Doluaren alderdi pertsonal eta kolektiboa lantzen duen 'Dolu(s)min' diskoa kaleratu du Ilargik
Ilargi musikari lezoarrak pop eta pop-rock giroko Dolu(s)min diskoa argitaratu du, Mikel Arrizabalaga aitaren heriotzaren esperientzia oinarri hartuta. Minaren eta galeraren inguruko hainbat testigantza eta bizipen bildu ditu elkarrizketen bidez, eta hortik sortu du dolua eta haren inguruko bizipenak islatzen dituen diskoa. Ilargiren hitzetan, diskoa "bizipenak, emozioak eta sostengua uztartzen dituen lan kontzeptuala da, dolua eta haren inguruko bizipenak modu zabal eta partekatuan jorratzen dituena. Doluari buruzko ikuspegi artistiko eta sozial zabala proposatzen du, norberaren esperientzia eta kolektiboarena lotuz".
Diskoaren helburu nagusia doluari eta dolu mota ezberdinei ikusgarritasuna ematea da, prozesua kolektibizatu eta tabuarekin amaitzeko. "Dolua bizi duten pertsonen bizipen errealetara hurbiltzen da, ikuspegi artistiko eta sozial batetik", azaldu du musikariak.
Zortzi kantez eta Juan Ramon Makuso poetaren hiru poemez osatutako diskoa da, eta hiru ataletan banatuta dago. Atal bakoitza poema batekin hasten da, eta hirurek abestiekin paraleloan garatzen den istorioa sortzen dute. Disko fisikoan soilik entzun daitezke ordea: “Gaur egun bizi dugun streaming garaian, ez nuen poesia algoritmo artean galduta geratzerik nahi. Diskoan duen pisua eta balioa eman nahi nion. Gainera, oraindik euskarri fisikoa erabili eta diskoa goitik behera entzuteko tartea hartzen duen entzule horri ere opari berezi bat egin nahi nion.”

Lehen atalean, hiru dolu mota landu ditu: Krak kantua, Ilargiren doluan oinarritua; Amets, dolu perinatala; eta Hil artean bizi, minbiziak eragiten dituen doluak. Bigarren atalean, doluan sortzen diren egoera emozionalak jorratu ditu: Estali abestian, negar egiteko beldurrak eragindako mina; Epai, jasotzen ditugun eta geure buruari egiten dizkiogun epaien presioa; Jaizkibel, ahaztearen beldurra eta gogoratzeko beharra. Hirugarren atalean, berriz, bi kantu daude: Itsasargia argitan, kuadrillari eskainitakoa, eta Elkar Korapilo, babesleku bihurtzen den maitasunari buruzkoa.
Ilargik hainbat lagun izan ditu ondoan lan honetan: Ines Osinaga eta Marina Landa abesten, eta hitzartzean Eba eta Elenita. Amets abestian, Hegoa Arenasek parte hartu du eta Itsasargia Argitan kantan, Ilargiren kuadrillakoek.

Bestetik, grabazioan aritu dira Mikel Zubiria (bateria), Manu Moro (gitarra), Haritz Harreguy (ekoizpena, grabaketa eta nahasketa) eta Víctor García (masterizazioa, Ultramarinos) ere. Diseinu grafikoaren alorrean, argazkiak Ibai Arrietak egin ditu eta muntaia eta diseinua, berriz, Aritz Aranburuk.
Disko honekin batera sortu da egindako elkarrizketekin osatutako doluaren inguruko saioa: Dolum(u)inak. GAZTEZULOrekin elkarlanean zabaltzen ari da, gure webgune honetan bertan eta sare sozialetan.
Aurkezpena abenduaren 13an
Proiektua abenduaren 13an, aita zenaren urtebetetze egunean, aurkeztuko du Ilargik, Lezoko Gezala Auditoriumean. Diskoaren unibertso artistikoa eta emozionala partekatuko du bertan, eta omenaldi bat egingo diote aitari. Lezoko Sutargi abesbatza, gertuko jendea eta klun bat izango dira bertan, besteak beste: "Oso egun berezia da niretzat. Zalantzak nituen, ez delako ikuspegi komertzialetik data onena, baina sentitzen nuen egun horretan egin behar nuela, nire aitaren urtebetetze egunean. Eta nola ez, omenaldi bat ere egin nahi nion, berak emandako maitasunak bultzatzen nauelako egiten ari naizen guztia egitera. Proiektu hau neurri batean hori eskertzeko modu bat ere bada".
Diskoa Bandcamp orrialdean eros daiteke, eta Durangoko Azokan ere izango da aukera, Musika Plazako 028 standean. Plateruenan ere joko du abenduaren 7an, 13:20an.
