekatzen, tabakoari alkitrana bezalako osagai kaltegarriak botatzea? Azken finean, tabakoak minbizia eragiten duten hainbeste substantzi baditu, horiek debekatzea da lehen pausoa. Baina gobernuak ez du ausardiarik korporazio handien kontra jotzeko, eta hori da paradoxa harrigarriena".

Baina, beteko al da legea? Taberna txikien jabeek, esaterako, posible izango al dute erretzaile eta ez-erretzaileen artean sor daitezkeen tentsio uneak baretzea? "Egia esan, zaila ikusten dut. Tabernari askok oso gaizki pasatuko dute, eta ikusiko da. Euskal Herrian oso errotuta dago tabakoaren kultura", dio Unaik.