Striptease teraupetikoa

Striptease teraupetikoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/striptease-teraupetikoa/@@download/image/58p13-1_1366317880.jpg
2005/12/02
erreportajea
Striptease teraupetikoa
Barreterapia, terapia gestaltikoa… badirudi, azken aldian, boladan daudela hainbat terapia mota. Horien artean, Euskal Herrian gero eta gehiago entzuten den terapia bat dago: striptease terapeutikoa, hain zuzen. Sekula pentsatu al duzu arropak kentzeak osagai terapeutikoak izan ditzakeela? 

Terapia honek stripter-en esperientzietatik zer ikasi handia dugula erakutsi nahi du. Zirraragarria izan daiteke frogatzea, zein bizipen izaten diren jendeari sentsualki begiratzerakoan, arropak kentzerakoan, edota gorputza mugimendu beroez kulunkatzerakoan.

Terapia honek ez du helburu bakarra izaten, pertsona bakoitzak jartzen baitizkio helburuak terapiari. Hala, striptease terapeutikora gerturatzen diren guztiek beren helburuak izan ditzakete: biluztearen lotsa lantzea, jendaurrean sentsualki dantzatzeko beldurra uxatzea, gorputza ferekatzeko zenbait teknika ikastea…

Sentsualitatea

Arropak egunero kentzen ditugu, eta, gehienetan, ez diogu inolako arreta berezirik jartzen eguneroko ekintza horri. Biluztea sentsualki egiten dugunean, ordea, arropak kentze hutsetik stripteasea egitera pasatzen gara. Sentsualitatea da, beraz, stripteasearen gako garrantzitsuenetariko bat.

Guztion barnean dago sentsualitatea; polita izan daiteke norberaren sentsualitatearekin harremanetan jarri, eta bizipen hori gozatzea. Horretarako, sentsual sentitzean bizi ditzakegun sentsazioak ezagutzen ikasi behar dugu, nahi dugun unean sentitu ahal izateko. Hasteko, takoidun zapatak janzteak eragindako gorputz-zirrarak, sentsazio horretara gerturatzen lagundu diezaioke hainbati.

Guztiok ahal dugu

Guztiok daukagu sentsual sentitzeko gaitasuna, baina, oro har, ez dugu ohiturarik sentsualtasun hori bizitzeko eta lantzeko. Guregan dugun sentsualitate horrekiko loturak, eta lotura horrekiko kontzientzia areagotzeak, eskenatoki berri eta interesgarri batean jar gaitzake, zalantzarik gabe.

Gehienetan, ibileraren bitartez azalarazten dugu gure barne-egoera: era bateko edo besteko ibilerak izaten ditugu haserre, triste, harro edo pozik gaudenean (batzutan burua tente, besteetan lurrera begira, bularrak puzturik ditugula, edo sorbalda eroria dugula).

Sentsual sentitzen garenean, ordea, nolako ibilera izaten dugu? Barnealdea sentsual sentitzen denean, ibilera ere sentsuala izaten da. Sentsualitate mota asko dago, pertsonak bezainbeste ibilera sentsual baitaude munduan.

Gorputza lantzen

Striptease ikastaro terapeutiko honetan, sentsualitatea pizteko hainbat trikimailu erakusten dira. Gorputza orokortasunean lantzeaz gain (hainbat ibilera onartzea, horien edertasuna mirestea, gorputzaren mugimendu-gaitasunak, eta abar), gorputz atal zehatz batzuk aktibatzeko ariketak lantzen dira. Hala nola:

-Gerria edo pelbisaren gunea.
Energia sexuala biltzen den lekua da gune hori, eta, egia esan, euskal kulturako harreman eta dantzak zorrotzak eta zuzenak izateak, ez du gerriaren mugimenduan gehiegi laguntzen. Hori dela eta, arreta berezia eskaintzen zaio gerrialdeari, zenbait ariketaren bitartez mokorra askatu eta ibilbide libreak egin ditzan laguntzeko.

-Beso eta eskuak:
Mugimendu leunen eta bortitzen kontrasteek striptease bizi baterako aukera ematen dute: gorputza laztantzeko edo ferekatzeko, mugimendu leunen erabilera goxoa; arropa kentzeko edo musika-erritmoak markatzeko, mugimendu bortitzen zipristinak.

-Gorputza etzanda:
Sugearen gisara, lurrean etzanda, gorputzarekin lurra laztanduz, edo, katu mimoso eta txeratsuen modura, lau hankatan ondokoa gorputzarekin igurtziz. Lurrak ematen dituen aukerak aprobetxa ditzakegu, lurrak gorputza laztantzeko, edo gorputzak lurra sentitzeko duen ahalmena erabiliz.

-Hankekin jolasean:
Askotan, ez gara ohartzen hankek sentsualitatea izan dezaketela. Etzanda gaudenean, hankak gorputz-enborraren pisutik aske gelditzen direnez, aukera ona izan daiteke hankak airean jarri, eta horiekin jolasteko: ukituz, tolestuz, zabalduz, eta abar.

-Makurtzea eta zutitzea:
Zutik edo etzanda gaudenean egiten ditugun mugimenduak sentsualak dira, baina mugimendu batetik bestera pasatzeko erabiltzen ditugun tarteak ere, erotiko bilaka daitezke. Hori errazten duten trikimailu txiki batzuk ere ikas daitezke. Poliki-poliki mugimendu sentsualez jaisten joan, eta, lehenengo, hanka bat tolestu; ondoren… ez da komeni dena kontatzea!

Erakargunea

Agian, behin baino gehiagotan probatuko zenituen dantzaldiko erakargunea zeu zareneko sentsazioaren bizipenak. Halere, geldiune bat egin, eta interesgarria suerta dakizuke bizipen horiek aztertzea.

Horrelako egoeretan, gehiago kostatzen zaigu geure barnearekin konektatzea, besteek zer pentsatuko duten edo nola epaituko gaituzten beldurrak eraginda. Barnealdea sentsual sentitu arren, guztien arreta geuregana zuzentzen denean, sentsazioekin bat egitea gehiago kosta dakiguke. Esperientzia horietan sortzen diren blokeoak lantzeak, bizitzan antzeko egoeretan ere lagundu gaitzake.
Entrenamenduari esker, momentu horietan guk nahi ditugun sentsazioak bizi eta azaleratzeko gaitasuna lor dezakegu, begiratzen gaituztenek baldintzatu gabe.

Stripteasea, neuretzat

Gorputz atalen sentsualitatea, ibilera sentsuala, erakargune izatea, muga psikologikoak zirikatzea… horiek baino gauza gehiagok osatzen dute striptease terapeutikoa; ez da gutxi bertan landu eta ikas daitekeena. Bizitza osorako balio dezakeen ezagutza izan daiteke guregan lotan dagoen sentsualitatea esnatzea. Gogora ezazu: stripteasea norberarentzat egiten den saio bat da, eta bakoitzak erabakiko du bere sentsualitatea beste batekin, edo beste batzuekin partekatu edo ez.