Ba al dakizu zergatik sortzen zaizun haurtxo bat estutu edo hari hozka egiteko gogoa?

Ba al dakizu zergatik sortzen zaizun haurtxo bat estutu edo hari hozka egiteko gogoa? ‘Cute aggresion’ edo ‘eraso samurra’ deitzen zaio psikologiaren alorrean eta emozioak erregulatzeko modua omen da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ba-al-dakizu-zergatik-sortzen-zaizun-haurtxo-bat-estutu-edo-hari-hozka-egiteko-gogoa/@@download/image/pexels-kpaukshtite-3242264.jpg
2025/07/15

Testua: Maitane Legarreta

‘Cute aggresion’ edo ‘eraso samurra’ deitzen zaio psikologiaren alorrean eta emozioak erregulatzeko modua omen da.
Ba al dakizu zergatik sortzen zaizun haurtxo bat estutu edo hari hozka egiteko gogoa?

Haur txiki bat, txakurkume bat edo katakume bat ikusi eta estutu, hozka egin edo hura jateko gogoa pizten bazaizu, lasai egon, ez baitu esan nahi buruko gaitzen bat duzunik. Emozioekin eta haien erregulazioarekin du zerikusia izatez.

Psikologian honela izendatu dute sentipen edo bizipen hori: “cute aggression” edo “eraso samurra”. Inolako kalterik eragiteko asmorik gabe, politak edo samurrak iruditzen zaizkizgun haurtxo, animalia edo gauzak estutu edo hozka egiteko premiari deitzen zaio horrela. Adierazpen positibo eta negatiboak ematen dira aldi berean, modu desantolatuan. Estutu edo hozka egiteko premiarekin batera, masailezurrak edo ukabila estutzea ere gerta daiteke. Helduen erdiek behintzat bizi izaten dute hau.

Antzeko erreakzioak dira hauek ere: poz betean garrasi egiten dugunean, pozez negar egiten dugunean edo negar egin behar genukeenean barre egiten dugunean.

Zergatik gertatzen da “eraso samurra”? Psikologian adituak direnek azaldu dutenez, burmuinak gaina hartutako emozio bizia orekatzeko duen modua da. Sentitutako samurtasun edo maitasuna hain handia izanik, kontrako emozioa sortzen da, gehiegizkoa den maitasuna kontrolatu ahal izateko. “Indarkeria” sentipen hori gu lasaitzeko mekanismoa da.

Konrad Lorenz psikologo alemaniarrak joan den mendean gizakiok katakume, txakurkume eta bestelako animalia eta gizaki txikien aurrean dugun erreakzioa ikertu zuen. Haur txikien ezaugarri fisikoek –begi handiek, sudur txikiak eta abar- haiek elikatzeko eta zaintzeko nahia pizten dutela adierazi zuen. Desira horrek ahulenak babestu eta belaunaldiz belaunaldi esperizie bizirik mantentzea eragin du.

Honekin batera, "eraso samurra" ikertu dutenek adierazi dutenaren arabera, sentitzen dugun maitasunak ere erregulazioa behar du, bestela ez baikenuke haurtxoak zaintzerik izango. Izan ere, umearen xarmari aurre egiteko ezintasuna sentituko bagenu, abandonatu egingo genuke eta espeziearen jarraipena arriskuan izango litzateke. “Eraso samurrari” esker, garuna lasaitu egiten da eta egoera kudeatzeko gai da.