Sukaldean erabili daitezkeen gatz motak

Sukaldean erabili daitezkeen gatz motak Ez dakizu zein den erabiltzen duzun gatza? Ikasi bereizten eta gozatu! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sukaldean-erabili-daitezkeen-gatz-motak/@@download/image/sale-940x625.jpg
2020/08/06
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Ez dakizu zein den erabiltzen duzun gatza? Ikasi bereizten eta gozatu!
Sukaldean erabili daitezkeen gatz motak

Kozinatzerakoan ezinbestekoa den elementua dugu gatza; janariaren zaporea aberasteko historian erabilitako elementurik zaharrena da, eta bere kontsumoa murriztea gomendatzen bada ere, harribitxi zuri honek ematen die bizia elikagaiei. 

Gatzak sekulako garrantzia izan du historian zehar, eta ordain txanpona ere izan da; hori bakarrik ez, eta elikagaiak mantentzeko ezinbesteko elementua ere izan da, eta baita sendagai moduan ere. Egun, Munduaren Osasun Erakundeak dio egunean ez ditugula 5 gramo gatz baino gehiago kontsumitu behar, eta hori ez da betetzen erraza kanpoan jaten dugunean. Baina, eta etxean? Nolakoa da egunero erabiltzen duzuen gatza? Badakizu gatz motak bereizten eta horiei erabilerarik egokiena ematen?

  • MAHAIKO GATZA: Guztirako erabiltzen den gatza da, mahai gainean topatzen dugun hori. Ez du inolako 'glamour'-ik; fina eta zuria da, eta merke erosi daiteke supermerkatuetan. Normalean itsasoko gatza izaten da.
  • ITSASOKO GATZA: Aurrekoa multzo honetan sartu daiteke paketeak datu gehiago eskaintzen ez baditu. Dena den, itsasoko gatz mota ugari aurkitu daitezke, lodiagoak, naturalagoak... hauek haragi edo arrain erreetan erabiltzen dira.
  • IODATUTAKO GATZA: Lehen mahai guztietan aurkitu zitekeen gatza zen; aurrekoen berdina zen, baina iodoa gehitzen zioten, garai batean iodo eskasi handia zegoelako, eta batez ere emakumeek pairatzen zuten gabezia hori. 
  • SODIO GUTXIKO GATZA: Kloruro sodikoaren ordez kloruro potasikoa duten gatzak dira, eta hipertentsioa dutenei zuzendutako gatzak dira. Gatzik gabe edo gutxirekin jan nahi dutenentzat aukera egokiena da.
  • GATZ LODIA: Rustikoa dirudien gatz hau labean kozinatutako plateretan erabiltzen da, batez ere haragi eta arrainetan, adibidez izokinarekin edo entrekotarekin. 
  • MALDON GATZA edo ESKAMAZKOA: Eskamen itxura duen gatz mota hau Maldon Salt Companyk jarri zuen modan Ingalaterran, 1882an. Ez du kozinatzeko balio; aldiz, primeran doakie kozinatu ondorengo haragi, arrain, barazki eta baita postreei ere.
  • LORE GATZA: Fleur de sel frantsesetik datorren gatz mota hau oso modan dago, eta garestienetakoa da. Zaila da eskuratzen, ia soilik Bretainiako landetan ekoiztu daiteke. Goi sukaldaritzan erabiltzen da, plater mota guztietan. Baliotsuenak Guerande-ko gatz grisa eta Ibizako lore gatza dira.
  • KOSHER GATZA: Asko erabiltzen dute AEBetan. Lodia da, eta kopuru txikietan erabiltzea gomendatzen da; edozein plateretan erabili daiteke.
  • HIMALAIAKO GATZA EDO ARROSA: Hau ere oso modan jarri da azkenaldian, baina ez du sendatzeko gaitasunik, kondairek ala dioten arren. Pakistango gatza da berez, eta arrosa kolorea naturala du. Zaporea ez da oso indartsua, edozein plateretan erabili daiteke.
  • HAWAIIKO GATZ BELTZA: Molokai irlatik datorren gatz hau ikatz begetaletik ateratzen da, eta horregatik hartzen du beltz kolorea. Dekoratzeko oso egokia da, eta haragi zein arrainetan ezin hobea.
  • KALA NAMAK GATZA: Indiako gatz marroi hau sufretik ateratzen da, eta horregatik arrautzen zaporea dauka. Indiako sukaldaritzan ezinbestekoa.