Silicon Valley-eko langileen seme-alabek zergatik ikasten du pantailarik gabe?

San Frantzisko badiaren hegoaldean kokatzen den gunea da Silicon Valley, Palo Alton, Kalifornian (Estatu Batuak). Gunea teknologia digitaleko erraldoiekin lotu ohi da: Google, Apple eta Microsoft bezalako konpainiek bertan dituzte bulegoak eta bertako bizitza oso lotuta dago teknologiarekin, baina batzuetan zuk uste ez duzun moduan.
Hain justu, enpresa teknologikoetako gurasoak aplikazio eta dispositiboen abangoardia sortzen dabiltzan bitartean, euren seme-alabak pantailarik gabeko eskoletara joaten dira. Ez dute ez tabletik, ez mugikorrik ezta ordenagailurik ere, hain muturrekoak dira eskola hauek ez dutela kalkulagailurik ere! Horren ordez egurrezko abakoak dituzte.
Guru digital hauen seme-alaben pantailarik gabeko hezkuntza mota hau zinez da esanguratsua, eta hori horrela izan dadin 30 mila dolarreko matrikula ordaintzen dute urtean. Adibidez, Pierre Laurent Silicon Valley-en lan egiten duen ingeniari informatikoa da eta hiru seme-alaben aita. Berak dionez: “Ikaskuntza emozioen bidez lortzen da eta gizakiak dira emozioa sortzen dutenak ez makinak.”
Laurent-en arrazonamenduaren arabera ezinbestekoa da umeek lehendabizi zirkulu bat eskuz egiten ikastea, beregatik zirkulua egingo duen programa bat erabili aurretik. Ez dago robotika eta programazio tailerrik haur hauentzat, horren ordez baratzea, zurgintza eta eskuekin egiteko jarduera erabat analogikoak dituzte. Baina zergatik aldentzen dituzten euren haurrak mundu digitaletik teknologia sortzaileek?
Hipokrita dirudi hasiera batean, baina badu bere zentzua ere: app eta dispositiboak ez daude hezkuntza eta ezagutza bultzatzeko diseinatuak. Helburua erabiltzailea pantailari begira ahalik eta denbora gehien mantentzea da. Erabiltzaileak aplikazioan zenbat eta denbora gehiago igaro, iragarkiak osatzeko datu gehiago bildu daitezke. Horretarako diseinatzen dira aplikazioak, erabiltzaileak ahalik eta denbora gehiago igarotzeko bertan.
Bitxia badirudi ere, ekonomikoki pribilegiatuak diren haurrek igarotzen dute denbora gutxien pantailen aurrean: batez beste bi ordu (2017ko datuak). Aldiz, klase baxuko haurrek batez beste lau ordu igarotzen dituzte online. Estatu Batuetan biztanleria afroamerikar eta latinoak dira sarean denbora gehien igarotzen dutenak.
Ikerketa batzuk diotenez dispositibo digitalen erabilera goiztiarrak arreta arazoak eta ikasteko zailtasunak eragin ditzake. Estatu Batuetako Pediatren Elkarteak 2016an, 2 urtetik berakoak pantailetatik urrun mantentzea gomendatu zuten. Horretaz gain, 2 urtetik aurrera ere, haurren pantailen erabilera egunean bi ordutara mugatzeko aholkatze da, betiere, saiatuz ordu horietan ikusten duena kalitatezkoa eta hezigarria izatea.
Ikusi egin beharko da, urte batzuen buruan, pantailarik gabeko hezkuntza honek ematen dituen emaitzak. Dena den, interesgarria eta esanguratsua da ikustea nola gailu digitalak diseinatzen dituzten eta gure pribatutasunean arakatzen duten horiek direla euren haurrak, euren sorkuntzetatik aldetzenko ahaleginak egiten dituztenak.