Euskal Herriko gazteen ahotsa bilduko duen 'Eta zuk?' ikus-entzunezko proiektua abian da
BADA gazte komunikabideak eta GAZTEZULOk Eta zuk? proiektua jarri dugu martxan, Euskal Herriko gazteen ahotsa biltzen duen ikus-entzunezko proiektua.
Proiektuaren helburu nagusia Euskal Herriko zazpi lurraldeetako gazteen ikuspuntua zabaltzea, mugaz gaindi bizi diren gazteen arteko harremanak estutzea, eta batak bestearekin dituen parekotasun eta ezberdintasunak ezagutzea da. Hala, hainbatetan sor daitekeen bi Euskal Herrien arteko banaketarekin amaitzea da asmoa.
Proiektua aurrera eramateko, lurralde bakoitzeko hiru herritako zenbait gazteren iritziak jasotzen ari gara. Gazte bakoitzak hamabi galdera erantzuten ditu, bakoitza gai ezberdin baten ingurukoa: laguntasuna, etxebizitza eta festa-eredua, besteak beste. Euskal Herriko hogeita bat herritako gazteek parte hartuko dute, errealitatearen ahalik eta ertz gehien jasotze aldera.
Lehen emaitza 2027ko urtarrilean iritsiko da BADA eta GAZTEZULOen sare sozialetara zein webgunera. Ondoren, abendura bitarte, bideo bana argitaratuko dugu hilabetez hilabete, eta bideo bakoitzak gai baten inguruko iritzi eta hausnarketak jasoko ditu. Hala, ikusleak, Euskal Herriko txoko ezberdinetako testuingurua ezagutzeko aukera izango du sare sozialen bidez.
POCTEFAren baitan kokatzen da ikus-entzunezko egitasmo hau. POCTEFA, Espainiako Estatuaren, Frantziako Estatuaren eta Andorraren arteko kooperazio proiektuak bultzatzen dituen programa europarra da. Testuinguru horretan, Euskal Herri osoko gazteen iritziak jasoko ditu jadanik ekoizten ari diren Eta zuk? euskarazko proiektuak.
