Stonewall, matxinada baten kronika

Stonewall, matxinada baten kronika https://www.gaztezulo.eus/albisteak/stonewall-matxinada-baten-kronika/@@download/image/gaztezulo_stone_1462784365.jpg
2009/06/05
erreportajea
Stonewalleko istiluak jazo zirenetik 40 urte beteko dira ekainaren 28an, Gay eta lesbianen Harrotasunaren Nazioarteko Egunean. Baina, zer da Stonewall? Zer gertatu zen? Zergatik du hainbesteko garrantzia? Zatozte gurekin bertan gertatutakoa ezagutzera.

1969ko ekainaren 28a, larunbata, 01:20. Kaleko jantzitako zazpi polizia eta uniformatutako beste bat Stonewall Inn pubera sartu dira, New Yorkeko Greenwich Village auzoan, Cristopher kaleko 53. zenbakian. Legez kanpoko alkohol salmenta ikertzeko baimena dakarte besapean. Dokumentua, baina, aitzakia besterik ez da. Benetako asmoa gay, bisexual eta transexualak jazartzea da, beste behin. Baina jarraitu aurretik, ezagutu dezagun garai hartako egoera.

Nazio paranoiko bat

Egun homofobiaren gaitza larria bada, 50eko eta 60ko hamarkadetan are okerragoa zen egoera, batez ere II. Mundu Gerra atzean utzi berri zuen AEBetan. Gobernuak lotsarik gabe adierazi zuen homosexualak ez zeudela burutik sano eta nazio segurtasunarentzako mehatxua zirela. 1950. urtean AEBen etsaien zerrenda beltzean sartu zituzten, komunistekin eta anarkistekin batera. FBI agentziak zerrenda osatu zuen homosexualak zirenekin edo izan zitezkeenekin; posta zerbitzuak haien helbideak eman zizkion FBIri; susmagarrien lagunak eta ingurukoak zelatatu zituzten; homosexualei sarrera debekatzen ez zieten tabernak itxi zituzten… Ondorengo datuok garbi erakusten digute orduko AEBak paranoiak jotako estatua zirela, orain baino areago: 1947tik 1950era funtzionario izateko 1.700 eskari baztertu zituzten, beste 420 susmagarrik postua galdu zuten eta armadatik 4.380 soldadu kaleratu zituzten; milaka lagun espetxeratu edo zoroetxetan sartu zituzten preso. Askok bizimodu bikoitza egitea beste erremediorik ez zuen, pribatutasuna isilpean mantenduz.

Borrokarako gay

Hainbat hipotesi zabaldu da matxinada piztu zuen txinpartari buruz: nekea, pilatutako amorrua… Gauza jakina da arrazoia ez zela tabernara sartze hutsa izan, sarekadak ohikoak baitziren. Arestian aipatu bezala, auzoko gay, bisexual eta transexualak jazartzea zen asmoa. Horretarako hainbat lagun identifikatu eta kalera atera zituzten atxilotzeko, eta 17 urteko gazte bati sekulako bultzada eman zioten polizia autoaren kontra. Gazteak polizietako bati muturreko bat emanez erantzun zion. Dozena bat agente gaztea gupida gabe jotzen hasi ziren eta hori ikusteak jendearen haserrea piztu zuen, Stonewalleko gertakariei hasiera emanez. Metxa piztu zen azkenean, eta handik gutxira kaleak hartu zituzten ehunka poliziek (400dik gora) egunak behar izan zituzten amorruak hartutako gay haiek guztiak mendean hartzeko. Polizia batzuek taberna batean aterpe hartu behar izan zuten, eta horrek erakusten du istiluen tamaina. Komunitateak auto-defentsa erakustaldi hura egiten zuten bitartean, askok auzoko ereserkia abesteari ekin zioten: We are the Stonewall Girls/ We wear our hair in curls/ We wear no underwear/ We show our pubic hair/ We wear our dungarees/ Above our nelly knees (Stonewall-eko neskatilak gara/ ilea kizkirtuta daramagu/ ez daramagu azpiko arroparik/ eta pubiseko ileak erakusten ditugu/ gure emakume belaunen gainetik).

Stonewallen ondarea

Gertakari haiek inflexio-puntua izan ziren gay, lesbo, trans eta bis komunitatearentzat, birsortze modukoa. Errepresioa pairatzen jarraitu arren, norberaren sexu joerak harrotasunez adierazteko momentua zela iritzita, New Yorkeko komunitateak batu eta Gay Askapenerako Mugimendua sortu zuten uztaila bukaeran: GLF (Gay Liberation Front). Erakundeak nazio izaera hartu zuen urtea amaitzerako, hiri eta unibertsitate gehienetan presentzia lortuz. Aurrerapausoaren arrakastak kutsatuta, handik gutxira antzeko talde ugari eratu ziren munduko hainbat lekutan: Kanadan, Frantzian, Ingalaterran, Belgikan, Australian…

Gay harrotasunaren eguna

Urtebete geroago, istiluen lehen urteurrenaren harira, GLF erakundeak manifestazioa antolatu zuen. 5.000-10.000 lagun batu ziren Greenwich Villagetik Central Parkerako bidea egiteko. Hori da, hain justu, ekainaren 28an ospatuko den Nazioarteko Gay eta Lesbianen Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren jatorria.

Istiluen epizentro izan zen tabernari dagokionez, han da oraindik. Hainbat gorabehera izan zituen: jabetza aldaketak, negozio aldaketak (zapata denda, jatetxe txinatarra…)… Itxita ere egon zen, bolada batez, 2007ko otsailean gaur egungo jabeak iritsi eta berezko izenaz (The Stonewall Inn) eta izanaz berriro zabaldu zuten arte.

Pantaila handian

Stonewalleko gertakariek ere, historiako handienek bezala, tokia izan dute zineman. Nigel Finch zuzendari ingelesak pantailaratu zituen gertaerak, 1995. urtean. Finch gertatutakoa eta haren eragina modu zintzoan azaltzen saiatu zen filmak irauten duen 99 minutuetan. Handik gutxira zendu zen. Beste asko bezala, hies gaitzak eraman zuen; gay komunitateari munduko edozein gobernuk baino kalte handiagoa egin dion gaitzak, jatorri eta helburu susmagarri bezain iluneko izurri gaiztoak.