Sexua Netflix garaian

Sexua Netflix garaian Gaur egungo telesailek eragina al dute gure sexualitatean? Jakin badakigu inguratzen gaituzten industria kultural guztiek, bizitzen ari garen jendarteari buruzko ikuspegia zizelkatzen digutela eta horrek nolabait eremu sexualean eragina du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexua-netflix-garaian/@@download/image/e6f65eeb-da25-4af4-b4dd-c693879a4307.jpeg
2019/01/24
erreportajea

Testua: Ibai Fresnedo
Hiruki Larroxa Kolektiboko kidea
@kolektiboa @etxetxo_arrosan

Gaur egungo telesailek eragina al dute gure sexualitatean? Jakin badakigu inguratzen gaituzten industria kultural guztiek, bizitzen ari garen jendarteari buruzko ikuspegia zizelkatzen digutela eta horrek nolabait eremu sexualean eragina du.
Sexua Netflix garaian

Azkenaldian egin diren ikerketa askok azaleratu duten bezala, telesailek zentzu honetan ideia berriak ematen dizkigute; jarrera sexualak, fantasiak, egoera kitzikagarriak edota jokabide probokatzaileak direla medio. Hau da, praktikara eramateko aprobetxa ditzakegun hamaika bide berri.

Jada espainiar estatuan soilik ikus-entzunezko plataformetara harpidetuta sei milioi pertsona daude. Ikus-entzunezko horiek gure eguneroko ohitura sexualez harago dauden aukera edota praktika sexual berriak –eta askotan ez hain berriak– ezagutzera ematen dituzte eta gure aniztasun sexualaren kontzeptua zabaltzen digute.

Honek, beste sexualitate batzuk aztertzen laguntzen digu, eta pertsonaiekin sentitzen dugun enpatiari esker, besteen inguruko tabuak eta aurreiritziak lurrera botatzeko parada eskaintzen digu.

Prostituzioa, intzestua, hirukoteak, orgiak, bondage eta abar. Games of Thrones telesailak telebistan inoiz ikusi ez diren moduan erakutsi dizkigu sexu-eszena ugariak. Esaterako, eszenarik gorenetariko bat –eta nire desiran oinarrituz, sentsualenetariko bat–, zalantzarik gabe, Loras-ek Renly-ri bularreko ilea kentzen dionean da. Aizue, homoerotismoa borborka! Ezin dugu ahaztu ere Dorne Erreinua; aho betean bisexuala. Edo hainbestetan ezbaian jarritako Yara Greyjoy pertsonaiaren pansexualitatea.


Politika eta sexua, gizakiaren –eta batez ere gizonen– pultsio sendoenetakoa adierazten duten txanpon bereko bi aurpegi dira; alegia boterearen bilaketa. Honi helduz, azpimarragarriena, Daenerys –Khaleesi lagunartean– erreginak izandako garapen sexuala da. Denboraldiz denboraldi, gizonen indarkeria politiko eta sexualaren aurrean, Dragoien Ama izate hutsetik, emakume indartsua eta sexualki boteretsua izatera pasatzen delako –ez beti; zortzi denboralditan patriarkatu krudelenari aurre egitea ez baita erraza!–. Esentzian, telesail honek Oscar Wilde idazlearen aipu famatu hura gauzatzen duelakoan nago: “Bizitzan dena da sexua, sexua bera izan ezik: sexua boterea da.”

Sexua eta politika uztartzen dituen beste telesail bat House of Cards da. Telesailak aurrera egin ahala, Frank Underwood pertsonaiaren sexualitateak gero eta zalantzagarriagoa dirudi. Eta justuki, hau da interesgarriena: zehaztugabetasuna. Inork ezingo lukeelako Underwood jauna homosexual edo bisexualtzat etiketatu. Ziur nago bere desioaren orientazioaren lausodura honek, gizon txuri eta heterosexual askori ikusmira piztu diola.

Bestetik, Elite daukagu. Argi dago Física y Química telesailaren bertsio moderno –eta sakon– honetan, harreman ez ohikoak eta ez normatiboak gailentzen direla. Bereziki, harreman eredu tradizionalaz aspertutako nerabeak agertzea oso interesgarria da; beste harreman eredu eta “perbertsio” batzuk ikustera gonbidatzen baikaitu. Horrela, sexualitate oker edota desbideratuaren ideiari buelta emanez.


Aipamen berezia merezi du ere Orange Is the New Black telesailak, Vause eta Chapman-en arteko harreman beroari esker, emakumezko ikusle askok beraien desiraren orientazioa birplanteatzea lortu baitu. Nahiz eta pertsonalki Nichols-e Morrello-ri egiten dizkion “cunnilingus”-ak suspergarriagoak iruditu.

Eta ideien faltan bazaudete, niretzako, harrigarriki telesailik interesgarriena, nolabait esatearren, Outlander da. Gainontzekoek aintzakotzat hartzen ez duten gai bati garrantzia ematen diolako: erotismoa. Telesail honek erotismoa bere esentzian balioan jartzen du. Berez, guda, klasea eta mito erromantiko estereotipatuak barnebiltzen dituen nahaspila hutsa da. Baina tramatik harantz, –txoko hau ez baita egokiena honetan sakontzeko– koitozentrismoaz harago ulertutako sexua lantzen dute, eta egun ideia hau helaraztea behar-beharrezkoa da oraindik ere. Gainerako telesailetan, logikoena zuzenean akziora pasatzea litzatekeenean, Outlander-en itxaronaldia poliki desegiten den karamelu baten gisakoa da. Plazera, tantaka eta oso modu neurtuan islatuta azaltzen da. Ez dago pelikula pornoetan entzun daitezkeen hasperen ozenik, baina ez dago hots faltarik ere. Oin korapilatuen eta ipurmasail uzkurtuen eszenak daude eta benetan atentzioa ematen duena: sexu praktikak haurdunaldian agertzen dira. Txapela kentzekoa benetan!


Azkenik, ezin ahaztu nire azkeneko aurkikuntza telesailen munduan; Wanderlust. 50ko hamarkadan murgildu berri den bikote baten gainbehera sexuala kontatzen digu, baina era harrigarrian. Ez du hain ohikoa den egoera hau miserian oinarritzen, berpiztean baizik. Protagonistak itxaropentsu azaltzen dira, eta urteetan zehar elkarrekin eraikitako harreman monogamo eta grisari, umorez eta kritikotasunez borrokatzen diote. Telesail gutxi ausartzen dira sexua seriotasun gazi-gozoarekin esploratzen eta are gutxiago 45 urte baino gehiagoko emakumezkoen sexualitatean oinarrituz. Soilik horregatik, Wanderlust telesailak errespetua merezi du.

Tira, argi dago gaur egungo streaming plataformetako eskaintzek bero-bero jartzeko balio digutela. Beharbada, telesailetako irudi esplizituetan pentsatzen, masturbaziorako tartetxoren eman dizuete jada. Beraz, jarraitu zuen zentzumen zentzudunez gozatzen; baina orgasmora iristen baldin bazarete, faborez, saia zaitezte zuen hasperen eta plazer-garrasi horien artean ‘Netflix’ ez esaten… ala bai! Ze demontre!