Emakumeak izango dira protagonista nagusiak Hernaniko Hariak zinema jaialdian

Emakumeak izango dira protagonista nagusiak Hernaniko Hariak zinema jaialdian Hamar dokumental plazaratuko dituzte, eta Afrikako oihalei buruzko erakusketa ere zabalduko dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakumeak-izango-dira-protagonista-nagusiak-hernaniko-hariak-zinema-jaialdian/@@download/image/HARIAK 2026 (2).jpeg
2026/10/29

Testua: Maitane Legarreta

Hamar dokumental plazaratuko dituzte, eta Afrikako oihalei buruzko erakusketa ere zabalduko dute.
Emakumeak izango dira protagonista nagusiak Hernaniko Hariak zinema jaialdian

Hernaniko Hariak zinemaldiaren bosgarren urteurrena izango da aurtengoa, eta azaroaren 5etik 15era izango da martxan Kulturarteko Plaza Feministan. "Munduan gertatzen diren errealitateak ikusarazten eta errealitate horien aurrean antolatzen diren erresistentziei ahotsa ematen" ahaleginduko dira edizio honetan ere.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "aurtengoan emakumeen izen propio asko izango dugu edizio honetan. Dokumental gehienek dituzte emakumeak protagonista. Izen propioak pantailara eramateko ariketa da aurtengo Hariak. Horrez gain, emakumeek komunitatea sortzeko duten ardurari buruz ariko gara, baita memoria jasotzeari buruz ere".

Bi aste iraungo ditu zinemaldiak, eta ostegunetik igandera, arratsaldero izango da hitzordua, 18:00etan. Larunbatetan bi hitzordu izango dira, goizeko saioa ere egingo baitute. Sarrera doakoa izango da saio guztietan. 

Lehenik, dokumentala emango dute eta, jarraian, gaian sakontzeko solasaldia izango da. Solasaldietan dokumentalen zuzendariek, protagonistek edota gonbidatutako adituek parte hartuko dute. Aurtengoan honako hauek izango dira, besteak beste: Lorea Flores, Greenpeace Euskadiko arduraduna; Lander Garro zuzendaria; Marra Junio ekintzaile antiarrazista; Celeste Aguero feminista antiarrazista argentinarra; Marguerite Ebou kulturarteko bitartekaria; Omaira Castellanos, Hernanin bizi den giza eskubideen defendatzaile kolonbiarra eta Safura Khawarazmi, emakume afganiarra. 

Droga, migrazioa, kolonialismoa, arrazakeria...

Azaroaren 5ean Euskal Herriko Hutsune handi bat dokumentala proiektatuko dute. Heroinak eta HIESak eragindako minaren memoria kolektiboa jaso dute. Egindako ikerketaren arabera, Urretxun eta Zumarragan 115 gaztetik gora hil ziren heroinaren eta bereziki HIESaren ondorioz. Anne Zufiaur ikertzailea eta Alex Areizaga zuzendaria izango dira ondorengo solasaldian.

Hurrengo egunean, azaroaren 6an, Keniako Cómo construir una biblioteca dokumentala emango dute. 1958ra arte zurientzako bakarrik zen liburutegi bat kulturgune bizi bihurtzea erabaki dute Nairobiko bi emakumek. Bidean, tokiko politikan nabigatu, berreraikuntzarako dirua bildu eta Keniako iragan kolonialaren mamuei aurre egin beharko diete. Mamadou Moustapha Ngom Dieng-rekin (Marra Junior), Euskal Herriko Mugimendu Panafrikarreko sortzaile eta kidearekin egingo dute solasaldia.

Euskal Herriko Sustraiak dokumentala ere plazaratuko dute. Adingabeak zirenean bere herrialdetik migratutako hiru gazteren istorioa da. Heldu baten laguntzarik gabe iritsi ziren Nafarroara, eta bertan eskalada eta mendia aurkitu dituzte, eta baita haien arazoak ahaztu ere. Luis Arrieta eta protagonistetako bat den Bachir izango dira Hernanin. 
 
Lutxi eta Zuhaitza pelikulak memoria politikoaren inguruko gogoeta egiten du, 1987an Guardia Zibilak tiroz hildako Luzia Urigoitia ETAko kidearen kasua abiapuntu hartuta. Fikzioa eta dokumentazioa uztartzen ditu. Lander Garro zuzendariak parte hartuko du solasaldian.
 
 
Afganistango Writing Hawa dokumentalean Hawa ezagutuko du ikus-entzuleak. Ezkontzera behartu zuten haurra zela, eta urte asko pasa eta gero, bizimodu independeteari ekin eta 52 urterekin irakurtzen eta idazten ikasiko du. Talibanak boterera itzultzean, bere ametsak, alaba eta bilobarenarekin batera, hautsi egingo dira, eta zailtasun berriei aurre egingo diete. Solasaldian Afganistango emakumeen egoeraz arituko dira, Safura Khwarazmirekin. 
 
Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke. 
 
Afrikako oihalei buruzko erakusketa

Jaialdiak irauten duen bitartean, Afrikako oihalei buruzko erakusketa ere izango da Kulturarteko Plaza Feministan. "Oihal horiek atzean dituzten hariak eta istorioak ikusarazi" nahi ditu erakusketa honek.