Sorkun: “Bakarlari gisa presio handiagoa sentitzen dut”

Sorkun: “Bakarlari gisa presio handiagoa sentitzen dut” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sorkun-bakarlari-gisa-presio-handiagoa-sentitzen-dut/@@download/image/30p10-1_1369077108.jpg
2003/05/02
elkarrizketa
Rafa Cabeza
Sorkun: “Bakarlari gisa presio handiagoa sentitzen dut”
Sorkun-ek bakarkako lehen diskoa plazaratu zuen duela hilabete batzuk: "Onna". Kashbad bazterrean utzita, eta Fermin Muguruzaren bandarekin munduan barrena ibili eta gero, proiektu berrian buru belarri sartzeko astia izan du errenteriarrak. Lan sendo eta batzuek espero baino gogorragoa da "Onna". Diskoan eta zuzenekoetan, Gasteizko musikari talde baten laguntza du Sorkunek.

Kashbad-en azken kontzertuen ondoren, bakarkako diskoan pentsatzen hasi al zinen?
Kashbad bukatu baino lehen, Fermin Muguruzarekin nenbilen. Beraz, ez nuen inongo asmo berezirik, nahiz eta jendeak bakarkako bideari ekiteko asko animatu ninduen. Ferminen azken bira bukatu genuenean hasi nintzen horretan serio pentsatzen. Prozesu naturala izan da. Sekula ez zait musika uztea edo beste lan batean hastea burutik pasatu.

Zureak al dira letrak?

Bai, biretan idazten hasi nintzen.

Eta musika?

Musika era ezberdinetan landu dut. Adibidez, Ferminek loop elektroniko bat jarri zidan, eta nik horren gainetik kantatu nuen. Xabi Strubell-ek ere gitarrarekin lagundu dit... Beste abesti asko lokalean egin ditut, nire taldeko partaideekin. Kantu bakoitza mundu oso bat da.

Nola ezagutu zenituen taldeko musikariak?

Diskoa egitea erabaki nuenean, eta hitzak idatzita nituela, banekien norekin lan egin nahi nuen. Neu Bat-eko jendea, Iker Atom mood-ekoa eta abar nituen buruan: Gasteizen urtebete pasatxo eman nuen, eta orduz geroztik ezagutzen ditut.

Zu gipuzkoarra izanda, nola moldatu zinen Gasteizko taldearekin entseatzeko?

Hasieran, Kashbad, Fermin eta Xabi Strubell-ekin grabatutako materiala hartu eta Gasteiz aldera joan nintzen. Gasteizen, lau hilabetetan, egunero-egunero laupabost orduz aritu ginen lanean.

Taldekideek nola erantzun dute?

Oso ondo, lan egiteko gogo handia dute. Momentu txarretan beraiek eman didate behar nuen bultzada, zalantzak edo beldurra sortu zaizkidanean, mamuak ikusi ditudanean...

Lehen Kashbad-eko partaide zinen. Orain, bakarlari gisa, presio handiagoa sentitzen al duzu?

Bai. Hasieran nire izena karteletan eta bestelakoetan jartzeak errespetua ematen zidan, baina ondoren, argi ikusi nuen Sorkun izan behar nuela. Bakarlari gisa aritzea erabakitzen duzunetik, zuk erabaki behar duzu dena, zuk jasotzen dituzu kritikak, zuk antolatu behar duzu lana, zu zara taldearen erantzule... Taldeetan gauzak banatuagoa daude denen artean; hemen pisu osoa izen baten gainean dago.    

Ferminekin ezer gehiago egiteko asmoa al duzu?

Dena zehaztu gabe dago, hitz egin behar dugu, baina badugu bira bat egiteko asmoa.

Zer moduz hartu zintuzteten Japonian?

Oso ondo. Japoniako jendea oso esker onekoa da. Gainera, errepertorioa dantza egiteko aproposa zen eta asko gustatu zitzaien.

Diskoaren izenburua, Onna, japoniar hitza da, ezta?

Bai. Japonia oso ikusgarria da. Beste talde batzuekin bira egiten ari ginela, emakumeok alde batetik eta gizonezkoek bestetik joan behar genuen hoteletara. Musikari batzuek, nahiz eta ezkonduta egon, bananduta lo egin behar zuten. Japonian hori da ohitura. Emakumeekin igarotako ordu haietatik atera zen diskoaren izenburua, izan ere, onnak emetasuna esan nahi du.

Jendeak lan lasaiagoa espero zuen. Zergatik ote?

Ez dakit. Nik ez dut sekula esan disko lasaia aterako nuenik... Sustapenarekin hasitakoan konturatu nintzen horretaz, beti galdetzen baitzidaten "...eta zergatik disko hain gogorra?". Batzuetan egoera barregarria izan da: "Zer da makarrada hau?" galdetu zidatenean, esaterako. Ni oso harro nago egindako lanarekin.

Lehen kontzertua ondo gogoratuko duzu...

Zorabiatzeko modukoa izan zen! Hernanin, Etxerat-en alde, lehen kontzertua bakarlari gisa… Gainera, diskoa bi egun lehenago atera zen, batere sustapenik egin gabe. Dena dela, azkenean jende asko etorri zen eta arrakasta handia izan genuen.

Eta Kashbad-ekin egindako azken kontzertu horiek?

Oso hunkigarriak izan ziren. Lisabo-rekin egindako biratxoan, Karlos aritu zen gurekin baxulari, Gorka espetxean zegoen eta. Areto guztiak bete ziren. Oso giro ona izan genuen eta bi taldeen artean anaiarteko harremana sortu zen.

Kashbad-en "agurra" ala "gero arte"?

Horrela esan liteke; gero arte.

Proiektu berri honek noiz arte iraungo du?

Orain diskoa aurkeztea eta urtebetez jo eta su ibiltzea espero dugu. Negura arte. Aurrerago, denok eseri eta zer egin pentsatuko dugu: kantu berriak, beste proiektu bat... Batek daki.